AKTUALITATEA


| 2021-05-13 12:21:00

ETSk eta Eusko Jaurlaritzak obren jarraipenerako batzordean eman ditzaketen azalpenez gain - EAJk eta PSEk deialdia behingoz egitea erabakitzen dutenean - Eneko Goiak ere azalpen asko eman behar dizkie donostiarrei, Udal Gobernuak gain honekin duen gardentasun ezagatik eta herritarrei egia ez esateagatik. Izan ere, nahiz eta hirugarren zuloa udal instalazio publiko batzuetan agertu, matxura-abisu baten bidez ezkutatu nahi izan da. EH Bildu izan zen albistea eman zuena, eta horren ondoren ere, udal gobernuaren erantzuna isiltasuna izan da.

Zentzu honetan, EH Bilduk urgentziazko interpelazioa erregistratu du datorren asteleheneko batzordeetan Udal Gobernuak azalpenak eman ditzan.

EH Bilduk iturri fidagarrietatik jaso dituen datuen arabera, zuloa aurrekoak baino askoz handiagoa da: 100 m³ hormigoi behar izan dituzte hirugarren zuloa estaltzeko, lehenengoan 30 m³ eta bigarrenean beste 30 m³ behar izan zituztenean. Baina, esan bezala, zuloaren tamaina handia izan arren eta Udalaren kirol-azpiegitura batean agertu arren, azken zulo honek ez du Udalaren jakinarazpen ofizialik izan, beste bi kasuetan ez bezala.

Nahiz eta zulo honek aurrekoen tamaina hirukoiztu, paradoxikoki, administrazio publiko desberdinek eskainitako informazioa zuloaren tamainaren alderantziz proportzionala izan da. Badirudi “zenbat eta zulo handiagoa, orduan eta iluntasun handiagoa” printzipioari jarraitu zaiola.

Eta deigarria da, halaber, zuloa hain azkar estali izana. Dakigunez, oso denbora gutxi izan zuten alternatibak aztertzeko edo kabinen azpian zulo gehiago ote zeuden egiaztatzeko. Lehenbailehen estaltzeko agindua zegoen. Azkartasun hori ez dator bat, halaber, herritarrei informazioa emateko moteltasunarekin.

Gertaeren kronologia labur batek argi uzten du erabaki politiko bat hartu dela zuloaren agerpenak estaltzeko. Eta, irizpide horri jarraituz, EH Bilduk albistea eman eta gero ere, isilik mantendu dira. ETSren ohar laburra izan zen azalpen bakarra; eta esan beharra dago ohar hori ez dela enpresa publikoaren webgunean jarri, ez eta sare sozialen bidez zabaldu ere. Zaratarik ez egiteko agindua dago, isiltasunaren legea aplikatu dute.

Izan ere, pasantearen obrek herritarren artean eragiten ari diren kontrakotasuna ikusita, eta zati honetan egin ari diren kudeaketa kaxkarra estaltzeko asmoz, sortzen diren zailtasunei buruzko ahalik eta gutxien komunikatzea erabaki dute EAJk eta PSEk.

Udalari dagokionez, estrategia honen adibide dira ETSren batzordea deitzeko atzerapenak edota Eneko Goiak EH Bilduren metroaren obrei buruzko galderei ez erantzuteko erabakia (“ez daukat EH Bilduri erantzuteko obligaziorik” esan du dagoeneko bi plenoetan).

Onartezina da horrela jokatzea diru publikoarekin ordaindutako obra publiko batean. Demokrazian, gobernuek beren kudeaketaren berri eman behar dute, – arrakastatsua edo desastre bat izan – hau bezala, eta herritarrek eskubidea dute euren diruarekin politikariak zer egiten ari den jakiteko.

Kronologia

12:00 Ordu horren inguruan hasi ziren mugimenduak Kontxako kabinetan. Udaleko funtzionarioek, oso urduri, bertan zeuden pertsonak kanporatu zituzten. Lekukoen arabera, 12:30erako kabinak hutsik zeuden.

