Jakina da arazoa eta denboran luzatzen ari da, alegia, Federico Garcia Lorca pasealekuaren 2. zenbakian Lurraldebuseko geltokiarekin dagoena. Bizilagunek maiz salatu dutenez, zarata eta kutsadura arrazoiei, espazioaren okupazioa eta intimitate falta eransten zaizkie.
Bizilagunen kezka hauei helduta sustatu ditugu azken urtean EH Bildutik hainbat ekimen, Batzar Nagusietan zein Donostiako udalean, haienak baitira eskumenak eta bi erakundeen arteko akordioa ezinbestekoa izango delako irtenbide iraunkor bat erdiesteko. Momentuz, adostasun falta da nagusi, geltokia erabiltzeari uzteko edo eta kentzeko aukera dagoenean. Zergatik eusten dio Aldundiak geltoki horri? Zein da aipatzen ez den interesa?
Egindako lanketari jarraipena eginez, gaiaz berriro galdegin dugu aste honetan bertan, Gune Publikoak, Obrak eta Hiri Zerbitzuak udal batzordean, bi erakundeen arteko tira biraz harago soluzioak behar direlako. Eta egon badaude, hala baieztatu ahal izan dugu Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak aurkeztu berri duen interpelazio bati esker. Izan ere, galdera horiei erantzunez jakin dugu iragan uztailean Donostiako Mugikortasun sailak hiru aukera jarri zizkiola mahai gainean foru Mugikortasun departamentuari aipatu geralekua erabiltzen duten hiru lineentzako; hau da, E-21, UK-09 eta UK-10.
Gogorarazi nahi dugu berriro ere EH Bilduren ekimen baten ondotik eman dela egoeraren gaineko informazio publikoa, ez horretarako beren kabuz borondatea azaldu dutelako ez EAJk ezta PSEk ere.
Gehiago jakin nahian, eta bizilagunak barnebiltzen dituen Urumea auzo elkartearekin dugun konpromisoari helduz, Batzar Nagusietan Azahara Dominguez Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako Departamentuko foru diputatuari zuzendutako ahozko galdera erregistratu dugu datorren urriaren 9ko Osoko Bilkuran erantzun dezan aipatu geralekua erabiltzeari uzteko Gipuzkoako Aldundia hartzen ari ez den erabakiei buruz.
Udara honetan Azahara Dominguezek hedabideetan adierazi zuenez, Donostiako Udala da hiriburuaren barruan autobus-geltokiak kudeatzeko eskumena duen erakundea. Hori horrela izanik, eta honek «inolako alternatibarik eskaini» ez ziola esan ostean, orain, EH Bilduren interpelazioaren ondorioz baieztatu da hori ez dela horrela, eta uztailean bai jarri zirela hainbat aukera mahai gainean. Ordea, Dominguezek ez du inongo erabakirik hartu E-21, UK-09 eta UK-10 lineei dagokienez arazoak behin betirako konpontzeko eta ez du ere beste proposamen ezberdinik eskaini.
Gauzak honela, hainbat galdera plazaratzea ezinbestekoa da. Zeren zain dago Azahara Dominguez foru diputatua aldaketak egiteko? Zergatik ez du oraindik erabakirik hartu?
Ez da ulergarria uztailetik Donostiako Udalak emandako aukeren inguruan erabakirik hartu ez izana. Zoritxarrez, antzematen da Aldundiko Gobernuak herritarrekin enpatia izateko gaitasuna galdu duela, kasu honetan, Federico Garcia Lorca pasealekuko 2. zenbakiko bizilagunek bizi duten egoerarekin. Eta, aldi berean, begi bistakoa da bi erakundeak elkarrekin kudeatu eta zuzentzen dituzten alderdiek ez dutela gaitasunik adostasunik lortzeko eta elkar ulertzeko; honenbestez, behar den premiaz eta arduraz bizilagunei irtenbide bat emateko.