AKTUALITATEA


| 2024-10-29 09:13:00

Politika orokorrari buruzko Osoko Bilkura hiriaren egoerari buruzko diagnosia egiteko aukera aproposa da. EH Bildun oso kontziente gara Donostiak dituen erronkez eta aukerez eta ez dugu gaurko eztabaida galtzen utziko proposamen eta irtenbideei buruz hitz egiteko, ezkerreko politikekin eta feminismotik. Donostiaren argazki zintzoa eta garbia egin eta interes orokorraren alde egiteko gure iparrorratz izango diren lan ildoez arituko gara: etxebizitza, mugikortasuna, turismoa, energia eta larrialdi klimatikoa eta donostiar guztien duintasuna bermatuko dituzten gizarte politikak.

«Hiria aldatu da, dudarik gabe, baina galdegin beharko genioke geure buruari norabide onean doan edo ez. Ez da galdera hutsala», adierazi du Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak lehen hitzartzean. «Izan diren eraldaketa hauek hiriaren beharrei eta bertan bizi garenon beharrei erantzuten die? Erantzuten die interes orokorrari? Ditugun egiturazko arazoei irtenbidea izan dira, edo beste interes jakin batzuk baino ez ditu ase?».

Etxebizitza, erosteko zein alokatzeko, inoiz baino garestiagoa da, eta sarbidea inoiz baino zailagoa Udal Gobernu honek etxebizitzaren alde lan egiten duela esan arren. Loiolako kuartelen lur eremuaren salerosketa horren adibide da: iragan abenduan sinatu zen akordioa ez da esan den bezain onuragarria Donostiarentzat termino ekonomikoetan eta etxebizitza publiko babestuaren kopuruaren ikuspuntutik. «Ulergaitza da bi erakunde publikoren arteko akordioan legeak ezartzen duen minimoa baino ez egin nahi izatea. Horiek dira betiko politikak, politika zaharrak eta zaharkituak. Guk, bideragarritasun ekonomikoa bermatuz, legeak ahalbidetzen duen maximoetara jo nahi dugu».

Neurriz kanpoko obrak ere egin dira, Metroa eta Marrutxipi kasu, eta aukera paregabeak ere galtzen utzi dira, BCCri egindako lagapenarekin bezala. Intxaurrondo, Erdialdea, Gros... auzoetan haserrea piztu da eta hiritarrei ez zaizkie behar bezalako argibideak eman. Interes orokorrean pentsatuz egin al  dira? «Argi dago ezetz», adierazi du Izagirrek. Bretxaren kudeaketa eta turismoan gobernantza falta ere izan ditu hizpide bozeramaileak. «Funts pribatuei eman zaie lehentasuna, sektore turistiko zein higiezinen eta eraikuntzarenari. Eta esku pribatuetan utzi da publikotasunetik egin daitekeena. Bretxarekin demostratu dugu posible dela beste modu batean egitea. EH Bilduri esker eman da norabide aldaketa eta akordioa ona izan den arren, hobea izan daiteke udalak zintzoki Parte Zaharreko auzoa entzuten badu. Publikoa eta auzoarentzat, hori da eredu posiblea eta bakarra».

Donostiak badu altxor bat, eta da hiritar aktiboak ditugula. Auzoetan inplikatuta dauden komunitateak eta eragileak baliatu behar ditugu inork baino hobeto ezagutzen dituztelako auzoak. Haiek egiten dituzte auzoak bizigarri. Sarea badugu eta baliatu behar dugu elkarrekin hiria egiteko, entzuketa aktiboarekin eta egiazko partaidetzarekin. «Goia jauna, gu prest gaude elkarlanerako. Demostratu dugu hala egin dugunean fruituak jaso ditugula: Bretxa eta etxebizitzaren udal plana, kasu, Donostia eremu tentsionatua izan dadin eskatzeko. Turismo eredu hau arazo bat dela aitortzen hasi zarete, eta Urumea eta GI-20 ardatz nagusiak behar dutela izan ere konpartitzen dugu. Naturaltasunez onartu ezazu alkate jauna, EH Bilduk ekarpen positiboak egiten ditu eta Donostiaren onerako dira. Txertatzen direnean Donostiak aurrera egiten du interes orokorra lehenesten dugulako. Anbizio handiagoa eskatu behar dizut, apustu estrategikoak markatzea eta balentria erakustea ezin dugulako inertzia kaltegarriekin segitu. Norabide aldaketa eskatzen dugu, eta norabide aldaketa honek partekatua behar du izan, herritarrekin noski, eta gainontzeko alderdiekin adostuta».

