Donostian bizi dugun etxebizitza larrialdiak anbizio handiko erabakiak hartzera bultzatu behar gaitu, berandu baino lehen. Lehen mailako arazoa da, egiturazkoa eta belaunaldien artekoa, eta maila berean egotea eskatzen digu; herritarrek erantzunak eta irtenbideak behar dituzte. EH Bildutik jarrera proposatzailea eta proaktiboa dugu, urteak daramatzagu Osoko Bilkura honetara irtenbideak ekartzen, baita Osoko Bilkuratik kanpo ere. Landu ditugun neurriak hobekuntza zantzurik erakusten ez duen errealitateari irtenbidea emateko dira. Eta ildo horretatik, etxebizitzaren arazoari buruzko ebazpen-proposamen bat ekarri dugu Politika Orokorreko azken Osoko Bilkurara.
Ebazpenean jaso ditugun 7 neurrietatik bost onartu dira. Horietatik hiru aho batez eta bi gehiengoarekin. Beste bi, ordea, ez dira aurrera atera. Ebazpenaren lehen neurria ez digute babestu, zehazki, lan talde bat sortzeko eskariarena. EH Bildutik proposatu dugun lantalde horrek aztertu beharko luke salmenta-prezio estimatuaren eta salmenta eta eskritura-prezioaren artean dauden alde nabarmenak.
Onartu ez den beste neurria etxebizitza libreak eraikitzeko udal-titulartasuneko lursailak ez saltzeari buruzkoa da, etxebizitza-merkatu tentsionatutzat jotzeko irizpideei eusten zaien bitartean eta eremu horretan etxebizitza babestuen % 50 gutxienez sustatzen ari ez den bitartean. Kasu hauek dira, adibidez, Amara kaleko etxebizitzak edo Illarako promozioa.
Ezezkoak ezezko, zazpi neurrietatik bost onartu izana positibotzat baloratzen dugu eta erakusten du EH Bilduk mahai gainean jartzen dituen neurriak irtenbidearen norabidean kokatzen direla. Askotan esan dugu eta berriro diogu: osoko bilkura honetan badago gehiengo bat eta, borondatea egonez gero, aurrera atera daitezke etxebizitza eskubidearen aldeko politikak.
Aho batez onartu diren neurriak honakoak dira:
- Udal gobernuari eskatzen zaio formulak azter ditzala etxebizitza babestuaren ehunekoa, bereziki titulartasun publikoko eremuetan, hala nola Easo trenbideen eta Loiolako Kuartelen kasuan, bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetuko duen gehienekoa izan dadin. Hiriko etxebizitzaren % 20 etxebizitza babestua izatea izango bada helburua, hau da norabidea.
- Erabilera turistikoa duten etxebizitza ilegalak edo klandestinoak kontrolatzeko, Udalbatzak udal-gobernuari eskatzen dio udal-zerbitzu teknikoek aldizkako egiaztapen-ekimenak egin ditzatela, besteak beste, etxebizitza horiek dauden plataformen bidez merkaturatzeko iragarkiak aztertuz.
- Udal gobernuari eskatzen zaio, herri administrazioen arteko lankidetza printzipioa aplikatuz, Gipuzkoako Foru Ogasuneko Departamentuari bidal diezaiola turismo alokairu klandestinoko jardueren berri izan bezain laster, dagozkion ondorioak izan ditzan.
Gehiengo baten babesari esker, bestalde, ebazpen proposamenean jasotako bi neurri atera ditugu aurrera:
- Udal-gobernuari eskatzen zaio azter dezala etxebizitzen ehunekoa igotzea prezio mugatuan "Etxebizitza-Kooperatiba" bezalako figuren bidez.
- Udal-gobernuari eskatzen zaio ezar dezala, proba pilotu gisa, udal-partzela baten lurzoru- azaleraren eskubidearen lagapena, adinekoentzat partekatutako etxebizitzak eraikitzeko (cohousing motakoak edo antzekoak), baldin eta proiektu horretan parte hartzen duten pertsonek, halakorik izanez gero, beren etxebizitzak Alokabide udal-programaren esku uzten badituzte alokairurako.
