AKTUALITATEA


| 2021-11-11 13:33:00

Parte Zaharrean arazo larriak daude: zerbitzu falta, zarata, Orixe ikastolak espazioa behar du… Beraz, hotelen edota ostalaritzaren arloko beste egitasmo bat da auzoak testuinguru honetan behar duen azken gauza. Eta proiektu hau irabazi-asmorik gabeko gisa aurkeztu nahi izatea herritarrei adarra jotzea da, gainera.

Jakina denez, Parte Zaharra merkataritza eta ostalaritza jarduerez gainezka dagoen eremutzat hartzen da, eta ezin da, hortaz, mota honetako negozio berririk ireki. Horren aurrean, zenbait hotel eta ostalaritza-enpresa, Parte Zaharraren merkataritza-erakargarritasunaz jabetuta, beren proiektuak beste izen batzuekin ezkutatzen saiatzen dira. Kaian, Portaviones izeneko eraikinean instalatutako negozioa jatetxea da, “baxurako arrantzaren balorazio eta berrikuntza zentro” moduan ezkutatuta. Eta horixe izango litzateke, halaber, PNVren hauteskunde-programan jasota dagoen eta oraindik zehaztu gabe dagoen «Brecha Berria» proiektua, baina tokiko produktuari eskainia. Kasu honetan, badirudi beste hotel bat kamuflatzen saiatzen ari direla, "ikasleen egoitza" izenarekin.

Donostiako ondarea kontserbatzeari dagokionez, deigarria da, halaber, eraikin berezi bat atzerriko inbertsio-funts bati saltzea. Gogora dezagun, Santa Teresa komentutik oso gertu, beste inbertsio funts batek erosi zuela iaz, oso-osorik, La Cueva eraikina (1813ko sutetik libratu zen bizitegi eraikin bakarra), eta, itxura guztien arabera, jatetxe handi bat kokatzeko.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Udal Gobernuari exijitzen diogu kitto esateko eta legezkotasun zalantzagarriko eta legitimitaterik gabeko proiektuak baimentzeari uzteko. Parte Zaharreko bizilagunak nazkatuta daude, 15 egunean behin mobilizatzen dira udaletxearen aurrean (gaur arratsaldean, adibidez), auzoari buruzko politika publikoak aldatzeko eskatzeko. Eta Santa Teresarentzako proiektu hau, hain zuzen ere, auzoan eskatzen ari direnaren kontrako norabidean doa. Baita, enegarrenez, hiri iraunkor baten ereduaren kontrakoan ere.