AKTUALITATEA


| 2022-01-21 13:05:00

Eneko Goia alkateak elkarrizketa batean, San Sebastian egunaren testuinguruan, “zure auzoan zahartu nahi izatea nahiko apetatsua izatea da" adierazi eta gero, Donostiako EH Bilduk zera adierazi nahi du:

Adierazpen horiek erreakzio sozial handia eragin dute, batez ere etxebizitzaren prezioen garestitzea dela-eta bere auzoak utzi behar izan dituzten pertsonen artean – gehienak gazteak -, bai eta bere etxea oraindik galdu ez duten baina hilabetez hilabete alokairuaren prezioaren igoera jasaten duten herritarren artean ere, baita funts putreek presionatutako ehunka familien artean eta, oro har, hirian bizi, lan eta bere aisialdiaz disfrutatu nahi duten pertsona eta talde guztien artean ere.

Ez da gutxiagorako, izan ere, orain arte ikusi gabeko zerbait zen, alkate batek, hain esplizituki, bere bizilagunak kanporatzen dituen fenomenoa babestea. Ehunka donostiritarrek pairatzen duten egoerarengatik kezkatuta agertu beharrean, eta espekulazio-praktiken aurkako mezuak bota beharrean, praktika horiek Eneko Goiak ulertu eta justifikatu egin ditu. Eta, gainera, kaltetuen aurkako adierazpenak egin ditu, apetatsuak direla leporatuta, beren eskubideak aldarrikatu besterik egiten ez dituztenean.

Ez dugu aurkitu hemerotekan beste edozein hiri edo herritako alkatearen adierazpenik bere bizilagunak kanporatzea hain argi justifikatu duenik. Eta, gainera, jarraitu beharreko adibide gisa jarri du bere burua, baina ez du aipatu berak soldata oso handiak kobratu izan dituela betidanik, eta horri esker oso jende gutxik duen patrimonioa metatzen ari dela. Izan ere, Goiak kritikatzen dituen herritarren %99k bizitza bat baino gehiago beharko luke hori dena lortzeko.

Baina adierazpen horietatik haratago, benetan kezkagarria dena da Udal Gobernu honen etxebizitza-politika badoala alkateak elkarrizketa horretan esandakoaren ildotik. Politika horren ondorioz, erdiguneko auzoek biztanleria galtzen dute urtetik urtera, batez ere gazteak, eta espazio hori pisu turistikoak, funts putreak, luxuzko etxebizitzak eta espekulaziora bideratutako etxebizitza hutsak betetzen ari dira.

Izan ere, Eneko Goia alkatea denetik, pisu turistikoak eta hotelak biderkatu dira gure hirian. Udal Gobernuaren zifren arabera, 2016. urtetik hona 45 hotel (edo antzekoak) berri ireki dira Donostian. Hau da, 2016an zeuden 7.652 plazatik 11.272ra igaro dira (+% 47). Eta pisu turistikoei dagokienez, ehunka dira legeztatutakoak, EAJk eta PSEk lehenengo solairutik gorako etxebizitzak baimentzeko erabaki politikoa hartu ondoren.

Prezioari dagokionez, Idealista.com-en arabera, alokairuaren prezioak beste errekor historiko bat markatu zuen 2021an Donostian: 15,5 €/m² (+% 3,3 2020arekiko). Horrenbestez, Eneko Goiaren agintaldian, alokairuaren prezioa %33 garestitu da. Etxebizitzen salmenta prezioari dagokionez, atari digital beraren arabera, burbuila inmobiliarioaren prezioen gainetik dago jada, eta aurtengo irailean 4.978 €/m2-ko errekor historikoa markatu du. Hau da, Donostiako zenbait tokitan etxebizitza beti garestia bazen, Eneko Goiaren alkatetzan benetako luxu bihurtu da hiri osoan.

Populazioaren galerari dagokionez, Gros auzoari erreparatzen badiogu, errealitatea hauxe da: bertako auzotar askok -zeresanik ez, gazteek- alde egin behar izaten dute ez dutelako etxebizitza duin baterako sarbidea. Datuak argiak dira: Donostian etxebizitza bat erostea zaila bada, are zailagoa da Grosen (% 18 garestiagoa); alokairuaren prezioa, bestalde, 1.300 euro ingurukoa da; babestutako etxebizitzarik ez dago, eta biztanle kopurua jaisten ari da etengabe (1.100 bizilagun galdu zituen Grosek 2010etik 2019ra bitartean, eta beste 177 2020ean). Modu paraleloan, gero eta pisu turistiko gehiago dago (300 inguru) eta gero eta hotel gehiago (Mariaren Bihotza eta Inmaculada ikastetxeetako proiektuak, azkenak).

Etxebizitzen arazoa oso kezkagarria da Donostian, eta EH Bildu etxebizitza politika berri bat eskatzen ari da, egungo joerak iraultzeko. Ildo honetatik, proposamen zehatzak egin ditugu alokairuen prezioa mugatzeko, etxebizitza hutsetan esku-hartzeko, hotelen eta pisu turistikoen hedapenari galga jartzeko eta abar, baina hauen guztien aurrean, EAJren eta Eneko Goiaren erantzuna beti izan da negatiboa.

Donostian, etxebizitza politika dogma neoliberalaren mende dago erabat: lehenik, negozioa, eta, bigarrenik, herritarren eskubideak. Eta, hala, zenbait auzotan -kasualitatez, turistifikazioak gehien kaltetutakoak- populazioa galtzen ari da, hala nola Parte Zaharrean eta Grosen. Hirian gero eta kezka handiagoa dago, eta Eneko Goiaren hitzek eta ekintzek lobby espekulatzaileen jokabide oldarkorrenak babestu besterik ez dute egiten.