EH Bildutik beti defendatu dugunez, eta atzoko Osoko Udalbatzan ere horrela egin genuen, Sorleku parkea auzotarrek erabaki eta adostu zuten lekuan eta moduan egin behar da, parte hartu zuten eragile, eskola komunitate, bizilagun eta haurren borondatea errespetatuz. Zazpi urte igaro dira lehen partaidetza prozesutik eta bete ez diren konpromisoez harago, ahaleginak eta bi egin ditugu proiektua errespetatua izan dadin. Azkena otsailean aho batez onartu zen EH Bilduren kontrol mozioa izan da, parkea bere horretan inongo moldaketarik gabe eraikitzeko eta lehenbailehen exekuzio-proiektua Tokiko Gobernu Batzordean onartzeko.
Esan dezakegu eragileen eskutik landu dugun bideak fruituak ematen segitzen duela. Edonola, eta atzoko botazioaren emaitzarekin pozik egon arren, hemen ez dela ezer amaitu adierazi behar dugu. Lanean segituko dugu eta gure eskura dauden ekimenak martxan jarriko ditugu EAJk eta PSEk berriro beren hitza betetzen ez dutela frogatzen badugu. Sorleku errealitate egin arte. Udal Gobernua osatzen duten bi alderdien arteko arrakala agerian gelditu den honetan, EH Bildutik galdera zuzena plazaratu nahi dugu. Zer egingo du Eneko Goiaren udal gobernuak?
Marrutxipiko saihesbide berriari erantzuna emateko proposamena da hau, atzeko plano batean utzita iragarritako konpromisoak eta emandako hitzak. Opakotasuna izan da nagusi, gainera, hartutako erabakia komunikabideen bidez jakin baitute inguruko bizilagunek, partaidetza prozesuan inplikatu ziren norbanakoek eta eragileek, Ekialdeko Barrutiko batzarreko kideek zein Sorleku parkearen bi sortzaileek.
Proiektuaren hastapenetatik, EH Bildutik kezkaz ikusi dugu urteotan proiektuari eman zaion trataera; orain, zazpi urte beranduago, tamalez berresten da Sorleku inoiz ez dela izan Eneko Goiak gidatzen duen Udal Gobernu honen lehentasuna. Arduragabekeria da auzoa partaidetza prozesu batean murgiltzea jendea ilusioz inplikatuz eta deialdi publiko bidez proposamen bat irabazle izan ostean horri guztiari bide ez ematea. Intxaurrondok Sorleku behar du eta intxaurrondotarrek azalpenak behar dituzte: parte hartu dutenei errespetua zor zaie. Gure aldetik, urteotan urratu dugun bidean sakonduko dugu auzo bizigarriago bat egiteko jaio zen proiektua bere horretan egin dadin.