Etorkizuneko Donostia

Erronka garrantzitsuak ditugu aurrez aurre epe labur, ertain zein luzean, jakina, etxebizitzarekin, lotuak, aldaketa demografikoarekin, zaintza sistemarekin, mugikortasuna, turismoa eta elkarbizitzarekin ere, besteak beste. Identitatea, hizkuntza eta kultura, sektore ekonomikoen egokitzea, larrialdi klimatikoa, zerbitzu publikoak eta eskubideen eta bizitza duinaren defentsa ere EH Bilduren agendan daude. Erronkak erronka, denak dira aukera paregabea gizarte eta hiri hobe bat egiteko. Horretarako, Izagirrek aipatu duenez, tresna ezberdinak ditugu: legeak, araudiak eta HAPOaren berrikuspena, adibidez.

Etorkizuneko Donostia hiri deszentralizatua da, hiria dibertsifikatzeko garaia da eta kostako ardatzetik harago egin eta eragin. «Gure apustua 3 ardatzetako Donostia da: kostakoa, Urumeakoa eta GI-20 bariantearena. «HAPOaren aurrerapenean jasota daude interbentzioak bi ardatz berrietan, eta pozten naiz Goia jauna, ongi etorria!». Urumea balioan jartzeko ordua da, paseatzeko, bizitzeko eta aisialdirako leku atsegina eta erakargarria egin behar dugu, beste udalekin elkarlanean gure ustez. Badakigu Hernani eta Astigarraga prest daudela, etxeko lanak egin ditugu eta izan ditugu honen gainean elkarrizketak. Baina hots, ibaiaren inguruan bizi diren bizilagunekin adostu eta landu beharko da bai ala bai proiektuak, zerbitzuak eta ekipamenduak identifikatu eta ahalbidetzeko. Urumea eta bertako bizilagunak protagonista nahi ditugu».

Etxebizitza politikek ez dute etxebizitza eskubidea bermatu, bozeramaileak gogora ekarri duenez. «Bi helburu ditugu eta horietan jarriko gara; elkarlanerako prest gaude hemen ere, Goia jauna. Lehena, 2043rako etxe guztien % 20ak etxebizitza babestua behar duela izan eta bigarrena, espekulazioari eta erabilera lukratiboari aurre egin behar zaiola. Nola lortu?».

EH Bildun hiru formula jarri ditugu mahai gainean, eta Udal Gobernu honek badaki:

1. Etxebizitza hutsak alokairuzko merkatura bideratzea. Aukerak badaude eta 2.000 inguru izango lirateke 0 eraikin berri eginez.

2. Kalifikazioaren bidez etxebizitza berriak sortzea. 4.000 izan daitezke eta publikoak izango lirateke. Formula paregabea lur gehiago okupatu gabe gainera eta ezer eraiki gabe. Irtenbide hau benetan interesgarria da etxebizitza babestua egon ez eta gainera egitea ezinezkoa den auzoetan lurzorurik ez dagoelako (Parte Zaharra, Gros eta Erdialdea kasu).

3. Garapen berrietan etxebizitza babestua maximoetara eramatea. Bideragarritasun ekonomiko bermatuz, posible da portzentaiak handitzea. Txominen egin genuen, eta demostratu genuen posible dela. «Posible den bezala gaizki egindakoak zuzentzea, alkate jauna», defendatu du Izagirrek.

