AKTUALITATEA


| 2023-05-23 16:52:00

Etxebizitza da, gaur egun, Donostiako herritarren artean dagoen kezkarik handiena, bereziki gazteen artean, zailtasun handiak baitituzte etxebizitzaren merkatuan sartzeko; finean, nork bere hirian, nork bere auzoan, bizitza-proiektu bat egin ahal izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak berak emandako datuen arabera, azken hamar urteetan 3.375 gaztek alde egin dute Donostiako hiriburutik mugakide diren herrietara, edo etxebizitza garestia izateagatik hazi ziren auzoetan bizitzeari uko egin behar izan diote asumitu ezin diren prezioengatik. Alokairuaren batez besteko prezioa mila eurotik gorakoa da eta salmentan 400.000 eurotik gorakoa.

Gros auzoa honen guztiaren adibide ona da, «turistifikazio gune berria» baita. Honakoa Donostiako Turismoko Plan Zuzentzaile berrian jasotako datu ofizialek berresten dute, zehazki. Eta ondorioak aski ezagunak dira.

Juan Karlos Izagirre alkategaiaren iritziz, testuinguru honetan galdera batzuk mahai gainean jartzea komeni da: «Zer egingo dugu gure gazteak emantzipatu eta, nahi badute, Donostian zahartu ahal izateko? Zerbait egin al daiteke Udaletik, edo etsi egin behar al dugu gazteak direnak, eta ez hain gazteak, inguruko herrietara bizitzera joaten direla ikusten dugunean?». «Erantzuna baiezkoa borobila da, egin daitekeela», adierazi du Izagirrek. «Udalak neurri asko har ditzake, beraz, borondate politikoa da kontua. Hain zuzen ere, horixe falta izan zaio Eneko Goiari urte hauetan, eta ez dakigu zer interesengatik».

Ildo horretan, hartu gabeko erabakiak zenbakitu ditu: orain zortzi urte onartutako EAEko Etxebizitzaren Legea ez da aplikatu, etxebizitza turistikoak irekitzeko baldintzak malgutu dira eta babestutako etxebizitzen ehunekoa legezko gutxienekoa da. Eta orain, Madrilen EH Bilduren babesarekin onartutako Etxebizitza Legearekin, dena aitzakiak dira alokairuen prezioak mugatzeko