AKTUALITATEA


| 2021-12-16 13:39:00

Azaroaren 26an, Donostiako Udalak ofizialki piztu zituen Gabonetako argiak. Aurten, Udal Gobernuak 410.000 euro gastatuko ditu argiteria muntatzeko; iaz, pandemia zela eta, ia erdia gastatu zuen (240.000 euro inguru) eta 2019an, pandemia aurreko urtean, aurten baino % 4 gutxiago.

Hala ere, aurten elektrizitatearen prezioa izugarri igo da, eta oraindik ez dakigu zenbat garestituko den Udalak ordaindu behar duen argiaren faktura. Izan ere, gaur bertan, elektrizitatearen prezioak errekor berri bat gainditu du, enegarrena, eta lehen aldiz 300 euro/Mwh gainditu du. Urtarrilaren 1ean, prezioa 42,51 euro/Mwh zen. Hau da, elektrizitatearen kostua aurreko Gabonetakoa baino 7 aldiz handiagoa da aurten.

EH Bilduk, abenduko udal-batzordeetan, Udal Gobernuari galdetu dio Gabonetako argiak 42 egunez piztuta edukitzeak ekarriko dituen gastu-aurreikuspenei buruz. Hala ere, joan den ostegunean egindako batzordean, Udal Gobernuak uko egin zion galdera horri erantzuteari, eta Donostiako Sustapena elkarteak gaur, abenduak 16, egin behar omen zen bilera batean galdetzeko esan ziguten, baina bilera hori ez da gaur egin, eta urtarrilera atzeratu da. Badirudi Udal Gobernuak ez diela donostiarrei energia-gastuari buruzko informazio zehatzik eman nahi.

Elektrizitatearen prezioaren kontrolik gabeko garestitzearen aurrean, ez da ulertzen EAJk eta PSEk Gabonetako argiteria % 4 handitzeko hartutako erabakia. Gainera, ez da neurri zuzentzailerik hartu, adibidez, pizte-orduak eta/edo -egunak murriztuta. Donostian ez dago ia familiarik beren energia-kontsumoa argiaren fakturaren neurrigabeko igoerara egokitu behar izan ez duenik. Aldiz, Donostiako Udal Gobernuak, aurtengo Gabonetako argiteria diseinatzerakoan, ez du kontuan hartu prezioen igoera hori, eta are okerragoena dena, % 4 argi gehiago jartzea erabaki du.

Baina ez da kontu ekonomikoa bakarrik. Mundu mailako larrialdi klimatikoan gaude, eta inoiz baino beharrezkoagoa da energia arduraz erabiltzea. Zentzu horretan, Eneko Goiak Gabonetako argiak % 4 handitzeko erabakia ulergaitza da. Are gehiago, Donostiak 2020ko martxoan larrialdi klimatikoaren egoera deklaratu zuen gure hirian. Izan ere, adierazpen horretan “egungoak baino asmo handiagoko” konpromisoak hartu behar direla nabarmentzen da, “berotegi-efektua eragiten duten gasak murrizteko” eta “karbono-emisio garbiak ahalik eta azkarren zerora murrizteko, lehenbailehen eta lehentasunez”. Eta horrela bukatzen du adierazpenak: “larrialdi-egoera batek gure Udalaren eta gure hiriaren baliabide erabilgarriak birbideratzea eskatzen du, klima-krisiari aurre egiteko, horrek dakartzan arazoekin”.

Gabonetako argien energia- eta ekonomia-gastua handitzeko Eneko Goiak hartu duen erabaki hori, berriz ere, Donostiako Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenean hartutako konpromisoen aurkakoa da. Donostiako hainbat eragilek salatu dutenez, Udalek eta gainerako instituzioek besteentzako eredu izan beharko lirateke klima aldaketaren aurkako borrokan.