AKTUALITATEA


| 2019-05-09 19:00:00

Donostia aldaketa prozesu batean sartuta dago, alor guztietan, non balio zaharrei espazioa irabazten dieten eta hiriaren ateak parez pare etorkizunari eta modernitateari irekitzen dizkieten mugimendu sozialak ageri zaizkigun:

  • Mugimendu feministak kolpea jo du mahai gainean Donostian azken bi urteotan eta kolokan jarri du oraindik ere nagusi den patriarkatua.

  • Pentsiodunen mugimenduak zur eta lur utzi ditu zaharkitutako hiri bat hiri kontserbadorea zela pentsatzen zutenak, eta horregatik, poz-pozik zebiltzanak.

Baina balio aldaketak ezezik, egiturazko aldaketa ekonomikoak ere gertatzen ari dira Donostian:

  • Turistifkazio prozesuak hankaz gora jarri ditu jarduera honen eta donostiarren bizimoduaren artean duela zenbait urtera arte zegoen oreka. Industria desagertu egin da ia-ia; zeresanik ez, arrantza eta nekazaritza, eta gero eta gehiago, zerbitzu hiria gara.

Donostia gaur egun gobernatzen dutenek soil-soilik turismoan oinarritutako ereduaren aldeko apustuaren ondorioak hemen dira:

  • Etxebizitzaren alokairuaren prezioa %30 igo da Goia-Gasco bikotearen agintaldian, eta salerosketa prezioak ere burbuila inmobiliarioaren garaikoen pare daude ia-ia. Pertsona askok beren burua beren betiko auzoetatik kanporatuta ikusten dute, beraz, ezin dutelako han bizi.

  • Ekonomia arloko eta auzoen arteko desorekak areagotzen ari dira, gure hiriaren nortasunaren ezaugarrietako bat kolokan jarrita: kohesio soziala. Izan ere, duela oso gutxira arte, ezberdintasun gutxien zuen Hego Euskal Herriko hiraburua zen Donostia, eta orain, aldiz, auzorik aberatsenen errentak (Miramon) hirukoiztu egiten du errentarik baxuena duten auzoetakoa.

  • Eta lan arloko prekarietateak, turistifikaziarekin ere lotuak, zaildu egiten du bertan bizitzea, nahiz eta ez den soilik Donostiako arazoa

Egoera honen aurrean, EH Bildu osatzen dugun gizon eta emakumeok uste dugu ezinbestekoa dela norabide aldaketa. Eta gure helburua argia da: nork bere bizi-proiektua Donostian egin ahal izatea.

  • Hiri bat, non denok etxebizitza bat izango dugun eskura geure bizi-proiektua aurrera eramateko, eta non gure seme-alabek, anaia-arrebek, lagunek ez duten auzotik kanpora bizitzera joan beharko.

  • Hiri bat, non emakumeok, eraso matxistak direla-eta, beldurrik gabe ibili ahal izango dugun kalean.

  • Hiri bat, non lanpostu duinak eta kalitatezkoak sortzearen aldeko apustua egingo den.

  • Hiri bat, non euskaraz bizi eta elkarbizi ahal izango dugun.

  • Hiri bat, non memoria izango dugun, presorik ez den izango eta ez den ukatuko inoren sufrimendua.

  • Hiri bat, non nork bere sexu hautua egin ahal izango duen askatasunez.

  • Hiri bat, non gure seme-alabek ingurune atseginetan jolastu eta ondo pasatu ahal izango duten.

  • Hiri bat, non hirugarren adineko pertsonek beren bizi-proiektua garatu ahal izango duten, erretiroa hartu ondoren ere, eskubide hori dutelako eta ezin dielako inork etorkizuna lapurtu.

  • Hiri bat, denda txikiekin eta non ez diren merkataritza gune handiak sustatuko.

  • Hiri abegikor bat, harrera hiri bat.

  • Eta hiri bat, non auzoetako espaloi eta lorategiak Kontxakoak bezain dotore egongo diren.

Baina hau dena ez da gertatuko, baldin eta azken urteetako bidetik jarraitzen badugu. Donostiak utzi behar dio industriarik gabeko hiri turistikoen ereduari begiratzeari, utzi behar dio Estatuko leku askotan nagusi den eredu horri, eta Europara eta modernitatera bueltatu behar du begirada.

Eta horregatik, EH Bildutik dei egiten diegu Donostiako eragile sozial, sindikal, ekonomiko, politiko eta instituzional guztiei, elkarrekin lan egiteko eta hiri-hitzarmen berri bat egiteko. Balio zaharrek ez dute orain balio eta gaur egungo sistema ekonomikoa ezberdintasun ugariren iturri da. Donostiak donostiar guztion arteko kontratu berri bat behar du, inor bazterrean utzi gabe, etorkizunari etsipenik gabe eta itxaropenez begiratzeko.

Hauxe da datozen urteetako gure konpromisoa. Zenbat eta boto gehiago EH Bildurentzat maiatzaren 26an, orduan eta bultzada handiagoa hiri-hitzarmenari. Alternatiba geldirik egotea da, begira, nola hazten diren ezberdintasunak, nola galtzen dituzten espazioak donostiarrek hiriaren interesekin zerikusirik ez duten hainbaten mesedetan. Beste hiri batzuetan ikusi dugu hau. Garaiz gaude geure etorkizunaren jabe izateko