AKTUALITATEA


| 2022-02-09 11:40:00

EH Bilduk prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian, herritarrei entzuteko, Gi-20 bariantearen eraldaketari buruz dituzten iritziak, beharrak eta nahiak ezagutzeko eta guztion artean erabakiak hartzeko. Prozesu honen lehen fasea hasi da dagoeneko Intxaurrondo auzoan, eta jarraituko du bariantea zeharkatzen dituen beste auzoetan, 2023 hasieran egitasmo integrala osatu eta aurkeztu arte. Aldi berean, Donostiako eragile politiko, sozial eta sindikalekin elkarlanean hasiko gara. Eta gaurtik aurrera bide telematiko bat ere jarriko dugu martxan, nahi dutenek ekarpenak egiteko bide honetatik ere.

Esan bezala, prozesu parte-hartzailea Intxaurrondon hasi da, Donostiako auzo jendetsuenetako bat, fisikoki saihesbideak zeharkatzen duena lubaki moduan. Alde batetik, Intxaurrondoko EH Bildu taldea dagoeneko hasi da auzoko kolektiboekin harremanetan jartzeko bilerak programatzen: auzo elkarteak, kirol klubak, kultura eremua, hezkuntza komunitatea eta abar.

Bestalde, EH Bilduk triptiko bat banatuko du etxez etxe, zalantzak argitzeko, iritzia emateko eta proposamenak egiteko intxaurrondotarren eskura jarri ditugun bide guztien berri emateko. EH Bilduk hainbat bilera publiko eta pribatu programatu ditu, baita erakusketa ibiltari bat ere. Prozesua otsailaren 24an, osteguna, amaituko da, 18:00etan Intxaurrondoko Kultur Etxean egingo den batzar irekiarekin.

Espazio publikoak eraldatzeko prozesu hauetan gehiago sakondu nahi duenarentzat, otsailaren 16an, asteazkenean, "Hiria eraldatu, espazioak berreskuratu” lemapean hitzaldia antolatu dugu, “Hiritik At” kooperatibaren eskutik (tokiko garapena sustatzeko espazioak, prozesuak eta estrategiak sortzen dituen taldea). Hitzordua 18:00etan da, Intxaurrondoko Kultur Etxean.

Halaber, erakusketa ibiltari bat jarriko dugu auzoko hainbat eremutan, otsailaren 18tik 20ra bitarteko asteburuan. Bertan, EH Bilduko militanteak herritarren zalantzak argitzeko prest egongo dira.

Gainera, web formulario bat prestatu da, herritar orok iritzia eta proposamenak zuzenean bidal diezazkigun.

Helburua: 2023

Era berean, hiriko eragile sozial, politiko eta sindikalekin elkarlanean aritzeko bilera-erronda antolatzen hasi gara: mugikortasun iraunkorraren aldeko taldeak, etxebizitza-eskubidearen aldeko elkarteak, mugimendu feminista, erakunde ekologistak, hezkuntza-komunitatea, merkatariak, kultura- eta kirol-taldeak... Azken finean, donostiar guztiei irekitako parte-hartze prozesua da hau.

Jakina denez, joan den urtarrilaren 29an Donostiako EH Bildu taldeak Gi-20 saihesbidea eraldatzeko beharrari buruzko eztabaida ireki zuen. Eta dagoeneko esan dezakegu eztabaida sozial eta politikoa ez dela itxiko harik eta eraldaketa-prozesu hori nola gauzatuko den erabaki arte.

Izan ere, “bigarren gerrikoa” ireki zenetik, bariante zaharrak dagoeneko ez du betetzen Donostia inguratzeko funtziorik, bere erabilera erdira jaitsi da, baina lehen okupatzen zuen espazio bera hartzen jarraitzen du, hiriko eremu asko lubaki gisa banatuz. Lubaki horrek hiriko auzo asko banandu zituen, ordura arte fisikoki eta sozialki lotuta zeudenak, eta orain berriz ere bizitzaz betetzeko garaia iritsi da.

Prozesu parte-hartzailea Intxaurrondon hasi da, eta bariantea zeharkatzen duen gainerako auzoetatik jarraituko du. EH Bilduren asmoa da bariantea eraldatzen denean liberatutako eremuen erabilerei buruzko eztabaida irekitzea.

Europako hainbat hiri beren saihesbide zahar handiak aldatzen ari dira, hala nola Lyon, Helsinki, Oslo eta Brusela. Donostia ezin da atzean geratu. Trantsizio ekologikoak horrelako neurriak hartzera behartzen gaitu.

Prozesu parte-hartzaile honen bidez, EH Bilduk bere erantzukizuna bere gain hartu nahi du eta Gi-20 bariantea eraldatzeko proposamen integrala aurkezteko konpromisoa hartu du. Ekipo tekniko batek urtebete baino gehiago darama proiektu honetan lanean eta prozesu parte-hartzailearen antolaketan, eta ekipo berak diseinatuko du EH Bilduren proposamena, herritarren ekarpen guztiak jaso ondoren, 2023. urtearen hasieran donostiar gizarteari itzuliko dioguna.