Mugikortasuna ere bada beste lan ildo inportante bat. Hiru ardatzen Donostia eginez gero, auzo batetik bestera mugitu ahal izango gara erdialdetik nahita ez pasa gabe, eta horrek asko lagunduko du trafikoa gure kaleetan arintzen. Oinezkoek eta bizikletek lehentasuna izango duten hiria nahi dugu, garraio publikoaren indartzearekin batera, badugu hiru disuasio aparkaleku egiteko proposamen zehatza: Aritzetan, Siustegin (Intxaurrondon) eta industria languneetan. Sorlekuko aparkalekua bertan behera utzi eta denbora gehiago galdu gabe parkea egitea exijitzen dugu, bizilagunek bi prozesu parte hartzailetan adierazitakoari errespetua zor zaie.

Turismoari dagokionean, beste eredu bat premiazkoa da, dugunarekin donostiarrak galtzen atera garelako. Espazio publikoa eraldatu egin da eta donostiarrek harreman espazioak galdu dituzte, etxebizitza asko sektorea elikatzera bideratu dira eta baliabide publikoak erabiltzen dira eskaera asetzeko. «Donostiarrek hitz egin dute eta mezua argia da: eredua birpentsatu, leheneratze politikak martxan jarri eta donostiarrak erdigunean jarri behar dira -esan du EH Bilduren bozeramaileak-. Presio turistiko handiena duten auzoek bizilagun galera izan dute azken urteotan eta, zentzu honetan, auzoen karga-ahalmena kalkulatzea eskatzen dugu eta turistifikazio indize bat ezarri datuak objektibatu ahal izateko».

Kaltetuak izan diren auzok konpentsatu behar dira eta egunerokoan behar dituzten zerbitzuak eta ekipamenduak bermatzeko neurriak hartu. Moratoriaren eremua handitzea eskatzen dugu eta behin betikoa egin; legez kanpoko pisu turistikoen erabilera eta lehen solairutik gora daudenenak etxebizitza izateko berreskuratu eta moratoria eremu ez urbanizagarrietara zabaldu.

Azkenik, eta ez horregatik garrantzi txikiagoarekin, segurtasuna. Modu integralean ulertzen dugu eta modu integralean bermatu behar da. EH Bilduren aburuz, horretarako, Udaleko zerbitzu ezberdinak inplikatu beharko dira, ezinbestean. Osasun eta arreta duinak, lan eta erretiro duinak, baita ere jarrera antisozialen aurrean seguru sentitzeko sistema. Segurtasuna bada hiritarren kezken artean posizioak igo dituen alorra. Datu objektiboak eta pertzepzioa bat ez datozen arren, gaiari aurre egin behar zaio. Polizia ereduaz hitz egiteko parada ematen du honek, besteak beste, gertuko edo auzoko polizia agenteen figuraz: poliziarekiko konfiantza areagotu, azkartasuna bermatu eta modu prebentiboan lan egiteko. «Eta hau bezain inportantea da gai honen bueltan sortzen ari diren jarrera eta diskurtso
xenofobo eta arrazistei aurre egitea. Guk Donostia anitz eta inklusiboa nahi dugu, donostiar guztien eskubideak eta duintasuna bermatzen dituena», aldarrikatu du Juan Karlos Izagirrek.

Amaitzeko, hasierako galderara itzuli da Juan Karlos Izagirre. «Noren interesak ase dira azken urteotako politikekin? Guk argi dugu: ez donostiarren gehiengoarenak. Hiria etorkizuneko perspektibarekin eraiki nahi dugu EH Bildutik, sistema publikotik eta eragile eta herritarrak elkarlanera gonbidatuz. Horrela eta ez beste modu batera bermatuko da ongizate orokorra, eta hori izango da hiriaren arrakastaren gakoa. Entzun, partekatu, eztabaidatu eta adostu. Ez dago formula magikorik. Anbizioz eta ausardiaz begiratzen diogu etorkizunari, kolektibotasunetik. Horrela bada, eskua luzatuta izango dugu hau guztia aurrera ateratzeko».