Donostian kale-egoeran bizi diren pertsonen kopurua handituz doa urtetik urtera -are gehiago, ia bikoiztu egin da kopurua bi urtez-. Horren erakusgarri dira, besteak beste, duela aste gutxi Kale Gorrian ekimenak kasuak kuantifikatzen saiatzeko hiriko hainbat auzotan egindako zenbaketa, Gipuzkoako Caritasek eskainitako arreta-datuak (% 73ko igoerarekin 2023arekin alderatuta), eta Donostiako gizarte-bazterkeriari arreta emateko baliabideen itxaron-zerrendak (200 pertsona daude zain elikadura-laguntza edo dutxa bat hartzeko tiketak jasotzeko, eta orduak agortzen dira) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak (6 hilabete baino gehiago itxaron behar da hainbat zerbitzutarako aukera ematen duen balorazioa egiteko).
Kaleko Afari Solidarioak ekimenak Amara Berrin, Parte Zaharrean eta Erdialdean gauero eskaintzen dituen plater beroek (300 inguru), gainera, gizarte-bazterketari eta etxegabetasunari gure erakundeetatik arreta eskaintzeko eredu bat erakusten dute, gabezia ugari dituena eta egungo garaiekin koherentea den estrategiarik ez duena; izan ere, gero eta gehiago dira gure hirian babesik gabe daudenak, kalteberatasun-egoeran daudenak eta horrelako laguntza-sare komunitarioetan babesa bilatu behar dutenak, bizirauteko.
EH Bildutik kezkaz bizi dugu errealitate hori, are gehiago afari solidarioak debekatu eta kriminalizatu diren testuinguruan, eskuinaren eta ultraeskuinaren mezu arrazistak eta xenofoboak zabalduz, asteburuan Easo plazako istiluetan berriro ikusi dugun bezala. «Harrigarria da, eskari-maila egiaztatu arren, eta zerbitzuen kopurua handitzeko neurririk hartu gabe, KAS bezalako ekimen solidarioak zigortzea eta debekatzea. Pertsona askorentzat baliabide hau da bere elikagai bakarra», Olaia Duarte zinegotziak joan den iraileko batzordeetan defendatu zuen gogora ekarriz.
Erakunde publikoei beren zerbitzuak indartzea eta hobetzea dagokie, bai eta protokoloak berrikustea ere, konpromiso politikoa, inbertsioa eta erakunde-esparruen eta elkarte-sarearen artean partekatutako estrategiak eskatzen dituen errealitateari ahalik eta modu integralenean egokitzeko eta erantzuteko. Ildo horretan, kezkagarria da udal-gobernu honek ez duela borondaterik KASekin hitz egiten saiatzeko, azkenean gauzatu zen debekua saihesteko. Baita ere kezkagarria komunikabideen bidez negu honetarako (azaroaren 15etik apirilaren 1era) hotzari buruzko protokoloaren berri izatea ere, ez aldez aurretik, ez zuzenean. Ez dago elkarrizketarako borondaterik, ez eta hiri honetan bazterkeriari ematen zaion arreta hobetzen lagunduko duten ekarpenak lortzeko asmorik ere.
Izan ere, tenperatura baxuak iristen diren bakoitzean eztabaida errepikatzen da, eta EH Bilduren iritziz, ez da nahikoa erreakzionatzea hilabeterik gogorrenak hurbiltzen direnean: egoerak etengabeko eztabaida eskatzen du, horrek neurri integral eta iraunkorrak ekarriko lituzke. Izan ere, La Sirena neguan irekitzeko prentsan aurkeztu berri den protokoloak nahasia izaten jarraitzen du: 5 graduko tenperatura baxuen atalasea ezartzen da kalean "hauskortzat" jotzen diren pertsonei arreta emateko eta beroki arropa eskaintzeko, baina ez da La Sirena aterpetxea osorik irekiko (aurten kalean zenbatutako 413 plazetarako 100 plaza), Euskalmetek kostaldean tenperatura minimo edo izozteengatik abisua eman arte.
Gure buruari galdetzen diogu non dauden aukera-berdintasuna eta Gizarte Zerbitzuen euskal legean jasotako prestazioetarako eskubide unibertsala kasu honetan, edo zer jotzen den ‘muturreko tenperaturatzat’ zerbitzua irekitzeko. Gainera, neguko aterpetxera sartu nahi duten pertsonek horretarako baimena ematen duen tiketa aurkezten badute bakarrik sartu ahal izango dira. Tiket hori Ondarretako aterpetxean bertan eskatuko da hotz-bolada bakoitzaren baitan, 10:00etatik 13:00etara. Ezin da ulertu dozenaka pertsona goizeko lehen orduetan hiria baldintza meteorologiko txarretan gurutzatzera behartzea, gaueko 22:00ak arte aterpetxera sartu ezin izateko, eta bertara joanda ere plazarik izango dutela bermatu gabe.
Positiboki jaso dugu, azkenean, Villa Salía etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentroa irekitzea. Proiektu hori Juan Karlos Izaguirreren legealdian inauguratu zen, Hestia izenarekin, eta orain berrituta dator, 8 urteko atzerapenarekin (2016rako irekita egon behar zuen), baina, bistakoa da 24 plaza horiek ezin izango diotela egungo eskaerari erantzun.
Horrekin guztiarekin, ostegun honetan osoko bilkurara daramagu kontrol mozioa epe laburrean Donostian kale egoeran bizi diren pertsonei arreta emateko udal baliabideak hobetzeko, jakinda gizarte bazterkeriari arreta emateko lurralde estrategia bat diseinatu behar dugula, gure ustez Donostiak hiriburu gisa gidatu behar duena eta EH Bilduk lan egiteko konpromisoa hartzen duena:
• Lehenik eta behin, KASen moduko ekimen solidarioen inguruan sor daitezkeen kezkak elkarrizketa ordenatu eta antolatu baten bidez lantzeko eta konpontzeko eskatzen dugu, alternatiba erreal bat mahai gainean jartzeko helburuarekin, eta inoiz ere ez konponbidea debekua izanik.
• Era berean, Udal Gobernuak pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako estrategia integrala nola landuko duen azaltzeko eskatzen diogu, urriko Politika Orokorreko osoko bilkuran eztabaidatutako ebazpen-proposamenean horretarako konpromisoa hartu baitzuen. Prozesu hau osoko bilkuran ordezkaritza duten gainerako talde politikoekin partekatzeko eskatzen diegu EAJri eta PSEri.
• Muturreko zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonentzako laguntzak hobetzeko eskaera ere jasotzen du kontrol-mozioak, adibidez, elikadura-zerbitzuak zabalduz eta egungo itxaron- zerrendak murriztuz.
• Eneko Goiaren Gobernuari eskatzen diogu Ateak Zabalik zerbitzuaren neguko protokoloa egungo beharretara egokitzeko eta negu osoan La Sirenako 100 plazak irekitzeko, muturreko tenperaturen zain egon gabe, eta elikadura-zerbitzua protokolo horretan sartzeko.
• Azkenik, zerbitzu guztietan kaleko egoeran dauden emakumeen arretari lehentasuna ematea eskatzen dugu, Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategiak gomendatzen duen bezala.