AKTUALITATEA


| 2019-08-14 15:16:00

Honen aurrean, lehenik eta behin, erasoak pairatu dituzten pertsonei gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu. Eta bide batez, guk sinesten dizuegula adierazi nahi dizuegu publikoki, inongo ñabardurarik gabe. Era berean, Piratek erasoei erantzuteko erakutsi duten determinazioa txalotu nahi dugu.

Zoritxarrez, Aste Nagusi honetan gertatzen ari dena ez da salbuespen bat gure hirian. Azken urteotan Donostian eraso sexisten gorakada ikaragarria da eta Aste Nagusikoa joera horren beste adierazlea da. Gogoratu beharra dago, baita ere, 2018ko Aste Nagusian 9 eraso matxista egon zirela, tartean Urnietako gazte baten erahilketa.

Eta EH Bildutik adierazi behar dugu egoera honen aurrean udal gobernuak ezin duela beste aldera begiratu, edo dagokion erantzukizuna ekiditen saiatu. Erasoen tamainako erantzuna eman behar du Udalak, argi geratzen ari da erantzuna ezin dela 5 minututako kontzentrazio bat baino izan. Zentzu honetan, “Donostiako Piratak” mugimenduak bidea erakutsi diote udalari, gaurko egitaraua bertan behera utziaz.

Izan ere, Donostiako EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du Donostiako udala atzean geratzen ari dela indarkeria matxistaren aurkako borrokan. Donostiako udal gobernuak ez du bere lehentasunen artean indarkeria matxistaren aurkako borroka. Eneko Goiaren lehentasunak, bistan denez, beste batzuk dira.

Zentzu honetan nabarmendu behar da Donostiako Piratek egin behar izan dutela udalak egiten ez duen lana. Adibidez, Piratek eraso matxistak salatzeko ezartzen duten “Puntu Morea” askoz ordutegi egokiagoa du Udalak ezartzen duen Stand-a baino (atzo 22:30ean itxi zuen udalarenak).

Baina indarkeria matxistaren arazoa lehen mailakoa da Donostian, eta egiturazko neurriak hartu behar dira. Azken finean, gaurko prentsaurrekoan Piratek adierazi duten moduan, “Gutako erdiaren segurtasuna eta askatasuna ezin badugu bermatu, ez dago festarik”