AKTUALITATEA


| 2023-03-29 11:32:00

EH Bilduk zuzenketak aurkeztu dizkio biharko Osoko Bilkuraren jorratuko den ostatu-erabilerak arautzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren espedienteari, Prentsaurrekoan Markel Ormazabal eta Ricardo Burutaran izan dira.

Markel Ormazabal: «Suspentsioa justifikatzeko teknikariek erabiltzen dituzten argudioak EAJ-PSEk azken 8 urteetan egindakoari osoko zuzenketa da»

Jakina denez, Udal Gobernuak ez die lizentziarik emango alojamentu turistikoei, urtebetez, hiri osoan pisu turistikoei dagokienez, baina auzo zehatz batzuetan hotelei dagokienez.

Horren aurrean, lehenik eta behin, esan behar da iragarpena udal hauteskundeetatik 80 egunera egiten dela.

Baina, batez ere, esan behar da baimenak etetea bera eta horretarako erabiltzen den justifikazioa Udal Gobernuak azken 8 urteetan egindakoari osoko zuzenketa dela. Hala ere, oraindik ez diogu gutxieneko autokritikarik entzun Goiari. Horregatik, EH Bilduren ustez, lizentzien suspentsioak ez du ezer konponduko, ez bada aldatzen Donostian azken urteotan ezarri diren politika turistikoen norabidea.

Esan bezala, lizentziak eteteari buruzko dekretuan jasotako argudioak azken urteotan egindakoari osoko zuzenketa dira. Hala ere, justifikazio honen pasarte nagusiak hitzez hitz jasota daude Turismo Gida Planean (2023-2017). Plan hori duela aste batzuk onartu zen Donostia Turismo Administrazio Kontseiluan, baina Udal Gobernuak oraindik ez du horren berririk eman.

Besteak beste, onartzen da hazkunde turistikoa «izugarria» izaten ari dela, eta era berean, onartzen da 2018ko pisu turistikoen ordenantzak ehunka pisu turistiko «de facto legeztatzea» ekarri zuela, eta gainera, «ez zituela konpondu etxebizitza turismo-salgai bihurtzearekin lotutako arazoak». Etorkizunari begira adierazten da Christie & Co agentziak hirian eskaintza %19,6 handitzea aurreikusten duela 2023tik 2025era bitartean.

Turismo Gida Planean jasota dauden beste gai batzuen artean, Udal Gobernuak oraindik ere donostiarrei aurkeztu ez dien turismo politikei buruzko balorazio inkesta dago. Inkesta horren arabera, Donostiako herritarren %67k uste du «bisitarien kopuruari dagokionez, goia jo dela» eta %35ek nahiago du bisitarien etorrera mugatu. Era berean, biztanleen %38k uste du jarduera turistikoak eragin negatiboa duela, eta %52k bere ohiko aisialdi-lekuetatik kanporatuta sentitzen dela. Parte Zaharrera hurbiltzen ez direla onartzen duten donostiarrak gehiengoa dira.

Ricardo Burutaran: «Goia alkatea denetik etxebizitzaren prezioa %42 igo da Amara Berrin eta %51 Egian, eta neurriak hartu behar dira»

Biharko Udal batzarrean eztabaidatuko den ostatu-erabilerak arautzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren espedientean lizentziak eteteari buruzko puntuan EH Bilduk zuzenketak erregistratu ditu. Zehazki, hoteletarako lizentzien suspentsioa etxebizitzaren prezioarekin arazo larriak dituzten beste eremuetara zabaltzeko eskatuko dugu, hala nola Amara Berri, Egia, Intxaurrondo Zaharra eta Arriola.

Goiak, azken 8 urteotan, 50 lizentzia eman ditu hotelak irekitzeko, eta ondorioz, gaur egun hirian % 50 plaza turistiko gehiago daude. Denbora-tarte berean, gutxi gorabehera etxebizitzaren prezioa %50 igo da Donostian. Izan ere, bi fenomenoak zuzenean lotuta daude. Eta hori ez da iritzi bat, datu objetibo bat da, nahiz eta Eneko Goiak behin eta berriz ukatu duen azken bi legegintzalditan.

Bihar eztabaidatu eta bozkatuko den dekretuan, pentsatzen dugu Goiaren aldeko botoarekin, hitzez hitz hau esaten da:

Presio turistikoak kalteak eragin ditu hiri osoko etxebizitza-parkean eta, bereziki, turismo gehien duten auzoetan. Hala, erabilera turistikorako 1.352 etxebizitzek, hotelak, pentsioak eta aterpetxeak, hiriko bizitegi-parke erreal eta eraginkorra murrizten dute, eta, beraz, etxebizitza horiek desbideratu egiten dira herritarren etxebizitza-eskubideari erantzuteko duten eginkizun nagusitik. Horrek esan nahi du ohiko bizilekurako izan behar ziren etxebizitzak murriztu egiten direla, bereziki arazo horrengatik gehien kaltetutako auzoetan, eta, gainera, auzo horietan bizi den biztanleria murriztu egiten da. Etxebizitza garestitu egiten da auzo horietan (bai erosketan, bai alokairuan), etxebizitzak alojamendu turistiko bezala erabiltzea ekonomikoki errentagarriagoa delako.

Alde horretatik, eta turismo-ostatuen hazkundearen eta etxebizitzaren garestitzearen arteko harremana ebidentzia bat dela kontuan hartuta, Egia, Amara Berri edo Intxaurrondo Zaharra bezalako auzoak ere lizentzien suspentsioaren eremuan sartzea proposatzen dugu. Adibidez, Idealista atariaren arabera, etxebizitzaren prezioa %42 igo da Amara Berrin Goia alkatea denetik, eta %51 Egian, gero eta pisu turistiko gehiago dauden bi auzotan.

Horrek guztia osoko zuzenketa bat da, ez bakarrik Goia jaunak urte hauetan ezarri duen turismo politikari, baita etxebizitza politikari ere; izan ere, turismo-politika horrek milaka gazte auzoetatik eta hiritik kanporatzea eragin du (3.375, Foru Aldundiaren txosten baten arabera). Hortaz, biharko osoko bilkurari begira, Udal Gobernuak, bere osotasunean, baina batez ere alkateak, turismoko zinegotziak eta hirigintza jasangarriko zinegotziak, orain arte egindako kudeaketaren autokritika egingo dutela espero dugu.