Donostian dugun bizitegi krisia neurri eraginkor eta egingarriekin konpondu beharra dago. Gai horretan esku hartu ahal izango da borondate politikorik baldin badago eta gaur egun indarrean dauden bi legeek jasotzen dituzten tresna guztiak aplikatzen badira: Gasteizko Parlamentuak 2015erako onartutakoa, EH Bilduren babesarekin; eta 2023ko maiatzean indarrean sartu zena, Madrilgo Kongresuan PSOEk EH Bildurekin egindako negoziazioen ondorioz argi berdea jaso zuena. Bi legeek izan dute EAJren aurkako botoa.
Etxebizitza eskubide bat da, eta horretan berrestem gara ordezkaritza dugun erakunde guztietan proposatzen eta defendatzen ditugun politiken bidez. Baita Udal honetan ere, eskura dituen mekanismo guztiak aplikatu gabe jarraitzen baitu. Zeren zain dago Eneko Goia alkatea, adibidez, Donostia hiri tentsionatua izendatzeko? Zergatik bihar, gaur izan badaiteke?
Aspaldi, Donostian etxebizitza ondasun espekulatibo bihurtu da batzuentzat, oinarrizko eskubide unibertsala dela ahaztuta. Herritar gehienei, bereziki gazteei, benetan zaila egiten zaie hirian beren bizi-proiektua egitea, eta auzoan geratzeko aukerak urriak dira. Arlo honetan egiten ari garen bidea urrutitik dator. Eta gure konpromisoa berresten duten adibideak eztabaidaezinak dira: etxebizitza hutsen errolda ofizial eta publikoa eskatu dugu behin eta berriz, etxebizitza horiek merkatura ateratzeko neurri eraginkorrak planifikatu ahal izateko. Gaur egun, gainera, oraindik ez da egin. Era berean, eta EH Bilduren ekimenez halaber, aurtengo urtarriletik etxebizitza hutsei aplikatzen zaien OHZ %150ekoa da, legeak onartzen duen gehienekoa.
2023ko legeak ematen dizkigun aukerei dagokienez, asko dago egiteko. Urrunago joan gabe, Donostia osoa etxebizitza hiri tentsionatua izendatzea. EH Bildun ulergaitza egiten zaigu justifikatu gabeko atzerapen hori. Legea onartu zenetik ia urtebete igaro ondoren, zain gaude: EAJk epeak luzatu baino ez ditu egin. Legegintzaldia hasi zenetik, hiru aldiz egin dugu Donostia etxebizitza hiri tentsionatua izendatzeko eskaera, eta guztietan atera da aurrera. Hala ere, aurretiazko txostena oraindik ez da existitzen.
Era berean, ezin dugu ahaztu turismoak gure hiriko higiezinen merkatuan izan duen eragina: erabilera turistikoko etxebizitzak ugaritu egin dira, urte gutxiren buruan 50 hotel ireki dira, bloke osoekin negozioa egiteko putre-funtsak iritsi dira eta erdigunean luxuzko etxebizitzak sustatu dira. Elementu horiek guztiek are gehiago tenkatu dute merkatua.
EH Bildun argi daukagu etxebizitza-arloko politikek ahalik eta etxebizitza babestu gehien bermatu behar dituztela sustapen berrietan, zehazki, hirigintza-eragiketaren bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetzen duen maximoa. Ezarritako gutxienekoarekin konformatzea ez da aukera bat, anbizio handikoak izatea eta begirada aldatzea tokatzen da. Txominen frogatu dugu posible eta bideragarria dela.
Eta horixe da bidea: etorkizunean egingo diren sustapenetan, Infernuan bezala, babes publikoko etxebizitzen portzentaia %50era iristea lortu genuen, eta Esnabideko jabeekin sinatutako hitzarmenari esker, etxebizitza babestuak %100era igotzea lortu genuen, EH Bilduri esker ere.
Etxebizitzarako eskubidearen aldeko aurrekontuei egindako zuzenketak
EAJk bi legeekin dituen zalantzak, bai baina ez, eta gai honetan PSErekin bat ez egiteak koalizio-gobernu honen ahultasunak erakusten dituzte. Urrats txikiak egin diren arren, uste dugu ez direla nahikoak, argi eta garbi: moratoriak, esaterako, hobetzeko tarte handia du. Horregatik, eremu aseak Amara, Egia, Ategorrieta eta Intxaurrondo auzoetara zabaltzea proposatzen dugu, ‘olio-orbanaren’ eragina errealitate bat baita. Ez da nahikoa Erdialdea, Parte Zaharra, Gros eta Antigua babestea.
Salbuespenik ere ezin da onartu, hala nola eraikin babestuetan hotel berriak irekitzea, ondarea bebesteko aitzakiarekin. Begi onez ikusten dugu turismo etxebizitza berririk ez dela onartuko, baina ez dugu ulertzen EH Bilduren ustez beharrezkoak diren eta behin baino gehiagotan eskatu ditugun ikuskapenak egiteko borondate falta.
Ostegun honetan, ohiko osoko bilkura izango da udalbatzan eta aukera honetaz baliatuko gara etxebizitzaren aldeko politika publikoak proposatu eta gauzatzeko. Horri dagokionez, etxebizitzaren erreferentziazko prezioen indizearen argitalpenari buruzko mozio arrunta erregistratu dugu. Udalak, Lakuako Etxebizitza Sailarekin lankidetzan, ahalik eta azkarren aurkeztu behar ditu hiri tentsionatua deklaratzeko behar diren agiriak. Edonola, etxebizitza hiri tentsionatua deklaratzeko eskaera betetzeko (osoko bilkurak behin eta berriz onartu du, gure iniziatibaz) ezinbestekoa da erreferentzia-prezioen indizeak argitaratzea.
