AKTUALITATEA


| 2019-09-05 11:28:00

Zaborren tasari dagokionez, udal gobernuak 2020rako aurreikusten duen %4,5aren igoerarekin marra gorri guztiak gainditu dituela uste dugu. Pasa den legealdian %21 garestitu zen tasa hau eta, horrela, azken bost urtetan Donostiako familiak 2015ean 76 euro ordaintzetik, aurten 98€ ordaintzera pasatu dira. Tasa bat denez, denok kopuru berdina ordaintzen dugula gogoratu behar da. Eta kopuru hau, agian, huskeria izango da errenta handiko familientzat, baina hilabetearen bukaerara ozta-ozta iristen direntzat onartezina da. Izan ere, ezohiko igoera hau ez dator bat herritarrei ematen zaien zerbitzuaren hobekuntzekin edo zerbitzuaren eraginkortasunarekin.

Beste aldetik, etxebizitza hutsei ezartzen zaien Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) errekarguari dagokionez, adierazi behar da aurten udal gobernuak aurrera pausu txiki bat eman duela, %25etik %35era pasatuz. Izan ere, EH Bilduk azken urteotan behin baino gehiagotan eskatu du errekargua ahal den guztia igotzeko (legez, +%150), etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko tresna gisa, baina gure proposamenak beti atzera bota dituzte EAJk eta PSEk, PPren laguntzarekin.

Halere, EH Bilduren ustez, %35eko errekargua ez da nahikoa, haratago joan behar dugu zerga politika eraginkorra izatea nahi badugu. Hori dela eta, etxebizitza hutsei OHZren errekargua gehiago igotzea adosteko proposamena luzatu nahi diogu Udal Gobernuari.

Bestalde, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan ere azpimarra egin nahi dugu. Eta zerga politikaren bidez praktika onak saritu nahi dugu. Adibidez, organikoa birziklatzen duenari hobaria igotzea proposatzen dugu.

Eta euskararen erabilera normalizatzeko praktika onak ere sarituko ditugu, esaterako, aldamioetan jartzen diren kartel erraldoien hizkuntza irizpideak ezarriz.

Laburbilduz, EH Bilduk 11 zuzenketa eta arau proposamen aurkeztu dizkio 2020ko ordenantzari. Hauek dira nagusienak:

  • Etxebizitza eskubidea bermatzeko, OHZren kuota handitzea ohiko etxebizitza ez diren etxe hutsei eta kuota hori ez kobratzea 25.500 € baino gutxiago jasotzen duten familiei, eta erabilera turistikoa duten etxeei tasak garestitzea.

  • Donostiako merkataritza sustatzeko, familia-enpresa txikien jarraikortasuna laguntzea proposatzen dugu.

  • Euskararen sustapena areagotzeko atalean, saltegien paneletan eta hesi, aldamio eta eskoretan jartzen diren publizitateetan hobaria % 50ekoa izango da publizitatea Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan errotulatuta edo grabatuta badago, bi hizkuntzen kopurua hein berekoa izanik. Hobaria % 75ekoa izango euskarri fisiko eta entzutezkoetan zabaltzen den publizitatea euskaraz errotulatuta edo grabatuta badago.

  • Aldaketa klimatikoaren kontrako borrokari dagokionez, Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, kuotaren % 90eko hobaria izatea motor elektrikoa duten ibilgailuek, orain arteko %75aren aldean.

  • Iragarkien euskarri moduan gure kale eta hiribideetan gero eta presentzia gehiago duten pantaila erraldoiei kanon bat ezartzea proposatzen dugu.

  • Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (ICIO): hobaria 15 puntu handitzea, ezinduen irisgarritasuna eta bizigarritasuna errazteko egindako eraikuntza, instalazio edo obrengatik, % 90era iritsiz.