AKTUALITATEA


| 2020-04-28 13:27:00

Donostiako hondartzak eta parkeak irekitzearen edo ez irekitzearen inguruan dagoen eztabaidaren aurrean, EH Bilduren iritziz, osasunaren ikuspegia lehenetsita, ahalik eta espazio gehiago izatea herritarrek segurtasun distantziak mantentzeko biderik onena da.

Hondartzak (Kontxa, Zurriola, Ondarreta) eta parke publikoak (Ametzagaina, Cristina/Gladys-Enea...) auzoetako hiri-paisaiaren parte dira, plazak, kaleak eta paseatzeko baimenduta dauden gainerako eremuak bezalaxe.

Gainera, eremu oso populatuen ondoan daudela kontuan hartuta, ez dago hiri-espazio erabilgarria handitzea baino modu hoberik herritarrek segurtasun distantziak mantentzeko. Ez du zentzurik ustezko "dei-efektu" batean ezkutatzea, Eneko Goia alkateak egin duen bezala, hondartzetatik km 1 baino gehiagora bizi direnak ezingo baitirateke haraino iritsi.

Era berean, ez du zentzurik Madrilen irizpideen zain egoteak, Udalaren eskumena baita hondartzak eta parkeak irekitzea edo ixtea, eta egungo egoeran alkateak mahai gainean ditu erabakitzeko elementu guztiak. Nolanahi ere, aurreikuspenen arabera, gero eta kolektibo gehiago aterako dira etxetik, eta, beraz, alkatearen jarrera are ulertezinagoa da.

Izan ere, hondartzak eta hiriko gainerako espazioak donostiarrenak dira, ez dira postal edo publizitate-iragarki baten argazkiak. Herritar gehienek arduraz eta gizalegez jokatu dute orain arte, eta deseskalatze prozesuan ere hala egingo dute.