AKTUALITATEA


| 2024-03-27 12:07:00

Turismoaren kudeaketak ezinbestean izan behar ditu donostiarrak erdigunean. Auzoek eta bizilagunek behar dute izan indarrean jartzen diren politiken epizentroa. Horrela, eta ez beste modu batera, izango ditugu turismo jasangarria eta orekatua erdiesteko benetako aukerak. Pixkanaka horretara gerturatzeko aukerak, bederen. EH Bilduk ohartarazi zuen legealdiaren hasieran eta berresten da orain ere: Donostia bidegurutze batean aurkitzen da, turismo jarduera puntu kritiko batera heldu da eta legealdi hau mugarria izango da egiazko norabide aldaketa bat proposatzeko. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko, esaten dena egiteko.

Donostian turista-taldeetako gehieneko pertsona kopurua mugatuko denaren iragarpena Aste Santuko oporraldiaren atarian ailegatu da, eta sektorearen goi-denboraldia hasteko aste batzuk baino falta ez direnean. Turismo jarduera arautzeko eta antolatzeko urrats oro ongi etorria da; izan ere, turismoa da azken hamarkadan Donostian eta Gipuzkoan gehien hazi den jarduera ekonomikoa, eta, aldi berean, gutxien arautu den sektorea. Beraz, hirian dabiltzan turista-taldeak arautzen hasteko Udalak aurkeztutako neurria begi onez ikusten dugu, nahiz eta neurria labur geratzen dela eta nahikoa ez dela ohartarazi behar dugun.

Turista taldeak ezingo direla 25 pertsona baino gehiagokoak izan iragarri den honetan, Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak eta Markel Ormazabal zinegotziak agerraldia eskaini dute, iragarritakoaren balorazioa egin eta egiteke dagoenaz mintzatzeko.

Donostian sektore turistikoak pisu handia duela gogoratu badu ere (BPG-aren ia %14a suposatzen du), azkeneko urteetako garapen turistikoak hirian izan dituen ondorio negatiboak aipatu ditu Izagirrek: donostiarren %91k uste du etxebizitzaren prezioan eragin zuzena eta negatiboa izan duela sektoreak, erabilera turistikoa eta negozioa lehentsi direlako eta inbertsio funtsen iritsiera elikatu delako; mugikortasunean ere kalteak sortu ditu, erdigunean zein hiriko sarbide eta irteeretan trafiko arazo handiak sortuz; eta jende pilaketak ohikoak bilakatu dira, auzo batzuetako barne mugikortasuna asko zailduz, besteak beste.

Egoerak donostiarrongan ezinegona eta kezka piztu ditu eta argi diogu: hauei ezin zaie bizkarra eman, ebidentzia dira. «Eta ez dira guk, EH Bilduk, soilik sostengatzen dituen baieztapenak: inkestek eta ikerketek berresten dituzten sentipenak baizik, azkena, EHUko ikertzaile talde batek egindakoa. Bertan jasotakoak oso kezkagarriak dira, eta hausnarketarako parada ireki beharko lukete. Horretarako dei egiten dugu. Ez da konsolidatzeko ezta promozionatzeko garaia, leheneratzeko garaia baizik», adierazi du.

Aurrenekoz, turismoari zuzendutako udal politika publikoez galdegin zaie donostiarrei eta emaitzek argi hitz egin dute: hiritarren %85ak uste du partaidetza handitu beharko litzatekeela turismoaren inguruan erabakiak hartzeko unean. Noiz kontrastatu da materian hartu diren neurriak kaltetutako auzoekin? Era berean, turismo estrategiaz galdetuak izateko donostiarrek sentitzen duten beharra jasotzen du txostenak.

Halaber, hiritarren %78ak uste du hartu diren erabakiek turista lehenetsi dutela bizilagunaren gainetik eta ia portzentaia berak (%72) uste du Udal Gobernuak aurrerantzean turismoaren bueltan har ditzakeen erabakiak ez direla norabide egokian etorriko. Honek etsipena sortzeaz gain, konfiantza galera eragiten du. Jendea entzun eta norabide horretan gobernatu, justu Udal Gobernua egiten ari ez dena.

Donostiarren %76k esan du turismoak ez duela lagundu bizi-kalitatea hobetzen, %77k dio turismoa ez dela sustatu behar eta oso garrantzitsua dena: donostiarren %62 protestatzeko prest dago. Sortutako haserrearen sintoma argia dira. «Arazo bat dugu, eta ahalik eta adostasunik handienarekin landu behar da irtenbidea. Herritarrengan eta haien beharretan pentsatzea da gure obligazioa, sektore turistikoaren presioen gainetik, donostiarren konfiantza berreskuratzeko».

Taldeen dimentsioak eta ordutegiak: hausnartzeko beharra

Jendartearen ezinegonak, ikerketekin demostratuak, erakusten du udal politikak ez direla beharrei erantzuten ari. Orain ere, turista-taldeak erregulatzeko neurriak garrantzitsuena den subjektuari bizkar eman diote EAJ-PSEk, adierazi du Ormazabalek. «Zergatik 25 pertsona eta ez 20, adibidez? Azalpena sinplea bezain harrigarria da: hirira bisitariekin etortzen diren autobusetan 50 lagun sartzen direlako, eta horietako bakoitza bi talde turistikoetan sartzeko moduan estimatu duelako Udal gobernuak».

