AKTUALITATEA


| 2020-04-15 11:38:00

Donostiako Etxez Etxeko laguntza zerbitzuko (SAD) langileen lan-egoerak okerrera egin du. Izan ere, duela pare bat aste salatutako segurtasun-materialaren faltari COVID-19k kutsatutakoak gehitu zaizkio orain. Gogoratuko denez, Donostiako etxez etxeko laguntza-zerbitzuko laguntzaileek behin eta berriz salatu dute Udal Gobernuaren aurrean segurtasun faltagatik oso kezkatuta daudela. Izan ere, Eudelen protokoloari jarraituz, maskarillak arnasteko arazoak dituzten pertsonak artatzeko baino ez direla erabili behar agindu du Donostiako Udal Gobernuak.

Atzo, apirilaren 14an, jakin genuen arnas patologiarik ez zuen erabiltzaile bat artatzen aritu zen lagngile bat kutsatu zela (positibo eman zuen COVID19 testean), nahiz eta askotan eskatu zuen maskara erabiltzea. Aldi berean, beste laguntzaile bat erabiltzaile horrekin harremanetan egon da, eta kutsatuta egon daiteke.

Konfirmatu dira, beraz, langileen susmoak. Kasu horiek agerian uzten dute zerbitzu guztietarako eta etxe guztietarako maskarilla eramateko eskakizuna guztiz arrazoizkoa dela. Ez du logikarik, protokoloak ezartzen zuen bezala, maskarillak soilik arnas patologiak dituzten pertsonen kasuan erabiltzeko irizpideak. Era berean, prebentzio materiala behar den kopuruan entregatu behar da, hainbat egunetarako maskara bat emateak ez baitu langileen segurtasuna bermatzen.

Lan baldintza txar horiek martxoaren 31n salatu zituzten langileek Lan Ikuskaritzaren aurrean, eta atzo bertan euren aldarrikapenetan arrazoia ematen zien jakinarazpena jaso zuten. Gainera, lanera itzuli aurretik berrogeialdian egon diren langileei COVID-19 testa egiteko eskatzen diote langileek udal-zerbitzu horren enpresa esleipendunari, ez baitira horretan ari.

Gaur egungo alarma sozio-sanitarioak agerian uzten du mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko zerbitzuen garrantzia, hala nola etxez etxeko laguntza-zerbitzua eta bestelako lan-sektoreena, bai etxean bai egoitzetan. Eta mahai gainean jarri da askotan baldintza prekarioetan lan egin behar izaten dutela.

Horregatik guztiagatik, Reyes Carrerek Eneko Goia alkateari egindako eskaera batzuk erregistratu ditu ofizialki:

  • Erabiltzaile guztiak zaintzeko beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamenduen hornidura bermatzea.
  • Udal Zerbitzua kudeatzen duen enpresari eskatzea langile guztientzako maskarillak emateko zerbitzu guztietarako.
  • Maskarilla nahikorik ez badago, beste babes-ekipamendu batzuen hornidura erraztea, hala nola babes-pantailak, enpresa asko fabrikatzen ari direnak.