AKTUALITATEA


| 2020-04-17 12:36:00

1979ko ekainaren 3an hil zuen Guardia Zibilak tiroz Gladys del Estal, eta ordutik, urtero egin dute hura oroitzeko omenaldia haren auzoan, Egian. 2019an, 40 urte bete ziren gertakari horretatik, eta Gladys Gogoan plataformak omenaldi berezia prestatu zuen Cristina Enea parkean.

Omenaldi horretan Gladys del Estalekin lotura izan zuten askotariko pertsonak bildu ziren: lagunak, ikaskideak, auzokideak eta mugimendu antinuklearreko kideak. Era berean, Eguzkik, EHUko Informatika Fakultateak eta Kalapie elkarteak ere bat egin zuten bertan.

Horiek horrela, aurreko astean (2020ko apirilaren 11n) Eguzkik aditzera eman zuenez, 2019ko ekainean Cristina Enea parkean egindako omenaldiaren harira, eremu publikoa erabiltzeagatiko ordainagiria jaso zuen. Bertan, 8,40 euro ordaintzeko eskaera egiten zen.

Eguzkik salatu bezala, diru-kopurua ez da handia, baina kezkagarria iruditzen zaigu biktima bati egindako keinu batengatik horrelako kargak ezartzea.

Egun hartan biktima baten 40. urteurrenaren inguruko omenaldia egin zen Cristina Enea parkean, beste hainbat biktimekin egin ohi den moduan. Eta egun hartan ere,  Gladys del Estal biktimaren inguruko senide, lagun eta kideek antolatu zuten omenaldia, beste hainbatetan bezala.

Eremu publikoaren erabilera biktima batekiko omenaldia izanik helburu gisa, lekuz kanpo ikusten dugu ordainagiririk ezartzea bertan parte hartu zuen eragileetako bati.

Hori dela-eta, hauxe da behean sinatzen duen zinegotziak egindako

GALDERAK

  • Zer dela eta erabaki du Donostiako Udalak ordainagiri hori bidaltzea Eguzkiri?
  • Zer iritzi du Udal Gobernuak biktimen omenaldiak eremu publikoan egitearen inguruan?
  • Biktimen omenaldi ekitaldien antolatzaileei eremu publikoa erabiltzeagatiko ordainagiria helaraztea al da Udalaren irizpidea? Kasu guztietan egiten al da? Mota honetako zenbat ordainagiri helarazi dira agintaldi honetan?
  • Zer egiteko asmoa du Udal Gobernuak Eguzkiri iritsi zaion ordainagiri horrekin?