AKTUALITATEA


| 2019-09-10 11:59:00

Hizkuntza Politikako Sailordetzak VI. Plangintzaldiko bere irizpideetan proposatu dituen euskara gaitasunak, zuzendaritza organoetarako, C1 edo C2 mailakoak dira. Hain zuzen, aipagai dugun zuzendari lanpostuarekin batera argitaratutako beste hiru deialdietan euskarako C1 maila eskatu da. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendaritzarako, ordea, ez du euskara ezagutzeko beharrik ezarri, eta soilik merituen artean sartu du.

Kezkagarria iruditzen zaigu erabaki hau hartu izana Eneko Goiaren gobernuak, kontraesankorra eta arduragabea delako. Erabaki hori ez doa euskaren erabilera normalizatzeko udal langileek eta erakundeak urtetan egindako ahaleginaren bidean, eta eragingarri eta eredugarri izateko aukera zapuzten du. Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak Herri Erakundeetarako proposatutako gidalerroetan aipatzen duenez, euskararen kudeaketak lider eta erakunde-ordezkarien konpromiso osoa eta egiazkoa eskatzen du, zeharkakotasuna bermatzeko eta euskara erakundearen kudeaketa sisteman integratzeko. Horiek horrela, Donostiako Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendaritzan goren mailako postuan bertan egon behar du euskararen erabileraren erantzukizuna, sailaren zuzendaritzak eta arduradunek beren gain hartu behar dute. Donostiako udaleko langileek urteotan guztietan egin duten ahaleginari esker, udal langile gehienak prestatuta daude, neurri batean edo bestean, euskaraz lan egiteko. Baina Eneko Goiaren gobernuak muzin egin dio hizkuntza politika aurreragarria ezartzeari eta men egin dio euskara baztertzen duen politika zaharrari.

Euskararen kudeaketa normalizatuak eskatzen du, hasteko, arduren eskalan goren mailan daudenak euskaraz gaituak izatea eta, horrekin batera, liderrek jarrera aktiboa izatea euskararen erabilera plana ezar dadin eta hizkuntza ofizialen erabilerarako irizpideak bete daitezen. Eneko Goiaren gobernuak, ordea, berriz ere baliatu ditu salbuespen eta zirrikituak euskararen aurrerabidearekin bat ez datozen erabakiak hartzeko.

Hauek horrela, eskatzen diogu Eneko Goia alkateari Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendari lanposturako eskakizunen artean euskara eskatzea eta Euskara Planaren irizpideetatik kentzea funtzionari ez izategatik euskara gaitasuna ez eskatzea ahalbidetzen duen aukera.