AKTUALITATEA


| 2024-12-10 08:59:00

Ijentea kaleko 2. zenbakian, Kale Nagusia eta Bulebarra lotzen dituen eraikin enblematikoan, etxebizitza esklusiboak eraikitzeko egiten ari diren obrek Donostiako Udalak emandako lizentzia- baldintzak zenbateraino betetzen dituzten galdetu dugu astelehen honetan EH Bildutik Lurraldearen Garapen eta Planifikazio batzordean.

Ricardo Burutaran zinegotziak gogorarazi duenez, eskatutako proiektu teknikoa etxebizitzak bereizteko eta erabilera etxebizitzetara aldatzeko da. Hala, izapidetutako proiektua egungo 11 etxebizitzatik 26 etxebizitzara igaro da.

Emandako lizentziak, nola ez, obra horiek egiteko bete behar diren baldintza teknikoak eta administratiboak arautzen ditu. Gainera, berariaz ezartzen da aurkeztutako proiektuan jasotako obrak baino ez direla baimentzen, eta «edozein aldaketa» Udalak baimendu beharko duela aldez aurretik.

«Hala ere, gauzatzen ari den proiektua Udalak baimendutako proiektuarengandik ‘aldentzen’ ari dela dirudi. Obretan badira aldaketa esanguratsuak, eta froga daitezke», adierazi du Burutaranek, zehaztuz lizentziak luxuzko 26 etxebizitza eraikitzea aurreikusi arren, gaur egun fatxada estaltzen duen oihalak ‘2 eta 3 logelako 27 etxebizitza esklusibo’ iragartzen dituela. «Estalki bat jarri zen iaz, eta bertan zehazten zen eraiki beharreko etxebizitzak 26 zirela, baina gero aldatu egin zen gaur egun jarrita dagoenagatik. Bertan, 27 etxebizitza sustatzen dira, nahiz eta lizentzia aldatu ez».

Izan ere, ohartarazi duenez, «enpresa sustatzailea, gutxienez 27 etxebizitza egiten ari da, etxebizitza bihurtzen dituen lokalen kopurua handituz, emandako lizentziak igoera hori baimentzen ez duen arren».

Halaber, eraikinaren obren-aurreko egoera zehazten duen planoan irregulartasunak daudela adierazi du; izan ere, marmolezko eskailera batzuk desagertu dira, nahiz eta fisikoki existitzen diren edo ziren. Aipatu batzordean aurkeztutako ahozko galderaren bidez, EH Bildutik eskatzen diogu Udaleko teknikariek bisita egin dezatela, egiten ari diren obra eta jarduketa guztiak emandako lizentziaren baldintzetara egokitzen direla egiaztatzeko eta, hala ez balitz, espediente bat irekitzeko.

Azkenik, jakin nahi dugu ea udal zerbitzu teknikoek egiaztatu duten egiten ari diren proiektua bat datorrela baimendutakoarekin, eta, hala badagokio, lizentziarik gabeko obrengatiko espedientea ireki den eta/edo obrak osorik edo zati batean eten diren lizentziarik gabe. Are gehiago kontuan hartuta eremu batean gaudela, Parte Zaharra, Monumentu Eremu izendatzeko Dekretuaren arabera babes berezia behar duena.

EH Bildutik idatziz espero dugu Hirigintza Jasangarriko ordezkariaren erantzuna, horretarako arrazoizkoak diren epeak ez ditzan gainditu eskatuz.