AKTUALITATEA


| 2023-10-30 13:01:00

Bihar, urriak 31, hiriaren egoera eta erronka nagusiak lantzeko Politika Orokorreko Udalbatza izango da Donostiako Udalean. Donostia hobe baten alde lan egiteko hiriaren egoeraren diagnostiko egoki, zehatz eta objektiboa egitea eskatuko du. Horretarako donostiarrekin egon beharko da, eta esateko dutena entzun. Hori guztia datu, inkesta eta txostenekin osatu beharra aldarrikatuko dugu.

Diagnostikoa eskutan, planteatutako arazo eta erronkei heltzea eskatuko dugu, ausardiaz, modu gardenean, herritarrekin batera eta gertutasunez. Horretarako, orain arte erabilitako hainbat formula, neurri eta egiteko modu aldatzea ezinbestekoa izango da.

Donostiako EH Bilduk diagnostiko propio bat egin du dagoeneko. Politika Orokorreko Udalbatzan identifikatuta ditugun erronketako bi aurkeztuko ditugu: GI-20aren eraldaketa eta etxebizitza eskubidea.

GI-20: ardatz baten eraldaketa

GI-40ra bideratutako trafikoak GI-20 azpiegituraren erabilera nabarmen murriztu du. EH Bilduk hainbat herritar, eragile eta auzoekin bi urtez landu duen proiektuaren helburua da, trafikoaren murrizketa hori probestuz, espazio publikoa berreskuratzea, erdibituak diren auzoak jostea eta mugikortasun alorrean ekipamendu eta zerbitzuetan hobekuntzak egitea.

Gure udal taldeak proiektuak bere osotasunean aukera asko ematen dituela defendatuko du biharko agerraldian. Batetik, ekialdetik mendebaldera modu zuzenean joan ahal izatea ahalbidetuko du, hiriaren erdigunetik igaro behar izatea saihestuz. Bestetik, Dbus konpainiako lineak egokitzea eta autobus geltokiak jartzea auzo horietara guztietara azkarrago iritsi ahal izateko; eta nola ez, komunikazio zuzenagoak oinez zein bizikletaz hiriaren alde batetik bestera joateko. Zoru publikoaren berreskurapenak hainbat aukera irekiko ditu: disuasio aparkalekuak eta etxebizitza babestuak egitea, beteak beste.

Pozez jaso du EH Bilduk proiektu hau EAJ-PSE gobernuaren agendan ikustea. Egitasmo konplexua bada ere, adostasunerako aukera izatea espero du, lehen urratsak ematen hasteko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren azpiegitura izanik, gainera, erakunde arteko adostasuna ezinbestekoa izango da. EH Bildu elkarlanerako prest dago.

4.400 etxebizitza babestu lortzeko formula berriak

Bigarren proposamenari dagokionez, 2015ean Gasteizko Legebiltzarrak onartutako Etxebizitzaren Legea eta 2023ean, EH Bilduren babesarekin, Kongresuan onartutako legea aplikatzea eskatuko dugu.

2015eko legea aplikatuz, etxe hutsen errolda ofiziala egin behar da luzamendu gehiagorik gabe, eta horiek alokairura bideratu, horretarako aurreikusten dituen neurriak aplikatuz, besteak beste, kanon berezi bat ezarriz.

2023ko legeak dio 2043. urterako eraikitako etxebizitza guztien %20ak babestua izan behar duela. Gaur egun %4k baino ez du izaera hori betetzen, beraz, ezinezkoa ikusten dugu Legeak ezarritakoa betetzea etxebizitza berriak sortzera bakarrik mugatzen bagara.

%20ko neurri horretara iristeko, HAPOaren aurrerapenak proposatzen dituen bide berriak jorratzea proposatzen dugu: etxebizitza partikularretan egiten diren erreformetatik eratorri daitezkeen etxebizitza berrien kalifikazioa aldatuz. Horrela etxebizitza babestua lortu daiteke. Horietan egiten diren zatiketa, dentsitate aldaketa edo solairu gehikuntzetatik 4.400 etxebizitza babestu eskuratu daitezke, HAPOaren aurrerapenak berak jasotzen duenez.

Jendearen bizitza hobetzen duten politikak erdiesteko bidean, EH Bilduren eskua luzatuta egongo da.