AKTUALITATEA


| 2022-05-02 13:55:00

Intxaurrondotik eta Añorgatik igaro ondoren, GI-20 saihesbidea eraldatzeko Donostiako EH Bilduk diseinaturiko parte-hartze prozesua aldi berean iritsi da Egia, Loiola eta Loiolako Erriberara.

Hiru auzo horiek elkartzen diren eremua Amaratik Polloeko tuneleraino iristen den biaduktuak zeharkatzen du. Beraz, barianteak hirian inpaktu oso handia duen eremu bati buruz ari gara, eta dagoeneko hainbat proiektu aurkeztu dira zati hau eraldatzeko. Besteak beste, Goia alkateak berak 2011n proposatu zuen biaduktua osorik kentzea (gogoratuko denez, EAJk orduan «Agur Loiolako biaduktoari» kanpaina jarri zuen abian).

Beraz, eremu horretako saihesbidea eraldatzearen ondorioz hobekuntza handiak egin ahal izango dira, hiru auzoetako herritarren bizi-kalitatean eragin positiboa izango dutenak. Izan ere, GI-20ko errei batzuk murriztuta, eremu horretan zazpi hektarea liberatuko lirateke. Paisaia hobetzeaz gain, adibidez, La Salle ikastetxea Erriberekin lotu liteke, eta Astiñene baserriaren atzealdetik bizikletaz lotura bat egin liteke GI-20 berriak izan beharko lukeen bidegorri berriarekin. Eta horrek guztiak asko erraztuko luke ekialdetik hiriaren erdigunera eta lantokietara bizikletaz joatea.

Bi adibide grafiko baino ez dira horiek. Izan ere, EH Bilduren helburu nagusia da saihesbidearen etorkizunari buruzko eztabaida soziala sustatzea. «Bigarren gerrikoa» eraiki zenetik, GI-20ren erabilera erdira jaitsi da, eta epe labur-ertainera «drastikoki» jaistea aurreikusten da, Foru Gobernuko ordezkarien hitzetan.

Parte-hartzea sustatzeko, EH Bilduk hiru auzoetan liburuxka bat banatu du etxez etxe, zalantzak argitzeko, iritzia emateko eta proposamenak egiteko herritarren eskura jarri ditugun bideen berri emateko.

Hiru auzo hauei dagokienez, hiru bilera publiko antolatu ditugu:

  • Hirigintza feministari eta mugikortasunari buruzko hitzaldia, Ula Iruretagoiena arkitektoaren eskutik (maiatzaren 4an 18:30ean Egiako Teila Fabrikan).

  • Batzar irekia Egiako Teila Fabrikan (maiatzaren 11n, 18:30ean).

  • Batzar irekia Loiolako kultur etxean (maiatzaren 12an, 18:30ean).

Bestalde, aldebiko bilerak antolatzen ari gara auzo horietako eragileekin, proiektua aurkezteko eta haien iritziak lehen eskutik jasotzeko. Gainera, erakusketa ibiltari bat hiru auzoetan jarriko dugu (bihar asteartea Tabakaleraren aurrean, ostiralean Loiolan eta larunbatean Erriberetan), eta bertan EH Bilduko militanteek zuzenean erantzungo dituzte herritarren galderak. Gainera, web formulario bat jarri dugu herritarren eskura, nahi duenak bere iritzia eta proposamenak zuzenean bidal diezazkigun.

Klima-aldaketaren aurkako borroka globalaren baitan, hiri-mugikortasuneko politika publikoak lehentasunezko bihurtzen ari dira leku guztietan. Paris, Lyon edo Bruselako esperientzietan oinarrituta, EH Bilduk partaidetza prozesu bat diseinatu du, 2022. urtean zehar garatzen ari dena GI-20ak zeharkatzen dituen auzoetan.

Helburua da, guztion artean, saihesbidea eraldatzeko proposamen zehatza eta integrala osatzea, eta 2023aren hasieran aurkeztea. Egia, Loiola eta Erriberekin, prozesuaren lehen fasea itxiko dugu eta, uda ondoren, saihesbide zaharra igarotzen den gainerako auzoetan jarraituko dugu.