AKTUALITATEA


| 2023-03-06 14:40:00

Gaur, EH Bilduk deituta, Donostian Euskotrenen obren jarraipena egiteko batzorde ez-iraunkorra bildu da. Garbiñe Alkiza zinegotziaren galderei erantzunez, ETSko eta metro-pasanteraren obretako arduradunek baieztatu dute Easo-Mirakontxa zatiaren obrak oso mantso doazela aurrera, hilean 6 metro, eta zementu-injekzio asko erabiltzen ari direla. Horren guztiaren ondorioz, gainkostu handiak izango dituela aurreikusten da, orain arte izandakoei gehitu beharko zaizkionak. Epeei dagokienez, arduradunek diote 2025eko udan bukatuko dela obra zibila, eta, beraz, 2025eko lehen seihilekoan ezingo dela martxan jarri baieztatu dute, aurretik emandako data nabarmen atzeratuz.

Obrei dagokienez, gogoratuko denez, lizitazio berria atera ondoren, obrak berriro hasi ziren 2022ko maiatzean. Bada, ETSko arduradunek baieztatu dutenez, hilean 6 metro besterik ez dira aurreratzen ari Kontxa azpiko tunelean. Errendimendu txikia da, eta arduradunek ere onartzen dute horrela dela. Erritmo baxu horren arrazoi nagusia Kostalde eta Gipuzkoako Itsasertzetako Zerbitzuak (Kostak) ezarritako eskakizun berriak dira, tunela erabat iragazgaiztuta egon behar delako. Izan ere, hasieran, ETSk onartu egiten zuen ur emari maila bat, gero Kostak-ek zuzentzeko eskatu zuena. Gainera, adierazi dutenez, obraren fase kritiko bat oraindik iristeke dago: Kontxako estazioko hondeaketa.

Obraren aurrekontuari dagokionez, datu guztien arabera, gainkostu berriak izango dira. Gogoratuko denez, lehenengo lizitazioa bertan behera utzi behar izan zuen ETSk gainkostuetarako legezko mugak gainditu ondoren (gainkostu hori %50erainokoa izan daiteke obra publikoarentzat). Obraren arduradunek ez dute bigarren lizitazio honetarako gainkostuei buruzko datu zehatzik eman nahi izan, baina gaurko Batzordean esandakoaren arabera, handiak izan daitezke. EH Bilduk jarraituko du datuak eskatzen eta obra fiskalizatzen, baita Eusko Legebiltzarrean ere.

Bestalde, Donostian ETSren eskumenekoak diren beste obra batzuei dagokienez, Ernesto Martinez de Cabredak atzerapenak baieztatu ditu ere Loiolako-Erriberetako trukagailuaren tramitazioan. Adif, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ETSren arteko hitzarmena sinatuta egon behar zen, baina atzeratu egin da, apirilera edo maiatzera arte omen. Udal- eta foru-hauteskundeetatik hain hurbil dagoen data hori ere eman du ETSk Anoetako geltoki berriko obretarako.