AKTUALITATEA


| 2019-12-03 12:48:00

Lehenik eta behin, zoriondu nahi ditugu Realeko emakumezkoen futbol eta hockey taldeak, 2020ko Urrezko Danborra jasotzeagatik.

Baina saridunen izen-abizenak alde batera utzita, EH Bilduk berretsi nahi du Eneko Goiak Urrezko Danborra aukeratzeko prozedura aldatzea erabaki zuenean adierazi zuena: herritarren ahalduntze prozesuan atzerapausoa eman du Udal Gobernuak. Hori dela eta, gaurko Bozeramaile Batzordean EH Bilduk ez du parte hartu azken erabakia hartzeko ariketan. Orain arteko prozeduraren arabera, udal taldeon lana hiru izen aukeratzera mugatzen zen eta gero azken erabakia herritarren esku uzten zen. Aurten ere EH Bilduk hiru izen proposatu ditu, eta gero haien artean herritarrei erabakitzeko aukera eskaintzea proposatu du, eta EAJk, PSEk eta PPk ezetz esan dute. Ondoren, Eneko Goiak prozeduran sartutako aldaketaren ondorioz, azken erabakia hiru udal taldeen artean hartu dute gaur. Joan den urtean 3.666 donostiarren artean erabaki zutena hiru kargu politikoren artean erabaki dute aurten. Atzerapauso erraldoia.

Jakina denez, 2017ko edizioaren eskandaluaren ondoren, saridunaren aukeraketa herritarren partaidetzaren bidez egiten hastea ongi baloratu genuen udal talde guztiok, baita jendartearen gehiengoak ere. Aldiz, 2020ko edizioari begira, Eneko Goiak herritarren partaidetza bigarren mailara eraman nahi izan du berriz ere, eta hemendik aurrera galdeketa soilik egingo da baldin eta, Bozeramaile Batzordean, Udalbatzako ordezkaritzaren bi herenen arteko adostasunik ez bada lortzen. Hau da, politikariek kontrolpean mantendu nahi dute prozesu osoa. Ez da sorpresa bat izan, beraz, aurten sariduna herri galdeketara eraman ez izana.

Baina, Urrezko Danborraren aukeraketan emandako atzerapausoa ez da ekimen isolatu bat izan Eneko Goiak zuzentzen duen Udal Gobernuaren jardueran. EAJ-PSEren kudeaketa ereduaren adibide paradigmatikoa da, parte hartze politiketan atzerapausoak bata bestearen atzetik ematen ari batira. Gaur Urrezko Danborraren aukeraketa izan da, baina gogoratu behar da 2020ko aurrekontuetan ez dagoela herritarrekin eta ehun sozialarekin batera prestatutako egitasmorik. Are gehiago, partaidetza prozesuetatik eratorriko egitasmoak ere deuseztatzen ari da Goiaren Gobernua. Adibidez, auzotarrekin egindako prozesu parte-hartzaile baten bidez erabakitako kirol kantxa kendu dute Egia auzoko Blas de Otero plazan; auzotarrekin hitz egin gabe, gainera.

2021eko edizioari begira Urrezko Danborraren saridunaren aukeraketaren gaitasuna herritarrei itzultzeko eskatuko du EH Bilduk.