Eraikuntzari soilik erreparatzen dioten politikak alboratu
Etxebizitza arloan Donostiak erakusten digun argazkiak kezkatzen gaitu. Udal-txostenen arabera, hipotekak edo alokairuak bizikidetza-unitateen aurrekontuetan batez beste diru-sarreren % 31,6 suposatzen du, gutxienez. Gure taldeak argi dauka, eta behin baino gehiagotan adierazi dugu, eskura ditugun neurri guztiak ezartzen saiatu behar dugula. Premiazkoa da hori egitea, eta ezin diogu larritasuna kendu, larria baita.
Ebazpenaren defentsan, Juan Karlos Izagirre alkate ohi eta bozeramaileak adierazi duen bezala, argi geratu da orain arte ezarritako neurriak ez direla nahikoak izan: etxebizitzaren etengabeko garestitzea, donostiarren kanporatzea, diru-sarrera mailagatik finantzaketa lortzeko ezintasuna edo emantzipazio- tasaren atzerapena, Europako berantiarrena.
Etxebideren datuen arabera, 2023an 13.492 etxebizitza babesturen eskaera egon ziren Donostian; horietatik 8.885 (% 65,8) hiri berean erroldatuta zeuden herritarrena. Hala ere, zifra horiek ez dira etxebizitza-eskatzaileen benetako kopurua; izan ere, kopurua eskaeren zenbakiari dagokio soilik, eta ez pertsonei; hau da, etxebizitza behar duten pertsonen kopurua askoz handiagoa da, zalantzarik gabe.
Izagirreren hitzetan, eta datuak ikusita, «argi dago etxebizitza berriak soilik eraikiz, eta are gutxiago kasu gehienetan onartzen diren legezko gutxienekoen proportzioan, ezin zaiola konponbiderik eman etxebizitza-krisiaren arazo larriari». 2010. urteaz geroztik, 7.440 etxebizitza gehiago eraiki dira, hau da, % 8,5 gehiago. Alokairu-merkatuan ere ez dago egoera hoberik. Horrela, errenten batez bestekoa % 6,5 igo da 2022ko batez besteko errentaren prezioen gainean.
EH Bildutik uste dugu etxebizitza babestuak eraiki behar ditugula egungo hirigintza irizpideetan oinarrituta, hau da, lurzoru berrien okupazioa eta/edo eraldaketa saihestuz. Hala ere, gure hirian ez da onargarria egiturazko plangintzaren aldaketetan babestutako etxebizitzetarako % 40ko erreserbara mugatzea. Hiriak duen bizitegi egoera larriari erreparatu behar diogu eta, jakina, ehuneko horiek ez dute zuzentzen etxebizitza librearen eta etxebizitza babestuaren artean dagoen arrakala ukaezina.
Baieztapen hori are irmoago adierazi behar dugu titulartasun publikoko lurzoruak direnean, eta hori aplikatu egin behar da lurzoru horien titularra den administrazioa edozein dela ere, dela Loiolako Kuarteletakoak, dela Easoko trenbideetakoak, dela Amara kaleko udal-etxebizitza zaharren partzeletakoak.
Ebazpenaren azalpenean, Juan Karlos Izagirrek defendatu duenez, «gainditu egin behar ditugu etxebizitzaren arloko politika soilik etxebizitza gehiago eraikitzera murriztu nahi duten formulak, birgaitzetik, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzetik, lurraldearen plangintza eta antolamendu egokitik, alokairurako etxebizitzen prezioen kontroletik, kalifikaziotik, eraikigarritasun haztatua areagotuko duten birgaitze integraletatik... formula asko daude. Borondate politikoa eskatzen dugu».
Legeriak hirigintza-eragiketen bideragarritasun ekonomikoa bermatzea eskatzen du. Horretarako, eragiketaren kostuak eta hirigintza-kargak (lurzorua, eraispenak eta kalte-ordainak, eraikuntza-kostuak, urbanizazio-kostuak) eta diru-sarrerak aztertuko dira, horretarako salmenta-prezioen aurreikuspena ezarriz. EH Bildutik exijitzen dugu salmenta-prezioa eta merkaturatze-prezioa bat etortzea, besteak beste, babestutako etxebizitzen zein ehuneko izango litzatekeen bideragarria zehazteko orduan, eragiketak bideragarritasun ekonomikoaren legezko baldintza hori bete dezan.