AKTUALITATEA


| 2023-03-27 20:01:00

Juan Karlos Izagirrek, Donostiako alkategaiak, gaur arratsaldean Groseko bizilagunekin partekatu ditu auzoak dituen arazo larriei aurre egiteko proposamenak eta adierazi du EH Bilduren Udal Gobernuaren «erronka nagusia» izango dela «donostiarrek euren bizi proiektuak Donostian garatu ahal izateko aukerak sortzea».

Izagirrek, maiatzaren 28ko hauteskundeetarako hautagai Izar Hernando, Olaia Duarte eta Ricardo Burutaranekin batera, berretsi du bere helburu nagusietako bat «donostiarrei etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzea» izango dela, eta horretarako «hiriak behar duen etxebizitza politika» garatzeko konpromisoa hartu du. Ildo horretan, Izagirrek konpromiso hau hartu du: «etxebizitza promozio berrietan etxebizitza publikoaren portzentaia gutxienez % 50era eramango dugu eta portzentaje hori maximoetara igoko dugu lur publikoan eraikitzean».

Izagirrek gogorarazi duenez, «etxebizitza eskuratzea donostiar gehienentzat aukera bat ez den arren, auzo edo eremu batzuetan are zailagoa da, Grosen bezalaxe». Hala, batez ere kostaldeko auzoei begira, azpimarratu nahi izan du Udal Gobernura iristean hartuko duen lehen neurrietako bat izango dela «hiria 'etxebizitza tentsionatuko eremua' izendatzea». Izagirrek azaldu duenez, neurri horrekin «muga jarri ahal izango diogu alokairuaren prezioari»; izan ere, «horrelako neurririk hartzen ez bada, prezioak igotzen jarraituko du». Gainera, adierazi du «neurri honekin funts putreen sarbidea ere mugatzea lortuko dugu».

Ildo horretan, Izagirrek egiaztatu du funts putreek erosten dituzten etxebizitza asko hutsik geratzen direla gero, eta Udalak «bidezko prezioan merkaturatzea sustatu» dezakeela. Horretarako, «etxebizitza hutsen erregistroa sortzea da aurretiazko funtsezko urratsa» adierazi du Donostiako alkategaiak, eta deitoratu du «orain arte egungo Udal Gobernua ez dela arduratu gai horri heltzeaz», jarraian gogorarazteko Bilbon eta Gasteizen dagoeneko egin dutela erregistro hori.

Eta, azkenik, Gros bezalako auzo batean, baina baita Donostiako kostalde osoan ere, «beste urrats bat eman behar da pisu turistikoen saturazioari aurre egiteko», azpimarratu du Izagirrek. Eta gaineratu du: «azken urteotan ohartarazi dugun moduan, ez guk bakarrik, baita udal-teknikariek ere, etxebizitzaren prezioaren igoera zuzenean lotuta dago alojamendu turistikoen kopuruarekin».

Alde horretatik, eta lizentzien suspentsioaren puntualez haratago, Donostiako Alkatetzarako hautagaiak hiru neurri ezartzeko konpromisoa hartu du pisu turistikoen saturazioa saihesteko: «Lehen solairuko araua lehenbailehen berrezarriko dugu» nabarmendu du, eta neurri berriak iragarri ditu, hala nola «saturazio horizontaleko muga» ezartzea, ostalaritzarekin egiten den bezala, eta gutxieneko distantzia bat ezartzearen aldeko apustua egin du pisu turistikoen artean. Era berean, beste jarduera ekonomiko batzuetan bezala, Izagirrek «pisu turistikoen lizentzien iraungipena» aztertuko duela iragarri du.

Izar Hernandok, bere aldetik, azaldu du Grosen etxebizitzaren arazoa «inoiz baino larriagoa» dela, «prezio neurrigabeekin, presio turistiko handiarekin eta, gainera, Donostiako auzo bakarra da non ez dagoen etxebizitza publikorik». Eta azken egunetan publikatu den Foru Aldundiaren txostena ekarri du gogora Groseko hautagai gazteak. Txostenean 2010etik 2020ra 18 eta 34 urte bitarteko 3.375 gaztek Donostiatik alde egin behar izan dutela jasotzen da. «Kanpora bizitzera joan behar izan dute ezin zutelako bertan beraien bizi proiektua egin etxebizitzaren prezioak altuegiak direlako» adierazi du Hernandok.