Udal Gobernuak ezarri nahi duen Isuri Gutxiko Eremua dela-eta, argi dugu haren helburu bakarra «espedientea betetzea dela», hau da, legeak eskatzen dituen gutxienekoak betetzea. EH Bildutik aspaldi dakigu klima larrialdian gauden honetan, autoaren erabilera murrizteko neurriak hartu behar direla, eta hortaz, legeak behartuta bada ere, horrek ematen digun aukera aprobetxatu beharko genukeela erabilera horri neurriak jartzeko, hiri osoan.
Isuri Gutxiko Eremuari anbizioa eta ausardia falta zaizkio. Hobetu asmoz, eta, batez ere, bizi dugun testuinguruari behar den mailan erantzuteko asmoz, EH Bilduk hamabi zuzenketa erregistratu ditu. Horien berri emateko agerraldia eskaini dute Garbiñe Alkiza eta Markel Ormazabal zinegotziek.
Gogora ekarri dutenez, Donostia da Hego Euskal Herriko azken hiriburua IGE ezartzen, hots, Donostiak oraindik ez du indarrean jarri eta 2023rako egina behar zuenean, luzamendu bat eskatu zuen 2025ean aplikatzen hasteko.
Alkizaren hitzetan, Isuri Gutxiko Eremua ezin da soilik hiriaren erdigunera mugatu, ezta autoak mugatuz egin; bestelako neurri osagarriak behar dira. Isuri Gutxiko Eremua beste auzo batzuetara, edo anbiziosoagoa izanez, hiri osora zabaldu behar da.
Ezarri nahi den Isuri Gutxiko Eremuari dagokionez, egun dauden salbuespenekin, bere helburuak betetzeko zailtasunak izango ditu. Benetan autoaren erabilera gutxitzeko neurria bada, ingurumen-bereizgarrian oinarritutako arauez gain bestelako neurri eraginkorrak hartu beharko dira: «Benetan mugikortasuna eraldatu nahi bada, egiturazko arazoak errotik heldu eta egiturazko neurriak ezarri behar dira. Udal Gobernua, hemen ere, legearen minimoa betetzearekin konformatzen da, eta guk, EH Bildutik, minimoa ere zalantzan jartzen dugu, helburuak lortuko ote diren zalantzak ditugulako», esan du Alkizak.
Datu batzuekin argazkia hobeto uler daiteke: Isuri Gutxiko Eremua ezarri nahi den gunean, hiriaren hirugarren sektoreko eta turismo jardueraren zati handi bat biltzen da (5.666 ostatu plaza daude) eta 2023-2027 Turismo Gida-Planaren arabera, gure hirira egiten diren bidaien %68,1 auto pribatuz egiten da, 2019an, aldiz, %46,6 zen.
Bestalde, Isuri Gutxiko Eremuan lurpeko 6 aparkaleku publiko daude, guztira 2.705 errotazioko plaza. Hortaz, eremu hau da mota horretako aparkaleku eta plaza gehien dituen hirigunea. Azken urtean 1.793.542 errotazioko mugimendu egon dira Isuri Gutxiko Eremuan.
Zuzenketei buruz: ideia nagusiak
Lehenengo zuzenketa IGE-a aplikatzeko eremuaz ari da. Ordenantza honen Xedean argi eta garbi jartzen du Donostiako udalerrian Isuri Gutxiko Eremuak sortu eta kudeatuko direla; pluralean, alegia. Hontaz, gure ekarpena honakoa da: ordenantza honen aplikazio-eremuak Isuri Gutxiko Eremuak hartuko dituela.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Euskadiko Aire Kalitatearen Plan Berrian honako hau jasotzen du: Mugikortasun aktiboan eta ingurune osasungarriak bultzatuko dituen hiri berroneratzean jarduteko, udalerrietako aparkalekuen eskaintza optimizatu eta arrazionalizatzea aurreikusten da, eta 50.000 biztanletik beherako udalerrietan Emisio Gutxiko Eremuak ezartzea sustatzea.
Donostiako auzo batzuek 20.000 eta 30.000 biztanle artean dituztela jakinik (Amara Berri, Altza edota Antigua, kasu), ezinbestekoa ikusten dugu etorkizun hurbil batean Isuri Gutxiko Eremu berriak ezartzea auzo jakin batzuetan.
Airearen kutsadura etengabe eta modu iraunkorrean zaintzeari buruzko artikuluan, gehikuntza bat proposatu dugu: azterlan horrek bereizita aztertuko ditu, gutxienez, Isuri Gutxiko Eremuak, horien ondoko kaleak eta hiri osoa, izan ere garrantzitsua da neurketek IGEetan bertan nahiz inguruko kaleetan duten eragina aztertzea, batez ere “muga-” edo “errebote- eragina” aztertzeko.
