AKTUALITATEA


| 2022-12-09 13:43:00

Astelehen honetan, EH Bilduren ekimenez, Eneko Goia alkateak azalpenak eman beharko dizkie donostiarrei Mugi txartelaren deskontuei hartu duen jarreraren inguruan. Udal Batzordean aukera paregabea izango du sortutako polemika antzua ixteko, krisi garai hauetan hain eraginkorra den neurri horrekiko konpromiso politiko argia erakutsiz.

Izan ere, azken egunotan, Eneko Goiak hainbat aitzakia erabili ditu Garraio Agintaritzak hartutako erabakiaren aurkako jarrera justifikatzeko. Besteak beste, haserre agertu da Diputazioak neurria aurkezteko erabilitako moduengatik; eta beste argudio batzuk ere erabili ditu: laguntzaren finantzaketa, Mugi anonimoa deskontuan sartu behar den ala ez (soilik %6a dira), etab. EH Bilduren iritziz, hauek guztiak aitzakiak besterik ez dira. Horrelako gai batek interes alderdikoiak alde batera uztea eta herritarrengan soilik pentsatzea exijitzen du. Eta horixe da EH Bilduk asteleheneko batzordean eskatuko diona alkateari.

Gaiaren kudeaketari dagokionez, asteleheneko batzordean, Goiak justifikatu beharko du zergatik Donostia ez zen ordezkatua egon joan den asteko Garraio Agintaritzaren bileran. Donostiako Udal Gobernuak parte hartu behar du herritarrentzako erabaki garrantzitsuak hartzen diren foro guztietan, eta bertan bere jarrerak defendatu. Alkate batek ezin du bilera garrantzitsuetan bere presentzia ordezkatu prentsa adierazpenekin, kasu honetan egin duen bezala.

Finantzaketari dagokionez, Donostiako Udalaren ikuspegitik, %40 Eusko Jaurlaritzak ordainduko duen edo Madrilgo Gobernua izango den finantzatuko duena, ezin da neurriarekin konprometitzeko arazoa izan. Bi kasuetan, Donostiako Udalak %10 erreserbatu behar du, hau da, 1,7 milioi euroko partida. Neurriaren eraginkortasuna ikusita, guztiz bideragarria den kopuru bat.

Babes politikoari dagokionez, gogoratu behar da Eusko Legebiltzarrak duela bi aste aho batez onartu zuela deskontuak luzatzea, EH Bilduren eta Elkarrekin-I.U.ren proposamenez.

Beraz, orain, EAJ, Eneko Goiaren bitartez, aitzakiak bilatzen ari da % 50eko deskontuak ez luzatzeko, esanez neurri hori hartzeko ezinbestekoa dela Espainiako Gobernuak kostuaren zati bat finantzatzea. Eta hori ez da horrela. Eusko Jaurlaritzak ez du zertan itxaron behar Madrilen deskontuen luzapena adostu arte: Eusko Jaurlaritzak dirua badu, behar sozial handia dago eta eskumenak baditugu. Jakina, Madrildik finantzaketa iristen bada, ongietorria izango da, baina hori ezin da izan deskontuak luzatzeko edo ez luzatzeko baldintza. Eta are gutxiago Donostiako Udalaren kasuan, kupoa %10ekoa izango baitu bi hipotesietan.

EH Bilduk, aldiz, argi dauka, garraio publikoa hobetzeko inbertsioak egiteaz gain, krisi une honetan herritarrek tarifa merkeagoak behar dituztela eta, beraz, %50eko deskontuak luzatu behar direla, aitzakiarik gabe eta inoren zain egon gabe. EH Bildu horren alde ari da lanean, ordezkaritza duen erakunde guztietan, parlamentuetan, batzar nagusietan eta udaletan, gobernuan edo oposizioan.

Aste honetan, gainera, Eneko Goiak, auzia konponbidean jarri beharrean, endrokatu egin da eta, Mugiren deskontuak erabili ditu 2023ko udal aurrekontuen atzerapena justifikatzeko arrazoi bezala. Baina hau ez da kontu berria, aurreikusi zitekeen partida bat da, Garraio Agintaritzaren bileren gai zerrendan urritik baitago. Gainera, beste udal batzuek, baita hiriburuek ere, arazorik gabe aurreikusi dute neurriaren finantzaketa aurrekontu-proiektuetan.

Dena den, Mugiren deskontua da aurrekontuen atzerapena justifikatzeko orain arte erabilitako hirugarren aitzakia; lehenago, PSEko primarioak erabili zituen aitzakia gisa, eta, ondoren, Loiolako kuartelen hitzarmena sinatzeko atzerapena.

EH Bilduren ekimena, astelehenean, Gune Publikoaren Udal batzordean jorratuko da, 13:00tatik aurrera. Aurretik, interpelazioa gai-zerrendan sartu ala ez bozkatu egin beharko da, baina aurretik izandako kontaktuek argi utzi dute zinegotzien gehiengoak gai-zerrendan sartzearen alde bozkatuko duela.