AKTUALITATEA


| 2023-04-22 12:28:00

Orain aste bete ezagutu genuen EH Bilduk Etxebizitza Legearen inguruan lortutako akordioa, etxebizitza larrialdiari aurre egiteko tresna berriak eskaintzen dituena. Jakina denez, etxebizitzaren arazoa are larriagoa da Donostian, etxebizitza bat erosteko kostua Gipuzkoan baino bi aldiz handiagoa baita. Eta alokairuari dagokionez, prezioak etengabe hazten ari dira, azken bi legegintzaldietan %45 garestituz.

Testuinguru horretan, Juan Karlos Izagirrek adierazi du bere lehentasuna «donostiarrek beren bizi-proiektua Donostian garatzeko aukerak sortzea» dela, eta gaineratu du horretarako «ezinbestekoa» dela «etxebizitzara sarbidea erraztea eta bermatzea, egun Donostian oso zaila delako».

Donostiako Alkatetzarako hautagaiak akordioaren berri izan zuen unea aipatu du: «nire lehen inpresioa izan zen tresna gehiago izango ditugula etxebizitzaren arazoari aurre egiteko». Eta gaineratu du: «nik neuk, dauden tresna guztiak erabiliko ditut donostiarrentzako aukerak sortzeko eta, kasu honetan, etxebizitzara sarbidea bermatzeko».

Ildo horretatik, «Eneko Goiak, alkatetzan egon den 8 urtetan, esku-hartzerik egin» ez duela egiaztatu du Izagirrek, eta jokabide honen aurrean garbia izan da: «egiten denaren bezain garrantzitsua da egiten ez dena». «Etxebizitza da Donostiak duen erronkarik garrantzitsuena, eta Goiak ez du bere esku zegoena egin arazoari aurre egiteko» azpimarratu du EH Bilduren alkategaiak. «Baina orain aitzakiak amaitu dira», esan du irmo.

Juan Karlos Izagirreren hitzetan: «Nik gaur albiste bat emango dizuet. Nire konpromisoa da hiri osoa eremu tentsionatua izendatzea. EH Bildu da honen berme bakarra. Eta hiri osoaz ari naiz, ez dago aitzakiarik hiri osoa ez izendatzeko». Zentzu honetan, alkatea interpelatu du, eta galdera bat jarri du mahai gainean. «Zer egingo du Eneko Goiak EH Bilduk hiri osoa tentsionatua deklaratzea planteatzen duenean? Zer bozkatuko du: bai ala ez?».

Bestalde, eremu tenstionatuen balizko kalteez «batzuek» esandakoaren aurrean Izagirrek adierazi du «mundu guztia jakitun dela neurri horiek ezarri diren lekuetan onurak etorri direla», Bartzelonan lortutako alokairu-prezioen jaitsierak gogora ekarriz.

Izagirrek azpimarratu duenez, Madrilen lortutako akordioaren bidez, «alokairua behingoz arautu ahal izango da». Gainera, hemendik aurrera, udalek, hein batean, alokairuaren prezioak kontrolatzeko aukera izango dutela nabarmendu du, eta hori orain arte ezinezkoa zen.

«Alokairuak ezingo du gora egiten jarraitu, jabe handien gaineko kontrola egin ahal izango dugu eta etxegabetzeei aurre egiteko tresnak izango ditugu», laburbildu du Donostiako alkategaiak. Gainera, Izagirrek adierazi duenez, «EH Bildu izango da 2015erako onartutako Etxebizitzaren Euskal Legea behingoz aplikatzeko bermea», oraindik garatu gabeko alderdi asko dituelako, hala nola etxebizitza hutsak.

«Nik argi daukat hau dela hartuko dudan lehenengo neurrietako bat. Donostiarrek Donostian dauzkagun erronkei helduko dien Udal Gobernua behar dute, aitzakiarik gabe» azpimarratu du Izagirrek. «Nik eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditut horretarako», esan du Izagirrek. «Hiri gisa ditugun tresna guztiak erabiltzeko garaia da», amaitu du.