AKTUALITATEA


| 2023-12-19 17:38:00

Isuri Gutxiko Eremua finkatzeak berebiziko garrantzia du larrialdi klimatikoa bizi dugun garaiotan eta, honenbestez, erabaki ausartak, integralak eta begirada luzekoak hartzea ezinbestekoa izango da Donostian ere.

Astearte honetan Udal Gobernuak egin duen proposamena berandu dator, izan ere gogorarazi beharra dago 2023 honetan behar lukeela indarrean.

Mugikortasun Planean markatzen diren helburuekin bat egiten dugu: espazio publikoa hobetzea, ibilgailu pribatua gutxitzea eta garraio aktiboa eta garraio publikoa sustatzea dira oinarriak. Ordea, gaur proposatu diren neurriak ikusita, helburu horiek erdiesteko nahikoa ez ote diren izango uste dugu orain arte behintzat ausardia falta erakutsi baitu Udal Gobernu honek.

Datu bat: gaur aurkeztua izan den Isuri Gutxiko Eremuaren lehen fasean oraindik ere autoen %90a sartzea baimenduko baitute, onartu dutenez. Hau da, gaur egun sartzen diren hamar kotxeetatik bederatzi sartuko dira.

Aldi berean, hiri honek bi arazo nagusi ditu mugikortasunari dagokionez: industria guneak eta lurrazpiko aparkalekuak. Lehenengoari buruz ez dugu inongo aipamenik entzun, eta honi neurriak hartzea ezinbestekoa da. Parkingei dagokionez, bestalde, neurriak baloratuko direla aipatzen du proposamenak. Berretsi nahi dugu hau ez dela neurriak baloratzeko momentua, horrek egina behar lukeela: neurriak eta erabakiak hartzeko momentua da hau.

Begirada luzea, esan dugunez, beharrezkoa da, eta elementu traktoreak aipatu badituzte ere, ez zaio GI-20 errepideari aipamenik egin. Bada, EH Bildu aspalditik lantzen datorren bidetik, gogorarazi nahi dugu errepide honen eraldaketa, egingo bada, hiri honek izan dezakeen nagusienetakoa izango dela, egun lubakia den errepidea auzoak josteko gai izanda.

Proiektuen inguruko partaidetzaz egutegi bat aurkeztua izan da eta hala izango dela sinistu nahi dugu, baina ereduarekin zorrotzak izango gara. Entzuketa aktiboa eginez, auzoetara hurbilduz eta bizilagunekin zein eragileekin partekatuz izan behar du. Proposatzen diren neurriak hiriaren erdigunetik harago begira jarri eta auzoetako errealitateak eta mugikortasuna kontuan hartzeko momentua da orain.

Azkenik, gainerako udal taldeek ere gure ekarpenak egiteko aukera izatea eta horiek kontutan hartuak izatea eskatzen dugu.