Era berean, airearen kalitatearen neurgailu berriak eskatu ditugu eta IGEan eta inguruko kaleetan sonometroak jartzea. Hauen monitorizazioa eta jarraipena Udalak egingo du, publikoak izango dira Udalaren webgunean eta bi urtean behin argitaratuko duen txostenean emaitzen berri emango da.
Halaber, 8. artikuluari, ‘IGEra sartzeko baimena duten ibilgailuak’ zehazten dituenari, lau zuzenketa aurkeztu dizkiogu. Salbuespenak ugariak dira eta malgutasunerako zirrikituak direla uste dugu. Adibidez, neurria indarrean sartuko den lehen epealdian, 10 autoetatik 9 auto sartu ahal izango dira, eta gainera, 10. horri ere sartzen uzteko salbuespenak badaude.
Besteak beste, zuzenketa bat planteatzen dugu, ordenantzan jasotako honako baieztapen hau zehazten ez bada, ezabatua izan dadin: “Salbuespen gisa eta interes orokorreko arrazoiengatik bakarrik, Donostia Erdialdea IGEra sartu eta zirkulatzeko baimena eman ahal izango zaie beste ibilgailu batzuei, mugikortasunaren arloan eskumena duen zinegotziaren ebazpen arrazoituaren bidez".
IGEra sartzeko baimena duten ibilgailuen artean, EH Bilduren proposamena da jarduera ekonomikoei lotutako ibilgailuei dagokienez, aparkaleku propioa dutenek (konponketa-tailerrak, hotelak...) soilik egin ahal izatea eta gehienez ere daukaten aparkaleku plaza kopurua inolaz ere gainditu gabe.
Isuri Gutxiko Eremura sartzeko debekua duten ibilgailuei dagokienez (11. artikulua), ingurumen-bereizgarririk ez duten ibilgailuez gain, aisialdirako erabiltzen diren autobus pribatuek ere galarazita izatea proposatu dugu. “IGEra sartuko ez diren aisialdirako erabiltzen diren autobusen egonaldiak IGE inguruko eremuetan eragin ditzakeen afekzioak ekiditeko neurriak hartu beharko dira, hala nola, Donostiako autobus geltokiaren inguruan”, eskatu dugu.
Artikulu berriak txertatzeko: txandakako aparkalekuak eta disuasiozkoak
Lur azpiko aparkaleku nagusiak Isuri Gutxiko Eremuaren barnean daudela aintzat hartuta, eremu honetan aparkatzeari buruzko kapituluan artikulu berri bat gehitzea proposatu dugu, izen honekin: ‘IGEan txandakako aparkalekuak’.
1.- DONOSTIA ERDIALDEA IGEan ez da txandakako aparkalekuen plaza-kopurua handituko.
2.- DONOSTIA ERDIALDEA IGEan dauden lurrazpiko aparkalekuetako eraldaketa egiteko azterlana eta negoziazioa hasiko da lehen fasean, eta ahal dela martxan jartzen hasiko da. Eraldaketak helburu hau izango du: txandakako plazak gutxitzea eta plaza horiek bertakoentzat, bizikletentzat eta logistikarako erabiltzea.
3.- DONOSTIA ERDIALDEA IGEan barne dagoen Parte Zaharrean zamalanak egiteko lurrazpiko aparkalekuak erabiliko dira. Horretarako lurrazpiko aparkalekuetan zamalanentzako leku bat egokitu beharko litzateke. Behin lurrazpikoa egokitua, zamalana inguruan egingo litzateke bestelako garraiobide txikiagoen bidez -motorrik gabekoak edo elektrikoak (esaterako, bizikletak, karretilak, “cargo-bikeak” banatzaileak...).
Azken zuzenketa Isuri Gutxiko Eremutik kanpo aparkatzeari buruzkoa da, artikulu berri bat proposatuz disuasio aparkalekuetan indarra jartzeko. IGEaren helburua trafikoa eta ibilgailuen zirkulazioa murriztea bada, Donostiara ibilgailuz etortzen direnei (ingurumen-bereizgarria izan edo ez) IGEtik kanpo aparkatzeko irtenbideak eman behar zaizkie: disuasio-aparkalekuak eta IGEra iritsi ahal izateko garraiobide zerbitzu publiko ona bermatuz.
EH Bildutik lanketa egina dugu, eta berriro ere Udal Gobernuari eskua luzatzen diogu. Disuasio aparkalekuak egiteko aukera interesgarriak eta egingarriak daude, epe labur-ertainean: Aritzeta baliatu; poligono eta industriaguneak aprobetsatua eta Ilunbe indartu kalitatezko anezka zerbitzua bermatuz, besteak beste.