Jai giroan eta aisialdi eremuetan emakumeen kontrako eraso matxista ugari egiten dira. Indarkeria matxistaren inguruan azkenaldian publiko egin diren Donostiari buruzko datuak oso kezkagarriak dira eta erakunde publikoen, eragile sozialen eta herritar guztien jarrera aktiboa eskatzen dute.
Gaueko aisialdiari dagokionez, hainbat hirietan, adibidez Bartzelonan, sexu-erasoen aurkako protokolo bat dute indarrean. Protokolo horren ondorioz, gaur egun Bartzelonako diskoteka eta abarreko langileak prestatuta daude eraso baten aurrean azkar eta eraginkortasunez erantzuteko, azkenaldian ikusi ahal izan dugun bezala prentsan agertu den kasu zehatz batean.
Prestakuntza horrek ziurtatzen du biktimak arreta egokia jasotzea une oro, langileek baitakite zer egin eta nola lagundu erasotako emakumeei. Eta, ez hori bakarrik, protokoloa behar bezala aktibatzeak erraztu egiten du legezko esku-hartzea ere.
Bistan denez, eraso sexistei modu eraginkorrean aurre egiteko, erakundeek beraiek hartu behar dute iniziatiba, eta, kasu honetan, Udala da arduradun nagusia. Beraz, uste dugu Donostian ere beste urrats bat eman daitekeela ostalaritzan eta aisialdian gauzatzen den sexu indarkeriaren aurkako borrokan.
Donostiako EH Bildu aspalditik ari da eskatzen esparru horretan neurriak ezartzea. Hain zuzen ere, Aste Nagusian izaten diren emakumeen kontrako erasoen kopurua ikusita, azken urteotan Udal Gobernuari eskatu diogu jaien antolakuntzan dabiltzan eragileekin lankidetza areagotzeko (adibidez, Donostiako Piratekin) eta erasoak prebenitzeko eta biktimei laguntzeko baliabide gehiago jartzeko. Aurrerapausoak eman dira eta lankidetza horretan asko hobetu da. Are gehiago, azken urte honetan lortu da Ostalaritzako Elkarteak gutun bat bidaltzea bere afiliatuei, eraso matxistak saihesteko ahaleginak areagotzeko eskatuz. Hala ere, uste dugu Udaletik askoz gehiago egin daitekeela eta egin behar dela.
Horiek horrela, EH Bilduk erregistratu du eskaera formal bat Donostiako Udalari eskatzeko gaueko aisialdi eremu pribatuetan sexu-erasoen aurkako protokolo integrala ezartzeko. Protokoloan, horrelako erasoak daudenean esku-hartzea izaten duten eragile guztien koordinazioa bermatu beharko litzateke: Udaltzaingoa, Ertzaintza, osasun-langileak, epaileak eta gainerako eragileak.
Protokolo horretan, gainera, ostalaritzako langileen prestakuntza ere aurreikusi beharko litzateke, eta urte osoan egongo litzateke aktibo, udako kanpainetatik eta hiriko jaietatik haratago.