AKTUALITATEA


| 2024-11-20 11:52:00

Emakumeen Etxeak hamarkada bat darama Okendo kalean, behin behineko kokalekua den leku berean lanean. Beste eraikin batera lekualdatu eta leku berrian egonkortzeko asmoa aspaldikoa bada ere, Udal Gobernuak azken promesa gauzatu gabe segitzen du. Izan ere, hitzez behintzat espazio berri bat lagatzeko konpromisoa duela esan arren, iazko apirilean, hauteskunde batzuen atarian, emakumeei eskaini zien Amara kaleko lokalaren gainean zalantzak sortu dira epeak ez direlako, antza, aurreikusitakoak.

Horrela informatu zaigu, gure harridurarako, urrian egindako Berdintasun Kontseiluan: zinegotzi delegatuak baieztatu arren Amara kaleko kokapenak mahai gainean segitzen duela, promozioak atzerapena duela ikusita, jabetza pribatuko lokal bat eskaini zaio Emakumeen Etxeari. Hortaz, Emakumeen Etxeak bi aukeren artean erabaki behar du. Hala, epeen inguruan eta prozesuaren beraren inguruan bermeak exijitzen ditugu, lasaitasunez egin dezaten. Hainbeste denbora zain egon ostean, orain haiei presa sartzea ez litzateke ez zilegi ez justua izango.

Eta hemen komeni da testuingurua jartzea. Alde batetik, Amara kaleko lokala bertan sustatuko den promozio pribatu baten baitan kokatzen da. Lursaila publikoa da baina Udalak 7,5 milioi eurogatik salduko du % 100 etxebizitza pribatuak egiteko. Ordea, Udalak espazio hau erreserbatuko luke Emakumearen Etxearentzat. Beste aldetik, berriki eskaini zaien aukera dago: jabetza pribatua duen lokal bat, Lizarra kalean. Lekuak irisgarritasun arazoak ditu eta espazioak lanerako egokitzeko bi milioi eurotik gorako kostua duen obra exijitzen du. Jakin dugunez, San Bartolome Muinoa SA sozietatea da jabea eta hiriko higiezin agentzia ezagun batean dago salgai 965.000 eurogatik.

«Eta elementu horiek guztiak kontutan hartuta, jakina, ez da harritzekoa Emakumeen Etxearen kokaleku berria Amara kalean izan ez dadin eragin duten arrazoien inguruan zalantza egitea», adierazi du prentsa agerraldian Izar Hernando zinegotziak. EH Bildutik susmoa dugu atzerapenaren arrazoia ez ote den Emakumeen Etxea promozio urbanistiko horretatik ateratzea, errentagarritasun ekonomiko altuago bat lortzearen alde.

Etorkizuna leku estrategiko batean

Emakumeen Etxearen kokaleku berriaren bueltan etengabea den ziurgabetasunaren aurrean zerbait argi badugu, ondorengoa da: egoera honek ez luke Emakumeen Etxea oraindik eta gehiago kaltetu behar, eta beraz, erraztasunak eman behar lituzke Eneko Goiaren Udal Gobernuak. Batetik, bi lokalen arteko erabakia hartzeko malgutasun osoa emanez, eta bigarrenik, egungo zerbitzua hobetzera begirako inbertsioak mantenduz eta handituz. “Eta zergatik ez, egun aukeren artean dauden bi lokalez gain (Amara kalekoa eta Lizarra kalekoa) beste aukerarik otuz gero, Emakumeen Etxeak izan behar luke hori mahai-gaineratzeko aukera ere. Izan ere, Emakumeen Etxeak badu nahikoa zilegitasun eta meritu hainbeste urtez behin-behineko egoeran egonik ere, hirian betetzen duten paper ezinbestekoa betetzen jarraitzeko”, proposatu du Hernandok.

Pasa den astean 2025erako Aurrekontuen proposamena aztertzeko Ogasun batzordeetan ere gaiaz galdegin dugu, besteak beste, Amara kaleko atzerapenaren zergatia azaltzeko (EAJk eta PSEk argitu gabe segitzen dute), eta datorren urterako aurreikusita dagoen 50.000 euroko diru partidaren helburuaz galdetzeko. Dirudienez, balizko proiektu berria erredaktatzeko izango da. Diru partida berbera aurreikusita zegoen 2024 honetarako eta, ordea, ez da ukitu.

Guk ordea, EH Bildutik, erantzunik jaso ez zuen proposamena jarri genuen batzordeetan mahai gainean: datorren urterako Emakumeen Etxe berria ez badago, baliatu dadila diru hori gaur egungo kokapenean hobekuntzak egiteko eta izan dadila partida plurianual bat zerbitzua hobetzeko Etxe berria ez dagoen bitartean.

Gogoratu behar da EH Bilduk proposamen bat jarri zuela mahai gainean aurreko legealdian, ondo aztertu eta landu zena; Emakumeen Etxearen baitan kontsentsua lortzeko gai izan zen. Suhiltzaileen egoitza zaharra, Easo kalean, begi onez ikusten zuten bai langileek baita erabiltzaileek ere, baina bide hura eten egin zen Udal eta Foru hauteskundeetarako kanpaina bete-betean Udal Gobernuak Amara kaleko aukera aurkeztu zuenean. Gaur gaurkoz, pausuak eman gabe segitzen dute eta noiz izango den posible ere ez dakite. Bi aukerez harago, beste kokapen batzuk aztertzearen aldekoak gara eta, zentzu horretan, EH Bildutik uste dugu leku estrategikoak proposatu behar direla, irisgarriak direnak eta ikusgarritasun aldetik balio erantsi bat emango diotenak emakumeen proiektuari. Hiri bezala
konpromiso bat berretsi ez ezik, erakutsi behar dugu.

Aukerak aukera, Emakumeen Etxea eta berau osatzen duten emakumeak entzun eta erabakia modu justuan eta lasaian hartu ahal izatea eskatzen dugu. Presarik eta presiorik gabe. EH Bildutik haien ahotsa errespetatuko dugu eta prozesuan behar duten aholkularitza eskainiko diegu.

Gauzak honela, ostegun honetan kontrol mozioa defendatuko dugu Emakumeen Etxearen egoitzaren eta baliabideei buruzkoa, eskaera hauekin:

1. Emakumeen Etxeak kokalekuaren inguruan erabakia hartzeko epeak eta baldintzak malguak izan daitezen. Eta, Emakumeen Etxeak hartuko duen erabakia errespeta dezan, ahalik eta lasterren erabaki hori egikaritzera konprometituz.

2. Udal Gobernuak azalpenak eman ditzan Emakumeen Etxea Amara kalean kokatzeari alternatiba eskaintzeko zergatien inguruan.

3. Udal Gobernuak Emakumeen Etxea behin-behineko kokalekuan izan bitartean jarrai dezala inbertsioak egiten, egun zerbitzuak emateko dauden baldintzak hobetu daitezen.

4. Udal Gobernuak aukera eman dezala Emakumeen Etxearen kokaleku berrirako egokiak izan daitezkeen lokal berriak proposatzeko.