AKTUALITATEA


| 2022-04-26 10:06:00

Milaka donostiarrek erabiltzen dute Gipuzkoako garraio publikoa, eta beharrezkoa da, zeresanik ez gaur egungo testuinguruan, tarifen jaitsiera, egiten den bidaia dena dela ere, edo erabiltzen den garraiobidea trena, Lurraldebus edo dBus zerbitzua izanda ere.

Horrek kostuak gehitzea ekar dezakeela jakinik, 1/2011 Foru Dekretuaren 2. Xedapen Gehigarria aktibatzeko unea dela uste dugu. Bidegiren diru-bilketaren ehuneko bat garraio publikoa sustatzera bideratzea jasotzen du xedapen honek, Europako zuzentarauak irekitzen duen aukera baliatuz.

Gainera, ekimen honen bidez, klima-aldaketaren aurkako borrokan ekarpena egingo genuke, erregai fosileko ibilgailuen joan-etorriek sortzen dituzten CO2 isuriak murrizteko norabidean.

Garraio publikoa gehien erabiltzen duenari mesede egiten dion MUGIren filosofian sakonduz, beharrezkoa ikusten dugu laugarren tarte bat sortzea, deskontuak sektore gehiagotara zabaltzeko. Eta horrela, tarifen deskontuak agerikoak izanda, MUGI erakargarriagoa egitea lortuko genuke, bere erabilera bultzatuz. Zehazki, laugarren tarte horrek garraio publikoa gehien erabiltzen dutenen erabilera merkatzeko balioko luke (hilean 31tik 50 bidaiatara). Era berean, deskontu-tartearen bigarren zatia ere jaistea proposatzen dugu, 20 bidaiatik 16ra.

Gauzak horrela, garraio publikoaren sistema (Euskotren - Renfeko aldiriak - Lurraldebus-dBus) inoiz baino gehiago indartzeko unea da; pandemian galdu dituen erabiltzaileak berreskuratu eta sistemara erabiltzaile berriak erakartzeaz gain, MUGI sistema martxan jartzeak ekarri zuen iraultzan sakondu behar da. Zalantzarik gabe, doako transbordoek erakargarriago egin dute MUGIren erabilera.

Horregatik, EH BILDU udal taldeak honako MOZIO ARRUNT hau aurkezten du:

Donostiako Udalbatzak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari eskatzen dio tarifen balizko jaitsieraren eta horrek izan ditzakeen ondorioen azterlana egitea adosteko, eta, hori ikusita, gutxienez, hurrengo bi ekitaldietan tarifen prezioei eutsiko zaiela bermatzeko, horrela ziurtatzeko garraio publikoaren erabiltzaileek ez dietela beren soldatekin aurre egingo energiaren eta erregaiaren prezio igoerak eragindako krisiari, ez eta Gipuzkoako gizarteak bizi duen inflazio handiari ere.

Donostiako Udalbatzarrak Gipuzkoako Garraioaren Agintaritzari eskatzen dio onar dezala MUGIko deskontuen sistema aldatzea, horren progresibitatean eta gizarte-justizian sakontzeko, eta laugarren tarte bat sar dezala, MUGI txartelaren erabiltzaileek doakotasun handiagoa izan dezaten MUGI txartela erabiltzen den tarte guztietan.

Donostiako Udalbatzarrak Gipuzkoako Garraioaren Agintaritzari eskatzen dio jarrai dezala MUGI sistemaren tarifa-ereduaren misio soziala aztertzen, bereziki zaurgarriak diren gizarte kolektibo berriak sartzeko.

Donostiako Udalbatzak Gipuzkoako garraio-sistemako zerbitzu guztiak berreskuratzeko eskatzen dio Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari, baita erabiltzaileak gutxitzeagatik edo beste edozein erabakirengatik murriztu direnak ere, eta RENFEren aldirietako zerbitzuan gertatzen ari den egoera arintzen lagunduko duten neurriak aztertzea ere eskatzen dio.

Donostiako Udalbatzak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari eskatu dio garraio-eskaintza zabaltzeko, erabiltzaile guztien eskariei erantzuteko behar beste.

Horrek guztiak Gipuzkoako garraio publikoaren tarifa-sistemaren kostuak handitzea ekar dezakeela jakinik, Donostiako Udalbatzarrak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio Errepideen Foru Sareko bidesari lotutako zatietan bildutakoaren zati bat itzul dezala, eta martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauaren Bigarren Xedapen Gehigarria aktiba dezala, haren zazpigarren tituluko garraioari buruzko Foru Dekretuaren bidez.