Gogoratu behar da Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak iazko ekainean egin zuen salaketak azkartu zuela ‘Gida onaren dekalogoa’ deritzona, eta EH BIlduk 2023ko uztaileko Osoko Bilkurara eraman zuela bizilagunen salaketa mozio bidez, honako bi puntu hauekin:

1.- Bisitari eta turista oldeak eragindako kalteak saihesteko, turista-taldeen dimentsioa (turista kopurua), jardueraren nondik norakoak (ordutegia...) eta eremuak zehaztu, erregulatu eta mugatzea.

2.- Behin erregulazio horiek gidan txertatuta, dekalogoa arau edo testu formal bilakatzeko izapideak irailean bertan abiaraztea. Mozioa onartu eta bederatzi hilabetera sartuko da indarrean turismo-taldeetako gehieneko pertsona-kopurua mugatuko duen neurria.

Talde batek duen kide kopurua mugatu den arren, ez dakigu ezer une berean auzoan ibili daitekeen talde kopuruaz. Kide kopurua erregulatu bai, baina talde kopuruak mugatzen ez diren bitartean, zirrikituak daude zenbaki absolutuetan aldaketak ez emateko. Taldeen tamaina txikitzearekin, Udal Gobernuak adierazi du “espazio publikoaren okupazio txikiagoa eta saturazio sentsazio txikiagoa” bermatu nahi dituela. Gure ustez, ordea, ezin gara sentsazioekin konformatu. Auzia ez da saturazio sentsazioa txikitzea, baizik eta saturazioa bera gutxitzea.

Ezarri den ordutegiarekin ere ez gaude konforme, eta aurretik ezarrita zegoena zuzendu ahal izateko aukera galdu dela baieztatu dezakegu. Inondik inora ezarritako ordutegia ez da beharretara egokitzen. Goizeko 8:00etatik gaueko 23.00etara bisita turistikoak egiteko aukera auzoaren beharretara egokitzen ote den galdegin nahi dugu. Eta zintzotasunez erantzun dezagun. Hemen ere, sektorea lehentsi da bizilagunen gainetik. Gogoeta bat irekitzeko dei egiten dugu, baina ordutegiak murriztuagoa behar du izan eta, betiere, banaketa ordutegietatik kanpo. Iluntzean, berriz, bizilagunen atsedena lehenetsi eta bermatuko duena.

Neurria motz geratzen da, eta, gainera, herrenka jaioko da. Turismo-jarduera hau garatzeko esparrua (neurria) sektorearekin eta udal-zerbitzuekin adostu da. “Gida onaren dekalogoa” ere Donostia-San Sebastian Turismo sozietateari lotutako tokiko turismo-zerbitzuen gida eta enpresekin batera landu zen. Turismo estrategiaren erdigunean donostiarren bizi-kalitatea dagoela diote, baina, beste behin ere, begirada sektorean soilik jarri dute eta ez da inolako lanketarik egin bizilagunekin; hau da, ez dira aintzat hartu jarduera turistikoaren ondorioak zuzenean ezagutzen eta pairatzen dituztenak. Ez da harritzekoa, hortaz, ikerketek ere frogatzea partaidetza faltan sumatzen dutela donostiarrek.

Donostiako Udalean ordezkaritza dugun talde politikoek aukera izan genuen egoerari eta hartu beharreko neurriei buruz gogoeta egiteko, iragan udazkenean eratu zen turismoari buruzko batzorde ez-iraunkorrean. Foro honetan ez ezik, aurretik ere EH Bilduk hainbat proposamen egin ditu gaiaren inguruan, gorago aipatu mozioa kasu. Hala ere, horietako bat ere ez da kontuan hartu.

• Turista-talde bakoitzeko pertsona-kopuruaz gain, beharrezkoa da turista-taldeen kopurua aztertzea eta arautzea; izan ere, ehun pertsonak, lau taldetan banatuta egon arren, ehun pertsona izaten jarraitzen dute. Zenbat talde eta pertsona da kopuru bideragarria egunerokoa ez baldintzatzeko? Non dago auzoaren langa? Zein da bizi- kalitatea bermatu dezakeen kopuru egokia? Gaur-gaurkoz erantzunik gabe jarritzen duten galderak dira.

• Gida-zerbitzuak emateko ordu-mugaz gain, beharrezkoa da zerbitzua emango den eremua zehaztea eta mugatzea. Parte Zaharrean, esaterako, ostalaritza establezimenduetako kontsumo-gaien banaketak ordutegi mugatua du, eta jakina da banaketa ordutegietan metaketa handia izaten dela, mugikortasun arazoak areagotuz. Hala ere, gida-zerbitzuak goizeko 8etatik gaueko hamaiketara bitartean eman ahalko dira, banaketa ordutegietan barne alegia. Hau da, neurriak ez du inolako ordu-mugarik ezarri, egun indarrean dagoena baita.