AKTUALITATEA


| 2022-11-30 14:34:00

Eneko Goia alkateak garraio publikoan deskontuak mantentzearen inguruan gaur goizean erakutsitako jarreraren aurrean, EH Bilduk zera adierazi nahi du:

EH Bilduren iritziz, ezinbestekoa da garraio publikoaren erabilera sustatzea, are gehiago krisi ekonomiko eta ekologikoaren testuinguruan, prezioak etengabe gora egiten jarraitzen dutenean. Horrek ere lehentasuna izan beharko luke Donostiako Udal Gobernuarentzat, eta 2023ko aurrekontuan islatuta egon beharko luke. Gainera, ez dago inolako arazo administratiborik hori egiteko, aurtengo aurrekontuen proiektuaren elaborazioa ohiz kanpoko atzerapena baitarama.

Gogora dezagun Eusko Legebiltzarrak, joan den ostegunean, aho batez onartu zuela 2023rako %50eko deskontuak luzatzea garraio publikoan, prezioen igoera orokorrak familia ekonomietan duen eraginari aurre egiteko neurri gisa. Beraz, Goiaren adierazpenak ez dira onargarriak eta berehala zuzentzeko eskatzen dugu.

Bestalde, Goiak esan du Donostiako ogasunerako kostua 10 milioi eurokoa izango litzatekeela. Bada, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Donostiako Udalerako benetako kostua 1,7 milioi eurokoa izango litzateke. Zehazki, Arriola sailburuak duela gutxi erantzun zuen, EH Bilduren galdera bati emandako erantzunean, neurri hori Donostian ezartzearen kostu osoa 8,5 milioi euro izango litzatekeela; horietatik 6,8 milioi euro Eusko Jaurlaritzak ordainduko lituzke eta 1,7 milioi euro Donostiako Udalak.

Era berean, ez da ulertzen udal gobernua ez egon izana atzo Garraio Agintaritzaren bileran. Gaia lehen mailako garrantzizkoa izanik, gainera. Eneko Goiak egon behar du donostiarrentzat hain garrantzitsua den bilera batean. Bileran parte hartu eta bere jarrera defendatu beharko zukeen, hurrengo goizean irrati publikoko mikrofonoen aurrean defendatu beharrean.

Beraz, interes orokorraren ikuspegitik, deskontuak mantentzea guztiz beharrezkoa da. Are gehiago Donostian, bizitzaren garestiak bereziki zigortutako hirian. Goiak neurria ezartzeari uko egiteak ez du oinarri ekonomikorik, ez administratiborik. Atzean dagoena da Eneko Goiak bere alkatetzan erakutsi duen joera ideologikoa. Berriro ere, donostiarrak eta kalitatezko sistema publikoa galtzaile.

Nolanahi ere, Goiak azaldu beharko die donostiarrei zergatik ez duen neurria babesten. Horretarako, EH Bilduk alkatearen presazko interpelazio-eskaera erregistratuko du.