AKTUALITATEA


| 2021-11-16 13:09:00

Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onartu du gaur Garibai 23ko hotel berria. Zehazki, EAJk eta PSEk gaur onartu dute “Garibai kaleko 23. zenbakiko etxearen goiko solairuen hirigintza-erabilerak egokitzea, eta oso-osorik ostatu emateko erabilera tertziariora bideratzea”. Dokumentu hau zinegotzien gehiengoak onetsi beharko du Udalbatzarrean, abendukoan seguruena.

Hotel berri honi gaur emandako oniritziaren aurretik, Udal Gobernuak iragarri zuen hotelen hedapena geldiarazteko konpromisoa hartua zuela, hirian establezimenduen “kolmatazioa” dagoelako eta lizentzia berriak emateko “interes publiko” gehiagorik ez dagoelako.

Prentsan agertu ondoren, horixe bera Udal batzordean adierazi zuen atzo Nekane Arzallus Hirigintzako zinegotziak. Bertan, Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak hotelen hedapenari buruz galdetu zion Udal gobernuari, eta zinegotziak hotelen hedapena geldiaraziko zutela iragarri ondoren, Burutaranek Gobernuari eskatu zion “herritarrak engainatzeari uzteko”.

Alde batetik, Burutaranek gogorarazi zuen Udal Gobernuak antzeko neurria iragarri zuela 2018an, baina neurri horrek ez duela balio izan ezta hotel berri bat ere geldiarazteko. Gainera, orain erabili nahi duten hirigintza formula duela hiru urte erabili zuten bera da, eta, ondorioz, emaitza bera izango da. Proiektu baten interes publikorik eza argudiatzeko modu bakarra da hotelaren sustatzaileei HAPOren aldaketa puntuala eskatzea.

Hain zuzen, hotelen hedapena geldiarazteko promesa ezustean jaso genuen. Izan ere, osoko bilkura batean bai eta hurrengoan ere bai, Udal Gobernuak ez ditu onartu hotelen hedapena mugatzeko EH Bilduk egindako proposamenak. Aitzakia beti berdina da: Gobernuak ezin duela ezer egin eta eskuak lotuta dituela. Azken adibidea, joan den urriaren 29ko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran ikusi genuen, non EAJk eta PSEk EH Bilduren ebazpen-proposamena honi ezetz borobila eman zioten: “Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio HAPOren araudia aldatzeko, eraikin baten bizitegi-erabilera hirugarren sektoreko erabilera bihurtu ahal izango bada, HAPOren aldaketa puntual bat izapidetu eta onartu behar izan dadin, eta ez Plan Berezia bakarrik”.

Beraz, gobernuaren propaganda alde batera utzita, Donostia jasaten ari den hotel-oldea areagotzen ari da. Datu ofizialen arabera, 2016. urtetik 45 hotel eta ostalaritza-zerbitzu berri ireki dira Donostian. Gainera, Hirigintzako zinegotziak atzo bertan adierazi zuen Hirigintza Saila hamar bat eskaera aztertzen ari zela. Ez dakigu hamar proiektu horien artean Garibai 23koa zegoen ala ez, eta gainerako proiektuak honen bide beretik joango diren ala ez.