AKTUALITATEA


| 2023-05-23 16:46:00

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaia Altzara joan da gaur arratsaldean, hiriko auzorik jendetsuenetako batera hain zuzen, jarduera ekonomikoak eta ezagutza eremu degradatuetara eramateak duen garrantzian arreta jartzeko.

Hautagaiak gogorarazi duenez, Altzak 20.000 biztanle baino gehiago ditu gaur egun, eta «historikoki milaka migratzaile jaso dituen herria izan da. Langileen herria», deskribatu du. Zentzu horretan, «herriko giza eta gizarte paisaia aldatu zuten langileak» izan zirela azpimarratu du.

Altzak testuinguru horretan jasan zuen garapen «desorekatu eta neurrigabea» ere aipatu du, eta «lanpostu asko» sortu baziren ere, gaur egungo errealitateak beste argazki bat erakusten digula ohartarazi du: ekoizpen-ereduak izan duen eraldaketaren ondorioz ixten joan diren enpresa eta lantegiena, Europako beste hiri batzuetan ere ematen diren eremu degradatuak sortuz.

Eta egoera horretan, «zer egiten da Europan?», galdegin du. «Begiratzera pausatzen bagara, bi eredu ikusiko ditugu. Batetik, dena eraistearen alde egiten duena etxebizitza eraikitzeko eta epe laburrera onura azkarrak baino ez dituenak sortzen -esan du-. Eta, bestetik, eredu mistoa, etxebizitza egiteari uko egin gabe, era neurtuan, jarduera ekonomikoa berreskuratzearen alde egiten duena», zehaztu du.

Eta EH Bilduren apustua norabide horretan doa. «Donostia zientziaren hiria da, eta ahalmen handia du I+G+Bn. Horregatik, eremu horiek baliatu beharko lirateke ezagutza eta jarduera horiek dagoeneko ezagunak diren parke teknologikoetatik haratago instalatzeko. Zehazki, Txingurri eta Herrera bezalako eremuak biziberritzeko aukera paregabea dira, zientzia eta teknologia trakzio-elementu gisa txertatuz. Altzatarrekin landu nahi dugun proposamena da hau», berretsi du Izagirrek.