AKTUALITATEA


| 2023-05-30 15:10:00

EH Bilduk inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Donostiako Udalean, donostiarren 23.387 botorekin. Hala, indar bozkatuenetik bereizten gintuzten ia 14.000 botoen aldea nabarmen murriztu da, izan ere, egun, bien arteko aldea mila boto eskasekoa da.

Beraz, lehenik eta behin, EH Bilduk ordezkatzen duen proiektua babestu duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu. «Eskerrik asko bihotzez. Eskerrik asko proiektu honetan konfiantza izan duten guztiei, gauzak beste era batera egin daitezkeela eta egin behar direla uste duten guztiei».

Juan Karlos Izagirre koalizioko alkategaiak agerraldia egin du gaur goizean hautetsiak izan diren hautagaiekin, eta beste datu garrantzitsu bat azpimarratu du: botoen batuketari esker, koalizioak lehen aldiz hautsi du emandako botoen %25eko muga. Zehazki, eman diren botoen %26,7 izan dira EH Bildurentzat. «Datu historikoak dira. Hala iragarri genuen, eta hala gertatu da, inkesten ematen zituzten aurreikuspenak ere gaindituz», gogorarazi du.

 

EH Bilduk bere bigarren posizioa indartu du eta zortzi zinegotzi emango dizkio Osoko Bilkurari, hau da, azken legealdi honetan izan dituenak baino bi gehiago. «Hautesontziekin izandako hitzordu honetan, ia 3.000 boto gehiago lortu ditugu 2019ko hauteskundeekin alderatuta, hau da, %15eko igoera erregistratuz abstentzioa %40 hazi den arren, duela lau urte baino sei puntu gehiago», zehaztu du.

 

Auzoetan erregistratutako datuak ere oso garrantzitsuak dira, EH Bildu baita boto gehien jaso dituen aukera hogeita bat auzoetatik hamaikatan: Alde Zaharra, Morlans, Egia, Añorga, Ulia-Ategorrieta, Igeldo, Loiola, Martutene, Intxaurrondo, Zubieta eta Txomin. Azpimarratzekoa da, halaber, hiriaren ekialdeko barrutian (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta), koalizioak gainerako alderdiek baino boto gehiago lortu dituela, eta lehen indarra da 4.828 botorekin.

 

Emaitza hauek azken urteotan auzoekin eta auzotarrekin batera egindako lanaren emaitza dira; elkarrekin landu eta garatu ditugun proposamenek hiritarren babesa eta bermea dutela baieztatzen dute datuek. Ondo egindako lanaren emaitza dira. Eta, alde horretatik, aipamen berezia egiten diegu Ekialdeko barrutiari, Urumearen ardatzari eta Parte Zaharrari.

 

Donostia mailako datuetara itzuliaz, horiei esker, gainera, Maddalen Iriarteren hautagaitza indartu da Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko. Hala, EH Bildu da lurraldeko zerrendarik bozkatuena 22 eserlekurekin, 2019an baino bost gehiago. «Maddalen Iriarte garaile izateko herritarren babesak batzearen garrantziaz ohartarazi genuen, eta hala izan da».

 

«Herritarrek hitz egin dute, eta argi utzi dute gobernatzeko beste modu bat nahi dutela, hiria egiteko beste modu bat. Begirada hurbilago bat, pertsonak inplikatzen dituena. EH Bildurentzat agerian geratu da azken urteetako gobernantzarekin ez dagoela pozik. Horrela, eta gure posiziotik, beste eredu baten alde lan egingo dugu, donostiarrek Donostian bizitzeko eta gozatzeko aukera izango duten hiri baten alde».