AKTUALITATEA


| 2022-09-27 12:09:00

Gero eta herritar gehiagok ez dute behar adinako gaitasun ekonomikorik beren etxeetan gutxieneko berokuntza- eta elektrizitate-gastuei aurre egiteko, eta, datu guztien arabera, egoerak okerrera egingo du datozen hilabeteetan.

Arlo honetako politika publikoak ez dira nahikoak. Izan ere, aurrekaririk ez duen egoera honetan betiko neurriak aplikatzen jarraitzen dute. Horren adibidea da Udal Gobernuak ez duela aurreikusi neurri berezirik hartzea Donostiako familia askorentzat oso zaila izango den negu honen aurrean.

Hauek horrela, EH Bilduk 5 puntuko plana aurkeztu du krisiaren ondorioak arintzeko eta Donostiako familia bat ere ez geratzeko oinarrizko energia hornidurarik gabe:

  1. Elektrizitatearen eta gasaren fakturak ordaintzeko bonu sozialak.

  2. Gasaren eta argiaren hornidura ez mozteko hitzarmenak enpresa guztiekin (gaur egun Udalak, bakarrik, Iberdrolarekin dauka hitzarmena 2016tik, EH Bilduren ekimenez).

  3. Beharrezko hornidura energetikoa bermatu ezin duten eta ohiko dirulaguntzetatik (Gizarte Larrialdietarako Laguntzak edo Lan Partekatuaren Plana) kanpo gelditzen diren herritarren egoerari erantzuna emateko udal dirulaguntza linea berria.

  4. Hirugarren sektoreko eragileekin elkarlana arazo ekonomikoak dituzten familien detekziorako.

  5. Jubilatuen elkarteekin elkarlana, bertara gerturatzen diren eta arazo ekonomikoak dituzten pentsiodunen detekzioa egiteko.

Izan ere, oinarrizko horniduren prezioak (gasolina, gasa, elektrizitatea...) izugarri garestitu dira eta horrek zailtasun gehiago eta gehiago sortzen dituzte familientzat. Eta gogoratu behar da egungo inflazioaren ondorioz, duela urtebete baino% 10 pobreagoak garela.

Ekoizpen, kontsumo eta energia ereduak aldatzeko egiturazko neurriak behar ditugula jakinik, egia da, halaber, epe laburreko irtenbideak behar ditugula, sortzen ari diren gizarte-larrialdiko egoera berriei aurre egiteko.

Ildo horretatik, osteguneko osoko bilkurari begira, EH Bilduren mozioak Udal Gobernuari eskatzen dio neurriak har ditzala eta negu honetan familia bakar bat ere ez geratzeko Donostian gutxieneko energia-hornidurarik gabe.