AKTUALITATEA


| 2021-05-14 12:38:00

Informazio oharra

Gaur, maiatzaren 14an, goizeko lehen orduan, programatu gabeko beste esku-hartze bat egin da Kontxako hondartzako kabinen forjatuaren azpiko zuloan, Zaragoza Plazaren parean. ETSk ez du esku-hartze horren berri eman, Zubieta kaleko bizilagunek eman dute abisua.

EH Bilduko bi zinegotzik, Reyes Carrere bozeramaileak eta Garbiñe Alkizak baieztatu ahal zian dutenez, zuloak kabinen egiturari eragin dio. Hain zuzen ere, langileek egun batzuk daramatzate eremua aseguratzen, zuloa enkofratu dute eta gaur morteroz betetzen ari dira. Gaur 50 bat m³botatzen ari dira, joan den ostiralean bota ziren beste 100ei gehitu behar zaienak.

Eta gaurko esku-hartzea duela astebete gertatutako esku-hartzearekin lotuta dago; bigarren fasea izango litzateke.

Udal instalazioak diren kabinetan ez zegoen Udalaren ordezkaririk eta ez da aurkeztu Udalaren baimenik ABEEak kabinetan lanean ibili ahal izateko.

Balorazioa

Gaur goizean, Reyes Carrere, Garbiñe Alkiza eta langileen ordezkari bat bertaratu dira Kontxako kabinetako eremura eta egiaztatu dute gertatzen ari dena oso larria dela.

EAJk eta PSEk erabaki dute metroaren obretan gertatzen ari dena ezkutatzea herritarrei. Udal talde honek atzo prentsaurrekoan salatu zuenez, “isiltasunaren estrategia” gailendu da. Baina oso oker daude pentsatzen badute hormigoiz eta iluntasunez gertatzen ari dena estaliko dutela. Egia beti agertzen da, eta gezurrak agerian geratzen dira.

Donostiako alkateak udal instalazio batean gertatzen ari denaren berri ez ematea onartezina da. Eta hori ez da jarrera isolatua, erabaki politiko bat dago atzean. Eneko Goiak informazioa nahita ezkutatzeko estrategia horrek ezin du minutu bat gehiago ere iraun. Donostiarrei behar den informazio guztia ematea eskatzen diogu alkateari.

Bestalde, gaur egiaztatu ahal izan dugu ETS lotsarik gabe gezurretan ari dela. Enpresa publiko honek argitaratutako ohar bakarrean, orain arte zuzendu ez duena, adierazten zuen zuloak ez zuela eraginik izan kabinen egituran. Hala ere, zuloa enkofratu behar izatea kabinen azpian lurrak duen ezegonkortasunaren eta egituran duen eraginaren sintoma argia da.

Gainera, ETSk tokiko komunikabideei pasatutako informazioaren arabera, esku-hartzea pasa den ostiralean bertan amaitu zen, eta kabinak astebete itxirik egongo zirela, hondartza-denboraldi berriari begira egokitzeko. Beste gezur bat, azken hau, antza, udalaren iturritatik atera dena.

Gainera, esku-hartze berri honek berretsi egiten du EH Bilduk atzoko prentsaurrekoan esandakoa. Joan den ostiraleko esku-hartzea presaka eta korrika egin zen, gertatutakoa ezkutatzeko asmoz, eta ez zen aztertu benetan zuloaren tamaina eta eragina, eta eremuaren segurtasuna.

Izan ere, ez gaude soilik gaizki planifikatutako eta okerrago exekutatutako obra baten aurrean, ez eta beste lehentasun batzuetan beharrezkoagoak diren milioika eta milioika diru publikoaren xahuketa faraoniko bat; EAJ eta PSE langileen, bizilagunen eta, kasu honetan, kabinen erabiltzaileen segurtasunarekin jolasten ari dira. Eta okerragoa dena: gezurra, egia erdiak, manipulazioa eta informazioaren ezkutatzea dira ohiko prozedurak. Bada garaia beren erantzukizunak asumitzeko eta zentzugabekeria hau geldiarazteko.