AKTUALITATEA


| 2019-10-22 16:43:00

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

1. Donostiako Udalak bere desadostasun osoa adierazten du Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiarekiko. Zintzotasun osoz, bidegabekeria itzela deritzo Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari. Eta, gainera, uste osoa du epai honek ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat.

2. Donostiako Udalak deritzo prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; aitzitik, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Hain zuzen, presoak askatzeko talde honek egindako eskaerari muzin egin zaio.

3. Donostiako Udalak, bidegabekeria honen aurrean, preso guztien askatasuna aldarrikatzen du. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi ditugu. Epai honen ondorio larriak zuzenean pairatu behar dituztenei eta haien senideei gure elkartasun osoa adierazi nahi die udal honek.

4. Donostiako Udalak, zigor epai honetan, kezkaz antzematen du manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak. Erabat onartezina da. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik.

5. Donostiako Udalak adierazten du salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera utzi behar direla. Elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekin behar zaio auzi hau bideratzeko. Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta. Premiazko eginkizuna da.

6. Donostiako Udalaren ustez elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera, gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, ahalegin bereziz defendatu eta sendotu beharrekoak.


Donostian, 2019ko urriaren 21a


Sinatzaileak: 

Jon Insausti Maisterrena (EAJ/PNV udal taldea)

Reyes Carrere Zabala (EH Bildu udal taldea)

Aitzole Araneta Zinkunegi (Elkarrekin Donostia udal taldea)