AKTUALITATEA


| 2023-05-16 17:20:00

Klima aldaketak gure garapen ereduak birpentsatzera behartzen gaitu, baliabide naturalen erabilera arrazionalagoa izan dadin, eta gure inguruko ekosistemekin dugun harremana birpentsatzeko aukera ere ematen digu. Ildo horretatik, Izagirrek gogora ekarri du Donostiako Udalak larrialdi klimatikoaren egoera deklaratu zuela 2020an, besteak beste, hausnarketa sakona egiteko orain arte eraman den hiri ereduaren inguruan. Hala ere, praktikan, Goiak adierazpen hura kajoi batean sartu zuen, eta hartutako konpromisoak alde batera utzita gobernatzen jarraitu du. Antondegi eta Auditz-Akularreko makroproiektuak, besteak beste, horren lekuko dira.

Horiek horrela, Izagirrek adierazi du: «gero eta premiazkoagoa da trantsizio ekologikorako urrats sendoak ematea, baita udal mailan ere. Gehiago inbertitu behar da politika klimatikoetan, eta gutxiago makro proiektuetan». Baina ohartarazi du trantsizio ekologikoari ezin zaiola aurre egin «azken urteotan ezagutu dugun gobernantza eredutik» eta jarraian azaldu du zein den berak ezarriko duen eredua: «klima-erronkari aurre egiteak prozesu komunitarioa izan behar du, herritarrekin batera egin beharreko bidea, lidergo partekatuak eta sendoak eskatzen dituena».

Zentuz horretan, konpromiso garbia agertu du Izagirrek Donostiako eraztun berdea babesteko: «Donostiako gune berdeak hiriaren kanpoaldeko eremu natural eta erdi-naturalez osatutako multzoa da (Ulia, Auditz Akular, Lau Haizeta, Antondegi, Miramon, Belartza, Arratzain, Mendizorrotz eta Igeldo). Gune berde horiek babesteko aukera bakarra Eraztun Berdea osatzea da, eta horretarako eremu horiek deskalifikatu egingo ditu EH Bilduk. Europako hiri aurreratuenetan bezala, Eraztun Berdea osatzeak eta babesteak, besteak beste, biodibertsitatea kontserbatzea eta lur degradatuak berreskuratzea ekarriko du; herritarrentzako aisialdi-eremuak sortzea eta nekazaritza eremuak babestea ahalbidetuko du; hiriaren eraikigarritasuna dagoeneko artifizializatuta dauden eremuetara mugatuko da, kutsaduraren ondorioak arintzea, donostiarren osasuna hobetzea eta beste arrisku natural batzuk saihestea ere ekarriko du».