AKTUALITATEA


| 2020-07-22 12:26:00

Eneko Goiaren gobernuak ekainaren 4an erabaki zuen, aldebakartasunez, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpen baten bidez, eraikinak birgaitzeko diru-laguntzak etetea. Lehenago, Alarma egoeran, laguntza publiko guztiak eskatzeko epeak eten ziren, baina behin konfinamendua amaituta, Hirigintza Iraunkorreko Zinegotziak laguntza-eskaerak aurkezteko epea berriz ez hastea erabaki zuen, eta etetea erabaki zuen.

Gai hau oso garrantzitsua da, EH Bilduren ustez. Izan ere, gaur egun, ezinbestekoa da Donostiako etxebizitzak birgaitzeko obrak sustatzea, bai hiriko jarduera ekonomikoa sustatzeko, bai irisgarritasun baldintzak hobetzeko. Horregatik, EH Bilduk Udal Gobernuari eskatuko dio biharko osoko bilkuran zuzen dezala egindako akats larria eta ken dezala irisgarritasun eta birgaitze lanetarako diru-laguntzen etendura.

Irisgarritasunaren ikuspegitik, gogoratu behar da Donostian, Etxegintzaren datuen arabera, 15.000 etxebizitza inguru daudela igogailurik gabe eta horietan 30.000 donostiar inguru bizi direla, horietatik 7.000 65 urtetik gorakoak. Egoera hori konpontzea lehentasunezkoa da, are gehiago pandemia-egoera honetan, konfinamenduan inoiz baino garrantzi handiagoa hartu baitute bizi baldintza duinek.

Eta sustapen ekonomikoaren ikuspuntutik, ekainaren 17an aurkeztutako "Covid-19 ondorioei aurre egiteko eta Donostian norabide berri bati ekiteko talka-planean”, mendekotasuna duten pertsonen etxeetan irisgarritasuna hobetzeko, hiriko gremioen bidez, obra publikoa bultzatzeko beharra jaso zuen EH Bilduk. Izan ere, herritarrentzako zuzeneko mesedea ekartzeaz batera, inbertsio publiko horrek eragin biderkatzailea izango lukeelako hiriko eta lurraldeko ehun ekonomikoan, eta baita eraikuntza eta obrengatiko eta bestelako zergengatiko udal sarreretan ere (zenbait iturriren arabera, itzulkin fiskala % 49koa izatera irits daiteke).

Pandemia garai honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da baliabide ekonomiko publikoak zertan inbertituko diren ondo aukeratzea. Ez da garaia itzulera sozial oso urria izango duten azpiegitura handietan diru publiko kopuru erraldoiak xahutzeko, AHTan adibidez; ez da garaia desfase milioidunak ordaintzeko metroko pasantearen lana gaizki planifikatzeagatik, herritarren segurtasuna arriskuan jarriz; eta ez da garaia uharteko itsasargiaren obran "daukan gastua daukala" gastatzen jarraitzeko, kultura zinegotziak osoko bilkuran esan zuen bezala. Tokiko ekonomian eta pertsonengan inbertitzeko garaia da.

Biharko osoko bilkuran, EAJk eta PSEk eraikinak birgaitzeko laguntzak etetean egindako akats larria zuzentzeko aukera izango dute, EH Bilduren mozioa babestuz.