(Isiltasuna)

15:10 EH Bilduko zinegotzi batek bizilagun baten abisua jaso zuen: “Suposatzen dut jakinaren gainean egongo zarela. Kabinetan zuloa omen dago. Porlanaz betetzen ari dira. Goizetik jendea dabil gora eta behera eta garbitzaileak kanpora bota dituzte goizean, zuloa erortzeko zegoelako”.

15:40 Ohar hau argitaratu zen Udalaren sare sozial ofizialetan: “Kontxa hondartzako kabinak itxita daude matxura dela-eta. Barkatu eragozpenak / Las cabinas de la playa de La Concha permanecen cerradas debido a una avería. Disculpen las molestias”.

15:45 EH Bilduko zinegotzi bat kabinetara bertaratu eta ohar hau ikusi zuen: “Itxita matxura dela-eta / Cerrado por avería”. Bertan zeuden langileekin hitz egin zuen, eta barruan metroaren obrekin lotutako zulo bat zegoela baieztatu zioten, eta informazio gehiagorako obraren zuzendaritzara jotzeko esan zioten. Zinegotziari ez zioten barrura sartzen utzi.

16:20 EH Bildu taldeak prentsa-ohar bat argitaratu zuen zuloaren berri emateko.

Ondoren, ETSk prentsa-ohar labur bat bidali zuen, eta bertan azaltzen zuen zuloak ez diola kabinen forjatuari kalterik eragin, ekainaren 5eko zuloarekin lotuta zegoela eta zuloa betetzen ari zela.

(Isiltasuna)

Astelehenean, hilak 10, Blas de Otero plazan kazetariek egindako galderei erantzunez, Goiak erantzun zuen ETSk ostiralean argitaratu zuen informazioa baino ez duela.

(Isiltasuna)

Galderak

  • Zergatik ez die Udal Gobernuak oraindik jakinarazi donostiarrei udal-instalazio batzuetan zulo bat agertu dela?

  • Noiz jakin zuen Udal Gobernuak zuloa zegoela kabinetan? Bertaratu al zen Udal Gobernu honetako zinegotziren bat kabinetara?

  • Udal Gobernuak gertatutakoa ezkutatu nahi izan zuen? Zergatik eman zien herritarrei matxuraren bertsioa? Nork erabaki zuen informazio faltsu horren berri ematea ateko kartelean eta sare sozialetan? Edo Udal Gobernuak uste al du “matxura” hitzak definitzen duela maiatzaren 7an Kontxako kabinen azpian gertatu zena?

  • Zergatik ez zioten utzi udal honetako zinegotzi bati eta langileen ordezkari bati kabinetara sartzen? Udal Gobernuaren agindua izan zen?

  • Udal Gobernuak baimenik eman al zion UTEari, ETSri edo beste batzuei udal instalazio batean agertu zen zuloa konpontzeko? Zeinek eman zuen hori egiteko baimena? Zein ordutan eman zuen baimena?

  • Zer azterlan egin da interbentzioa baimentzeko? Zertan oinarritu dira esku-hartze hori egiteko? Ziur al daude ez dagoela kalte edo zulo gehiagorik inguru horretan?

  • Prentsaren bidez jakin ahal izan dugunez, kabinak itxita egongo dira hilaren 14ra arte: Udalak konpentsazioren bat jasoko al du zerbitzu publiko bat astebetez itxi behar izateagatik?

  • Kezkatzen al zaitu, Goia jauna, donostiarren, bizilagunen, kabinen erabiltzaileen, obrako langileen... segurtasuna arriskuan jarri izanak? Ezohiko neurririk hartuko al du Udal Gobernu honek, laugarren, bosgarren... zulo bat agertu ez dadin? ETSren obra-zuzendaritzarekin orain arte baino zorrotzagoa izango al da alkatea hemendik aurrera?