AKTUALITATEA


| 2019-11-20 10:43:00

Joan den Aste Nagusian, ikusi genuen deskoordinazio handia dagoela indarkeria matxistaren aurkako borrokan jarduten duten erakundeen artean, erasoen biktima izan diren emakumeen salaketei erantzuteko orduan.

Gertaerak honako hauek izan ziren: abuztuaren 14an, Donostiako Piratak jai eremuko emakume taldeak bertan behera utzi zituen gau horretan egitekoak ziren festa ekitaldiak, salaketa ugari jaso zituztela eta. Horrez gainera, publikoki adierazi zuten salaketa judiziala jartzen duten biktimak babesik gabe geratzen direla. Hurrengo egunetan, zenbakiak ez ziren bat etorri, Berdintasun Bulegoak, Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Emakumeen Etxeak nork bere erara zenbatu baitzituen salaketak. Koordinaziorik ere ez zegoen erasoa jasan zuten emakumeei babesa emateko eta lagun egiteko zerbitzuei dagokienez.

Beraz, argi geratu zen ez dagoela koordinaziorik erasoak jasandako emakumeei laguntzen eta salaketa sexistak jasotzen modu batera edo bestera aritzen diren erakundeen eta taldeen artean: Emakumeen Etxea, Udaltzaingoa, Berdintasuneko Zinegotzitza, Emakumeen Asanblada, Abokatuen Elkargoa, Psikologoen Elkargoa, Osakidetza, Gizarte Zerbitzuak, eta abar. Gobernu taldeari dagokio koordinazioa bultzatzea, lantzea eta bermatzea.

Baina, beste behin ere bistan geratu da epaitegietara jotzea erabakitzen duten biktimek pairatzen duten babesgabezia. Izan ere, emakume horien ibilbidea ez da amaitzen puntu morean: salaketa judiziala jartzea erabakitzen badute, bide latz eta zail bat egin behar dute polizia etxetik ospitalera eta epaitegira. Baina hor ere ez da amaitzen bidea, erasoaren ondorengo faseari aurre egitea faltako dute eta: nola kudeatu egoera familiarekin eta gizarte zirkuluarekin, nola aurre egin etorkizunean kalean ordu jakin batzuetan ibiltzeari, nola aurre egin etorkizuneko harremanei, eta abar. Alegia, bide luzea dela, eta handik duintasunez irten ahal izateko, tresna juridikoak, medikoak, psikologikoak… behar direla, eta, askotan, ez dela halako tresnarik izaten.

Indarkeria sexista errotik atera ahal izateko gure hirian, ikuspegi integral batetik ekin behar zaio, eta modu batera edo bestera erasoak prebenitzen, biktimari laguntzen eta erreparazioa ematen jarduten duten eragile guztiak inplikatu. Era berean, sinergiak sortu eta denon ahaleginak batu beharra dago; izan ere, noizean behingo kanpainak ez dira nahikoak erasoak prebenitzeko, biktimei lagun egiteko eta erreparazioa emateko.

Joan den irailaren 16an, interpelazio bat egin genion Berdintasuneko zinegotzi ordezkariari gai horri buruz eta eraso sexisten aurkako protokoloa hobetu beharraz. Haren erantzunak lausoak eta nahasiak izan ziren, baina premiazkoa da alderdi hori hobetzea.

Horregatik guztiagatik, hauxe da biharko udalbatzarrean EH Bilduk aurkeztuko duen proposamena:

Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari bultza dezala indarkeria matxista prebenitzeko eta ekintzak koordinatzeko diziplina anitzeko mahai iraunkor bat, profesionalek, ordezkari politikoek, talde feministek eta inplikatutako beste erakunde batzuek osatua (Abokatuen Elkargo Ofiziala, Osakidetza, gizarte zerbitzuak, Berdintasun Bulegoa, Emakumeen Etxea, Ertzaintza, Udaltzaingoa, Donostia Psikologoen Elkargo Ofiziala, Donostiako Asanblada Feminista eta indarkeria matxista prebenitzeko lanean aritzen diren bestelako herri elkarteak).