AKTUALITATEA


| 2024-10-16 18:08:00

Eneko Goiaren Udal Gobernuak Sorleku parkearen lur eremuan iragarri duen disuasio aparkalekua Marrutxipiko saihesbide berriari erantzuna emateko proposamena da, atzeko plano batean utzita hartutako konpromisoak eta emandako hitzak. Opakotasuna izan da nagusi, gainera, hartutako erabakia komunikabideen bidez jakin baitute inguruko bizilagunek, partaidetza prozesuan inplikatu ziren norbanakoek eta eragileek, Ekialdeko Barrutiko batzarreko kideek zein Sorleku parkearen bi sortzaileek. Sinesgaitza.

Proiektuaren hastapenetatik, EH Bildutik kezkaz ikusi dugu urteotan proiektuari eman zaion trataera; orain, zazpi urte beranduago, tamalez berresten da Sorleku inoiz ez dela izan Eneko Goiak gidatzen duen Udal Gobernu honen lehentasuna. Arduragabekeria da auzoa partaidetza prozesu batean murgiltzea jendea ilusioz inplikatuz eta deialdi publiko bidez proposamen bat irabazle izan ostean horri guztiari bide ez ematea. Arduragabekeria da Udal Gobernu batek egindako prozesu-parte hartzailea ez errespetatzea. Arduragabekeria da Udal Gobernu batek parte-hartze prozesu batetik abiatutako aurreproiektu bat aldebakarrez bertan behera uztea eta aldatzea. Arduragabekeria da parte hartu duten eragile, bizilagun eta sortzaileak informaturik ez izatea eta haien iritzia ez errespetatzea.

Intxaurrondok Sorleku behar du eta intxaurrondotarrek azalpenak behar dituzte: parte hartu dutenei errespetua zor zaie. Gure aldetik, urteotan urratu dugun bidean sakonduko dugu auzo bizigarriago bat egiteko jaio zen proiektua bere horretan egin dadin.

Sorleku errespetatu eta ekialdean disuasio aparkaleku bat egitea bateragarriak dira. Zentzu honetan, gogoratu behar dugu udaran proposamen zehatz bat iragarri genuela: Intxaurrondon, zehazki Siustegi gisa ezaguna den zonaldean (Guardia Zibilaren kuartelaren alboan), solairukako disuasio-aparkaleku berri bat eraikitzea. 10.000 m2-ko lursail publiko bat da, eta bertan hainbat solairuko aparkaleku bat eraiki liteke gainazalaren gainean, edukiera biderkatuz, solairu bakoitzean 250 plazatik gora eraiki daitezkeelarik. GI-20 saihesbidearen ondoan kokatzen da, bere funtziorako egokia. Gogoratu dezagun GI-20 errepidearen eraldaketak etorkizunean disuasio-aparkaleku berriak eraikitzea ahalbidetuko duela.

Sorlekuren hazia eta EH Bilduren ekimenak urteotan

Sorleku partaidetzaren fruitua da, hori da gakoetako bat. 2017an Alubi Haurren Hiri Partaidetzarako elkarteak irabazi zuen Donostiako Udalak antolatutako deialdi publiko bat, eta bertan parte hartu zuten bizilagunek, eragileek eta Zurriola eta Intxaurrondoko eskola komunitateek. Helburua: Intxaurrondon, Dbuseko kotxeren alboan dagoen lur eremua biziberritu, auzoan integratu eta kohesiorako eta sozializaziorako espazioa izatea. Horretarako aktibatu zen arrakastatsua izan zen partaidetza ekimena: inguruko bizilagunak zein Zurriola eta Intxaurrondoko ikastolak, orotara 310 haurren ahotsak bilduz, bete-betean inplikatu ziren proiektuan bihotza jarriz.

Zazpi urte igaro dira eta, orduan umeak zirenak gazteak dira gaur. Denbora honetan guztian aitzakiak eta azalpenik gabeko atzerapenak nagusitu dira. EH Bildutik lehen galdera 2019an egin genuen arren, erantzun ezaren aurrean urtebete beranduago sortzaileen eskutik berriro hartu genuen iniziatiba zuzenean PNV-PSE interpelatuz. Kontrol mozio bat ere defendatu genuen 2021ean. Baina zaharrak berri.

Proiektuan erabat sinisten dugularik, beste saiakera bat egin genuen 2021an Sorleku Ekialdeko Barrutiaren aurrekontuen baitan garatzeko proposamena aurkeztuz. Eta berau aho batez onartu bazen ere, frogatu dugu batzuen hitzek ez dutela bermerik. Albiste ona zen hura, zinez pozik ginen, izan ere bi urtetan 300.000 euro jarriko ziren; guztira 600.000. Zehazki, 100.000 Ekialdeko Barrutiko aurrekontuetatik jarriko zirela adostu zen eta 200.000 Udalenetik, bi urtez.

Aurrerapauso bat eman genuela uste genuen. Ordurako bost urteko atzerapenarekin bazen ere, aurrekontua onartuta, parkea diseinatzeko prozesu parte hartzaile berri bat egin zuen Udalak Intxaurrondon baita ere aurreproiektuaren aurkezpen publikoa iaz. Bertan adierazi zutenez, «2023ko martxotik abiatuta 18 hilabeteko epea» aurreikusten zuen Udal Gobernuak proiektua amaitzeko, exekuzioa barne.

Egoerarekin kezkatuta, Sorleku otsailean eraman genuen azkenekoz Udalbatzara eta EH Bilduren ekimenez konpromisoa lortu genuen aho batez: proiektua bere horretan egitea inongo moldaketarik gabe eta exekuzio-proiektua Tokiko Gobernu Batzordean onartzea lehenbailehen. Azken erabakia izan da partaidetza prozesu bat gailendu zen eremuan, disuasio aparkaleku bat inposatzea. Bat egiten dugu auzoan dagoen ezinegonarekin eta gure eskura dauden ekimenak jorratuko ditugu. Horretara konprometitzen gara. Eta Udal Gobernuari errekapazitatzeko eskatzen diogu, ez dezala asmoetan aurrera egin.