Bi mekanismo horiek, deklarazioa eta indizeak, etxebizitzen kokapenaren, azaleraren eta ezaugarrien arabera alokairuek izan beharko luketen maila zehazteko aukera emango dute. Datu horri esker, frogatu ahal izango da alde handia dagoela egoiliarren soldaten batez bestekoaren eta eskatutako errenten zenbatekoaren artean. Hori guztia ikusita, EH Bilduren proposamena da, mozio baten bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatzea indizeak egin eta argitara ditzala, foru-aldundiekin lankidetzan.
Osoko bilkura berean ere onetsiko dira 2024 honetarako aurrekontuak. EH Bildurentzat proposamenak etxebizitza arloko hobekuntzak ere bazituen. Alde horretatik, eduki ekonomikoa duten eta ez duten neurriak proposatzen ditugu, donostiarrentzat aukerak sortzeko.
Eduki ekonomikoarekin, zuzenketa bat egitea proposatzen dugu, Etxegintzari lurzorua eta/edo eraikin degradatuak erosteko 4,5 milioi (1,5 milioi 3 urtean) urte anitzeko ekarpena jasotzen duena. Aipatzekoa da, halaber, alokairuko 64 etxebizitza babestu eraikitzeko proposamena, Loiolako Hiri Lorategian 2025, 2026 eta 2027an gauzatuko liratekeenak.
Gainera, Amara kaleko eragiketa urbanistikoari buruzko zuzenketa batzuk aurkeztuko ditugu. Hala, Udal Gobernuak Amara kaleko hiru udal-eraikinetako orubea 7,5 milioi euroren truke saldu nahi du, eta etxebizitza guztiak libreak izango dira. Hala, horietako bakarra saltzea proposatzen dugu EH Bildutik, eta irabazitakoarekin Etxegintza finantzatzea babes ofizialeko 20 etxebizitza eraikitzeko leku horretan bertan (20 etxebizitza babestu eta 10 libre da gure proposamena; 30 etxebizitza libre da EAJ-PSE Udal Gobernuak proposatzen duena).
Eduki ekonomikorik gabeko proposamenei dagokienez, lurzoru pribatuko proiektu berrietan Babes Publikoko Etxebizitzak (BPE( %50 izatea eskatzen dugu. Hiriak etxebizitzaren prezioarekin duen arazo larria ikusita, interes publikokotzat joko litzateke HAPOa eremu pribatuetan aldatzeko edozein eragiketatan babes publikoko etxebizitzetarako gordetako portzentajea gutxienez %50ekoa izatea.
Halaber, lurzoru publikoetan BPEen ehunekoa maximizatzea proposatzen dugu. Udalak formula egokienak aztertuko lituzke, Administrazio Publikoetako lurzoruetan dauden hirigintza-eragiketa berrietan babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko gordetako ehunekoa eragiketaren bideragarritasun ekonomikoak ahalbidetzen dituen maximoak izan ditzan.
Eta, azkenik, lurzorua kalifikatzeko teknikaren erabilera sustatzea. Udalak, HAPO berria onartzeko lanen artean, etxebizitza babestuetarako lurzorua edo sabaia kalifikatzeko estrategia ezartzeko azterketa egitea onartuko luke, kasu hauetan: lokalak etxebizitza bihurtzeko, eraikinetan lebanteak egiteko, etxebizitza handiak zatitzeko, etxebizitza berriak edo birgaitze handikoak egiteko.
Araudiz kanpo deklaratzea lehen solairutik kanpoko ostatua
Ostegun honetako ohiko osoko bilkuran eztabaidatuko da, halaber, HAPOren aldaketa hasiera batean onestea, ostatu-erabilerei dagokienez. Horretarako ere proposamenak ditugu. HAPOren aldaketa puntualari EH Bilduren 12 zuzenketen helburu nagusia eremu saturatuetan ostatu erabilerak gehitzea eta lehen solairutik gorako erabilera turistikoko etxebizitzak finkatzea saihestea da.
Horrela, etxebizitza erabilerak bizitzeko erabilera bakarrari erantzun behar izatea proposatzen dugu, eta ostatu-erabilera, berriz, aisirako, oporretarako, kulturarako eta abarretarako pertsonei ostatu emateko.
Ordenazioz kanpo deklaratzea proposatzen da lehen solairuaren gainetik dagoen ostatu erabilera, betiere bizitegitarako solairu baten gainetik. Baldintza hori betetzen ez duten erabilera turistikoko etxebizitzak ez finkatzea da gure helburua. EAJk eta PSEk egungo etxebizitzen kopurua eta egoera finkatzea planteatzen duten bitartean, neurri honekin EH Bilduren asmoa da pixkanaka egungo argazkia itzultzea.
1. eremua handitzea proposatzen dugu (Morlans Behera, Amarako zabalgunea, Jai Alai, Iruresoro, Mundaiz...), eta 1. eremuan salbuespenak egiteko auker kentzea, dagoeneko saturatuta baitago. Halaber, 2. gunean salbuespenak mugatzea, eta eskatzea a.40 (txaletak) eraikinen baimen berezietan babestuta dauden elementu arkitektonikoak errespetatu eta babestea. Eta, era berean, ezinbestekoa izatea egungo erabilerari eustea, eraikina baldintza egokietan mantentzeko.