AKTUALITATEA


| 2022-01-27 13:13:00

Eneko Goia Donostiako alkateak gaur eragotzi du langile eta herritar asko hiriaren osoko bilkurara sartzea, pandemiaren aitzakipean. Baina okerrena da, neurri guztiz bidegabe hori justifikatzeko orduan, Udal Gobernuak gezurra esan duela eta zikin jokatu duela. Udalbatza Aretoko atea zaintzen duten agenteei aginduak ematerakoan gezurra esan dute, alkateak zinegotzi guztiei gezurra esan die, eta Prentsa Kabinetea gezurra esaten saiatu da kazetarien aurrean erabakia justifikatzeko orduan.

Alde batetik, Udalbatza Aretoan sartu nahi zuten langileek entzun behar izan dute gutxi batzuk bakarrik sar zitezkeela, udal talde guztiek, EH Bilduk barne, edukiera mugatzea erabaki dutelako. Gezurra izateaz gain, honek ez du ez hankarik ez bururik.

Izan ere, alkatea bera izan da gezurra esan duen lehena. Udal Batzarraren gai-zerrendarekin hasi baino lehentxeago, Eneko Goiak esan du edukiera mugatzeko erabakia ez zela berea, baizik eta “udal-taldeetako bozeramale guztiek” hartu zutela. Hori guztiz faltsua da, berehalakoan EH Bilduko gaurko bozeramaile Olaia Duartek demostratu duen bezala, azken Bozeramaileen Batzordearen akta erakutsiz. Bertan argi eta garbi jasotzen da: “Gaiari buruz eztabaidatu ondoren, bozeramaileek beren adostasuna adierazi zuten, Carrere andrea izan ezik, aurkako jarrera agertu zuena”. Alkateak, ordu honetan, ez ditu zuzendu bere adierazpen faltsuak.

Azkenik, EH Bilduk jakin ahal izan duenez, alkatearen prentsa-kabinetetik ere zabaldu da, hasiera batean, Udal Gobernuaren gezurra, eta EH Bilduk kazetari batzuei Bozeramaileen Batzordearen akta aurkeztu ondoren, orduan hasi dira bertsio faltsua zuzentzen.

Jakina denez, azken osoko bilkuretan udal langileek Udalbatza aretora eraman dituzte beren lan baldintza txarren salaketa. Alkateak berak ere bertan behera utzi zuen azaroko osoko bilkura, arazo horregatik. Hala ere, gaur langileen ordezkaritza txiki batek baino ezin izan du osoko bilkuren aretora sartu.

EH Bilduk, gertatutakoa argitzeaz gain, eta borroka sindikalari eta osoko bilkurara etortzen diren beste herritarren mobilizazioei ematen diegun babesa berresteaz gain, mezu argi bat bidali nahi diogu Eneko Goiari: nahikoa da jauntxokeriaz, gezurraz eta manipulazioaz. Gezurra arma politiko gisa erabiltzea justifikatzen duen pertsona batek ezin du Donostiako alkate izaten jarraitu.