AKTUALITATEA


| 2022-12-16 08:03:00

Amara Berri eraldaketa handi baten atarian dago. Topoa Errondon lurperatzeak eta Erriberetako geltoki intermodaleraino estaltzeak, saihesbide zaharra ekobulebar bihurtzearekin batera, aukera berriak irekitzen dituzte Amara Berriko kaleetarako etorkizun atseginagoa diseinatzeko.

Izan ere, bigarren gerrikoa (AP1) ireki zenean erdira murriztu zen trafikoa bariante zaharrean eta, horri esker, posible izango da beste urrats bat egitea Karlos I.aren eraldaketan eta Pio XII.ean trafikoa arindu daiteke. Amara Berriko bizilagunek ere Donostiako bizi-kalitatearen estandar onenekin bizitzeko eskubidea dutelako.

Garai berrietan, natura eta klima errespetatzen duten hiriak eta auzoak eraiki behar dira, eta Europa osoan aldaketak egiten ari dira oinezkoei lehentasuna emateko eta bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko, emisioak eta zarata murriztuz.

Auzotarrei entzuteko, ideiak partekatzeko eta aldaketak proposatzeko, EH Bildu parte-hartze prozesu bat egiten ari da egun hauetan Amara Berrin. Auzoko eragileekin bilerak egiten ari gara; bihar, larunbata, erakusketa egingo dugu Madril etorbidean eta, prozesua amaitzeko, abenduaren 20an, asteartean, 18:00etan, Enrest Lluch kultur etxean (Anoeta estadioa) Batzar ireki bat antolatu dugu.

Amara Berri berritzea berrartzeko garaia da. Berritze horren mugarri nagusietako bat Karlos I.a hiribidea aldatzea izan zen, 2011-2015 legegintzaldian. Gi-20 saihesbide zaharra Donostiako beste hiribide bat bihurtzen denean, erreiak kenduko dira eta horrek aukera emango du bidegorriaren bidez Amara Berri eta Altza, Añorga, Antigua, Intxaurrondo… lotzeko. Horrek erabateko aldaketa ekarriko luke Donostia osoko mugikortasun ereduan. Gainera, trenbideak lurperatuz gero, herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko espazioak berreskuratuko dira. Azken finean, Amara Berriko erakargarritasun ekonomiko eta soziala areagotzea ekarriko du honek guztiak.

Gogoratuko denez, EH Bilduk 2022ko urtarrilean «Bariantea eraldatu: espazioak irabaziz, bizitza irabaziz» proposamena aurkeztu zuen. Hala, urte osoan zehar GI-20 zeharkatzen duten auzoetan parte-hartze prozesua garatzen ari gara. Prozesu hau Amara Berrin bukatuko da. Helburua da guztion artean saihesbidea eraldatzeko proposamen zehatza egitea, eta EH Bilduk konpromisoa hartu du 2023aren hasieran aurkezteko.