AKTUALITATEA


| 2020-02-10 01:15:00

Hotel berrien uholdea gero eta handiagoa da. Ia astero-astero proiektu berriak, lizentzia berriak edo irekiera berriak ezagutarazten dira. Eta joera hori areagotu egingo da datozen hilabete eta urteotan. Izan ere, Donostia da estatuko hiririk errentagarriena hotel bat irekitzeko (+% 7 2019an, sektorearen beraren azken datuen arabera). Hau da, Donostia gaur egun mezu argi bat igortzen ari zaie sektoreko operadore handiei: “Etorri Donostiara hotel berri bat irekitzera”. Eta jakina da operadore hauen helburu nagusia etekin handiena ateratzea dela, eta ez donostiarron bizimodua defendatzea.

Hauxe izan beharko litzateke Eneko Goia alkatearen eginkizun nagusia, baina ez dugu ikusten, ez bere diskurtsoan, ezta bere gobernu jardueran ere, hotelen uholdearengatik kezkatuta dagoenik. Honen aurrean, hiria eta herritarrak babes gabe daudela salatu beharrean gaude. Eta gainera, Eneko Goiaren jarrera lasai horrek, sektorean aski ezaguna denak, hotel berrientzako "dei efektua" areagotzen laguntzen du.

Neurri eskasak

Gogoratu behar da bere garaian Udal Gobernuak bi neurri hartu zituela hotelen inguruan. Bi neurri horiek apalegiak zirela adierazi genuen orduan baina, borondate politikoa egongo balitz, hotelen ugaritzeari muga jartzeko balio zezaketen, sektoreari mezu argi bat bidaliz.

Alde batetik, Parte Zaharra merkataritza jarduerarako (hotelak, pentsioak, aterpetxeak eta abar) gune saturatu izendatuko zutela iragarri zuten. Hala ere, bere garaian salatu genuen bezala, neurri hori beranduegi iritsi zen. Izan ere, Goiak askoz lehenago iragarri arren, neurria hainbeste atzeratu zenez, Kale Nagusiko 31. zenbakiko hotel berriari lizentzia emateko denbora eman zitzaion.

Zentzu honetan, EH Bildutik ohartarazi nahi dugu Udal Gobernuak ezarritako lizentzien etetea ekainaren 7an amaituko dela. Gune saturatu izendatzeak Plan Orokorrean aldaketa bat egitea eskatzen zuen, eta lizentzien etetea aldaketa horren ondorioa zen. Baina tramitazioa geldirik dago 2019ko urtarriletik, eta, datozen asteetan bukatzen ez bada, ekainaren 8tik aurrera berriro eman ahal izango zaizkie lizentziak hotel berriei. Puntu honetan, gogoan dugu enpresa talde batek La Cueva eraikina erosi berri duela. Espero dugu beste atzerapenik ez egotea, horrek interes pribatu jakin batzuei bakarrik mesede egingo liekeelako.

Bestalde, Udal Gobernuak aurrekanpainan iragarri zuen bizitegi-eraikin osoak hotel bihurtzea mugatu nahi zuela. Hitzez hitz esan zuten helburua zela "hiriaren erdigunea batez ere bizitegi-eremu gisa mantentzea, eta turismoak egiten duen higiezinen presioagatik bizilagunez ez hustutzea". Zehazki egin zutena 2019ko otsailean HAPOren aldaketa bat onartzea izan zen. Funtsean, aldaketa horrek bizitegi-eraikinetan hotel berriak irekitzeko tramite administratibo berri bat ezarri zuen: Plan Berezi bat egin behar zuen Udalak. Beste era batean esanda, lizentziak emateko orduan, azken hitza udalbatzarrak izango zuen. Esan genuen bere garaian neurri horrek ez zuela eragotziko hotel berriak irekitzea bizitegikoak ez diren eraikinetan, eta horixe gertatzen ari da. Edozein kasutan, neurriaren hasierako onarpena 2019ko otsailean eman arren, hortik aurrera tramitazioa eten egin da, eta oraindik ez da bigarren aldiz pasatu udalbatzarretik behin-behineko onarpena emateko (indarrean sartzeko hiru aldiz pasatu behar da udalbatzarretik).

Egoera okerrera doa

Kontua da gero eta hotel gehiago daudela Donostian, eta gero eta gehiago irekitzen ari direla. Eta Gros ingurua hotel enpresa taldeen jomugan dagoela dirudi. Izan ere, zenbait hotel berrien irekiera denon ahotan dago: hotel handi bat Ulian, beste bat San Pio X.aren parrokian (Ategorrieta), Clareten (Sagues)...

Baina, Udal gobernuak berak kanpainaurrean onartzen zuenez, hotelak ugaritzeak ondorio txarrak ditu hirian. Ondorioak etxebizitza eskubidean, merkataritza ereduan eta hotelez betetzen diren auzoen eguneroko bizitzan. Horri gehitu behar zaio auzo berdinetan pisu turistikoak ere ugaritzen ari direla. Datu bat ematearren, INEk argitaratutako azken errolda datuen arabera, hamar urtetan Grosek 1.144 biztanle galdu ditu (%6); Zentroak 639 (%7) eta Parte Zaharrak 313 (%5), hiriak %1 irabazten zuen bitartean.

EH Bilduren proposamenak

EH Bildutik uste dugu Eneko Goiaren Gobernuak erreakzionatu egin behar duela, eta neurri berriak eta eraginkorragoak jarri behar dituela martxan. Uste dugu hotel-enpresa handiei mezu argia bidaltzeko garaia dela.

EH Bilduk Gobernu bokazioa du, eta ez gara kudeaketa negargarri baten salaketa hutsean geratuko. Oso egingarriak diren hiru neurri aurkezten ditugu, Donostian jasaten ari garen hotel-uholdearen aurrean herritarrak babestea helburu dutenak:

1.- Gobernuari proposatzen diogu Gros-Ulia eta Erdialdea ere gune saturatu izendatzea. Horrela, bertan ezingo dira hotelak, pentsioak, aterpetxeak, etab. ezarri, ezta etxebizitza turistikorik ere.

2. Proposatzen dugu bizitegi-jarduera batetik hotel-jarduera batera aldatzeko HAPOren aldaketa behar izatea. Gobernuaren proposamenean Plan Berezi bat baino ez da eskatzen. HAPOren aldaketa bat udal ekimenekoa da, eta Udalak ez badu nahi, ez da tramitatzen.

3. Eskatzen dugu berehala amaitzea Parte Zaharrari buruzko HAPOren aldaketa, Parte Zaharrean hotel gehiago ireki ez daitezen. Ekainaren 7ko mehatxua bertan dago, baino espedienteak geldirik jarraitzen du. Eskakizun hau datorren asteko Udal batzordeetara eramango dugu.