AKTUALITATEA


| 2021-05-17 13:01:00

2020ko ekainean, lehen zuloa agertu ondoren, bai ETSk bai Udal Gobernuak georadarrarekin azterketa sakonak egiten ari zirela adierazi zuten, zulo gehiago ote zeuden ikusteko, eta besterik ez zegoela ziurtatzera iritsi ziren. Azaroan, Zubieta kaleko errepidearen erdian bigarren zuloa agertu zenean, ETSren planek bere horretan jarraitu zuten, lehenaren ondorioa besterik ez zela argudiatuz.

Hala ere, hirugarren honek Obra Zuzendaritzak publiko egin dituen eskema guztiak hautsi ditu, alde batetik, beste bi zuloekiko distantziagatik, baina, batez ere, bolumenagatik. Kasu honetan, 132 m³ mortero erabili dira zuloa estaltzeko; lehenengoetan, 20-30 m³ erabili ziren. Hau da, bolumen hori 10 m-ko luzera, 10 m-ko zabalera eta 3 m-ko altuera duen zulo baten baliokidea da. 16-17 hormigoi-kamioi.

ETSren prospekzioak ez dira gai izan halako zuloa detektatzeko, eta honek alarma guztiak piztu ditu. Gaur egun, inork ezin du baztertu zulo gehiago ateratzea, ezta ETSko zuzendaritzak ere. Inguru horretan bizi diren edo ibiltzen diren pertsonen eta langileen segurtasuna ez dago bermatuta.

Egoeraren larritasuna nabarmena da, baina, gaur, alkateak berriro egin dio uko gaiari buruzko azalpenak emateari. Gure aldetik datuak bildu ondoren, EH Bilduk interpelazio bat erregistratu zuen, galdera zehatzekin gertatutakoari buruz informazio ofiziala jasotzeko eta segurtasuna nola bermatuko den jakiteko. Interpelazio hau Gune Publikoaren Udal Batzordean eztabaidatu behar zen gaur, baina EAJk eta PSEk botoak batu dituzte alkatearen agerpena saihesteko. Alkatea ez da osoko bilkuren aretoan agertu ere egin, eta Pilar Arana zinegotziak hartu behar izan du bozeramailearen papera.

Eta oraingoan ezin dute esan ez dela Udalaren eskumena, hirugarren zuloa udal instalazio batzuen azpian agertu baita. ETSk eta Udal Gobernuak hainbat komunikabide lokalei pasatutako informazioaren arabera, maiatzaren 7an (ostirala) bete zen zuloa, eta kabinak asteburu honetarako irekiko ziren. Gaur gaurkoz, zuloa agertu eta 10 egunetara, Kontxako kabinetako atean kartel berdina dago: kabinak itxita daude matxura baten ondorioz. Horixe da Udalak gertatutakoari buruz eman duen azalpen bakarra. Azalpen faltsua, bistan denez.

Eta esan beharra dago publikoki egin ditugun azalpen eskaerez gain, EH Bilduk alkateari azalpenak eskatu dizkiola modu pribatuan, baina Goia jaunak ez zigun inongo informaziorik eman.

Despota bat bezala jarduten den alkate bat dugu. Donostiarrak gehien kezkatzen dituzten gaiei buruzko azalpenak eman behar ditu, baina hainbat osoko bilkura daramatza hitza hartu gabe, arazoen aurrean ezkutatu egiten da eta, gainera, isildu egin da ETSk Kontxa azpian eragin duen kaosaren aurrean. Eta, hori gutxi balitz, horretaz harro azaltzen da.