AKTUALITATEA


| 2024-06-21 11:20:00

Donostiako Federico Garcia Lorca pasealekuko bizilagunek trafikoaren ondorioz egunerokoan bizi dituzten arazoei irtenbide bat emateko garaia da. Aipatu kaleko 2. atarian autobus geltoki bat dago, leihoetatik metro eskasetara. Egun, Lurraldebuseko hainbat lineek (UK9, UK10, UK11 eta E21) erabiltzeaz gain, autobus turistikoek ere geltoki bera erabiltzen dute jendea utzi eta jasotzeko. Batzuetan, frogatu dugunez, gaueko ordu txikietan.

Jakin badakigu maiz, hainbat autobusek 12-15 minutuz motorra piztuta mantentzen dutela, baita zirkulazio-erreia okupatzen ere eta horrek, trafikoan arazoak ez ezik, ezinegona eragiten du bizilagunengan. Zarata eta ingurumen kutsadura salatzen dituzte, hala nola intimitatea falta.

Bizilagunak aspalditik ari dira egoera honen berri ematen, eta EH Bildutik saiakerak egin ditugu irtenbide bat bilatu asmoz. Gipuzkoako Batzar Nagusietan bizilagunak barnebiltzen dituen Urumea auzo elkarteko ordezkarien agerraldia eskatu genuen eta horri esker partekatu ahal izan dute beraien egoera, eta norabide berean kokatzen da Olatz Yarza Donostiako Mugikortasun zinegotziaren agerraldi eskaera, aho batez onartua izan dena. Honenbestez, eta EH Bilduren ekimenez, EAJko udal ordezkariak azalpenak emango ditu erakunde arteko aferaren inguruan, hala nola, Foru Aldundiaren eta Udalaren artean publiko egin diren iritzi kontrajarrien inguruan.

Donostiako udalean ere aurkeztu ditugu interpelazioa eta kontrol mozioa. Gure harridurarako, aipatu autobus geltokiak sortzen dituen arazoak identifikatu eta geltokia lekuz aldatzeko proposamena jasoko duen txostena egiteari uko egin dio Udal Gobernuak.

Erakunde arteko kontraesanak

Ez da erakunde arteko ika-miketarako unea, bizilagunei soluzio bat ematekoa baizik. EAJ eta PSE bi erakundeak koalizioan gobernatzen egon arren, momentuz ez dute irtenbide bat emateko gaitasunik erakutsi.

Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia akordio bat erdiestera dei egiten diegu EH Bildutik. Jada azaroan, bi erakunde arteko Mugikortasun arloko azken bileran, azaleratu ziren desadostasunak. Aktan jasota gelditu zenez, Udalak proposatu zuen Federico Garcia Lorcako geltokia bertan behera uztea eta geltoki barrura eramatea. Aldundiak, ordea, autobus artikulatuekin «ezinezkoa» dela defendatu zuen, «ezaugarrien ondorioz geltokia azkar kolapsatuko bailukete». Artikulatuak beharrean 12 edo 15 metroko ibilgailuak jartzearen aukeraren aurrean, Aldundiak eskaria gero eta handiagoa delako komenigarria ez dela adierazi zuen. Hala jasotzen du bilera hartako aktak.

Akta berean, jasota gelditzen da Aldundiak berak onartzen duela «posible izango litzatekeela E21 linea autobus geltoki barrura eramatea».

Geroztik, egoerak bere horretan dirau. Jakin berri dugunez, Hondarribiako aireportua eta Donostia zuzenean lotuko dituen zerbitzuak azkenean Donostiako autobus geltokian izango du ibilbide hasiera eta amaiera. Erabaki ona dudarik gabe baina inprobisaziotik baduena, ezin baitugu ahaztu bi egun lehenago Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak iragarri zuela zerbitzu berriak hain justu Federico Garcia Lorcan izango zuela geltokia, arazoa areagotuz. Atzera egin dute, hau da norabidea EH Bilduren ustez, baina arazoak Federico Garcia Lorcako 2. atarian dirau. Donostiako autobus geltokiaren kokalekua eta geltokiaren diseinua dira arazoaren jatorria. Nola da posible hain epe laburrean geltokia zerbitzu batzuei erantzuna emateko gai ez izatea?

EH Bildutik bizilagunak entzun, haien beharrak eta kezkak erdigunean jarri, eta erabiltzaileei kalterik egin gabe irtenbide bat emateko dei egiten die erakundeei. Gipuzkoako Batzar Nagusietan zein Donostiako udalean ditugun ordezkariek horrela izan dadin lanean segiko dugu, horretarako beharrezkoak diren ekimenak defendatuz.